Auzitegi Gorenak (AG) 16 urte baino gehiago behar izan ditu gai honi buruzko egungo jurisprudentzia zuzentzeko, hau da, lan ordainduaren eta ezintasun iraunkor absolutuaren edo baliaezintasun handiaren arteko bateragarritasunari buruzkoa. Salako Osoko Bilkuran egin du, 2024ko apirilaren 11ko epaian, landu beharreko auzi juridikoaren garrantziaren jakitun.
Egitatezko kasua, zeinaren azterketak eta planteamenduak irizpide-aldaketa eragin baitu, ez da berria; hain justu ere, zehaztu behar da ea bateragarriak diren ONCEko langile batek baliaezintasun handia aitortua izatea eta erakunde horretan kupoiak saltzen jarraitzea.
Are gehiago, auzia aspaldikoa da, jurisprudentziak ulertu baitzuen lehenagoko 141.2 LGSS/94 artikuluak, gaur egungo 198.2 GSAOk, honako hau xedatzen duela: «Ezintasun iraunkor absolutuaren edo baliaezintasun handiaren kasuan, biziarteko pentsioek ez dute eragotziko ezindua jardueraren batean aritzea, irabazizkoa izan edo ez, baldin eta jarduera hori haren egoerarekin bateragarria bada eta ez badu haren lan-gaitasunean aldaketarik eragiten berrikuspenaren ondorioetarako». Artikulu hori Gizarte Segurantzaren legediak oinarri dituen printzipio orokorren eta Kode Zibileko 3.1 artikuluak aipatzen duen errealitate sozialaren arabera interpretatu beharko litzateke. Horren ondorioz, ulertu beharko litzateke ezen legegilea, ezinduaren egoerarekin bateragarriak diren irabazi asmozko edo irabazi asmorik gabeko jarduerez hitz egiten duenean, lan marjinal eta garrantzirik gabekoez ari dela soil-soilik; hots, garrantzi gutxiko lanez. Izan ere, araua bestela ulertzeak sistema osoa eta Salaren doktrina erabat haustea ekarriko luke, Salak behin eta berriz adierazi baitu baliaezintasun iraunkor absolutuko egoera batean langileak eragozpenak dituela edonolako jarduera egiteko, jarduera hori arina eta mugimendu gutxikoa izanda ere. Bestela interpretatzeak sistemarekiko erabateko kontraesana ekarriko luke, eta horrek, ondorioz, absurdora eraman (1985eko abenduaren 20ko AGE).
Hala ere, geroago, Auzitegi Gorenaren Epai (AGE) bitik aurrera (2008ko urtarrilaren 30eko RCUD 480/2007 eta 2013ko urriaren 16ko RCUD 907/2012; azken hori, gainera, ONCEko kupoien salmentarekin lotuta), adierazi dute GIa besteren konturako lanarekin bateragarria dela. Doktrina hori Auzitegi Gorenaren Epai ugaritan errepikatu da, GIa eta IPA bereizi gabe; adibidez, hauetan: 2009ko apirilaren 23ko doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa (RCUD 2512/2008), 2009ko abenduaren 1ekoa (RCUD 1674/2008), 2013ko martxoaren 19koa (RCUD 2022/2012), 2016ko apirilaren 25eko 450/2018 AGEa (RCUD 2322/2016) eta, berrikiago, martxoaren 20ko 233/2019 AGEa (RCUD 2648/2017).
Auzitegi Gorenak ulertzen du interpretazio-irizpide hori alde batera utzi eta ezintasun iraunkorreko prestazioen eta norberaren edo besteren konturako lanaren arteko bateragarritasun-erregimena arautzen duten arauak modu egokiagoan interpretatu behar direla, begirune handiagoz jokatuz lege-arauen hizkerarekin eta horien eta Gizarte Segurantzaren sistemaren helburuekin, eta aintzat hartuz Kode Zibilaren irizpide hermeneutikoak; bereziki, arauak aplikatu beharreko garaiko errealitate soziala.
Auzitegiak aitortu du bateragarritasun hori aurreko jurisprudentziako baldintza beretan onartzeak, zeinak sententzia honetan zuzentzen baitituzte, askotan ekartzen zuela, besteren kontura lan egiteari lotuta, ezintasuna onartua zuen pertsona batek langabezia-prestazioa jasotzen zuen langabe batek egin zezakeen lan bat egitea eta lehenak jasotzen zuen prestazioa lan berri horrekin bateragarria ez izatea. Horrela, onuradunak lanaren errenta jasotzen jarraitzen zuen, eta Gizarte Segurantzak bi prestazio ordaintzen zituen: baliaezintasunaren ondoriozkoa eta langabeziaren ondoriozkoa. Horrek gizarte-babeserako prestazio publikoen logikaren eta iraunkortasunaren kontra egiten du, eta baita Gizarte Segurantzaren ikusmolde konstituzional eta legalari eragiten dion elkartasun-printzipioaren aurka ere; izan ere, kasu horretan, edozein lanbide edo ogibidetan aritzeko legez ezinduta dagoenak pentsio publikoa eta berak egiten duen lanetik eratorritako errentak bateratzen ditu.
Auzitegiak berak zazpi arrazoi eman ditu hasierako interpretaziora itzultzeko; besteak beste, ezintasun iraunkorra erregulatzen duten arauen hitzez hitzezko interpretazioa, interpretazio sistematikoa, prestazio guztien helburu generikoa (hots, beharrizan-egoeran dauden afiliatuei diruz laguntzea) eta pentsioaren funtzioa, alegia, jada lan-jarduera baten bidez lortu ezin diren soldata-errentak ordeztea.
Aipamen berezia merezi du, berritzailea baita, teknologia berriei egiten zaien aipamenak, adieraziz baliabide horrek ezgaitasun-sistemaren berrikuspena bermatzen duela, onuradunaren gaitasunak sustatzeari eta hark bere ahaleginaren bidez errenta duinak lortzeari dagokionez, alde batera utzita pentsio publikoaren helburua zela existitzen ez ziren errentan ordeztea.
Susana Castaños del Molino
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko Abokatua