logo-ekfb
Itzuli

Automobilismoa: Euskal Selekzioa automobil-talde berria, Joseba Iraola pilotua buru

Nazioarteko probetan lehiatzen ari da dagoeneko, UFDV-EKFBren, Euskadiko Automobilismo Federazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker.

Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Euskadiko Automobilismo Federazioak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Euskal Selekzioa automobilismo-talde berria sortzea ahalbidetu dute. Joseba Iraola pilotua du lider, eta Euskadi ordezkatzen du mendi-lasterketen Europako Txapelketako nazioarteko zenbait probatan.

Aurkezpen-ekitaldia Bilboko Itsasmuseumeko zabaldegian egin zen; Ángel Gurrutxaga UFDV-EKFBko lehendakariak eta pilotuak berak parte hartu zuten, ilusio handiz.

«Azkenean iritsi da proiektu polit hau argitara ateratzeko eguna. Aurkezpen honetan urduriago egon naiz Frantzian egindako lehen lasterketan baino. Oso pozik gaude. Orain, probetan zentratuko gara. Gure helburua txapelketa osoa egitea da. Frantsesak eta italiarrak dira erreferentzia, eta, nire aldetik, ahal dudan guztia egingo dut. Top 3ren bat ideala litzateke, proba batzuetan podiumera igotzeko borrokatuko gara. Euria egiten duen edo ez duen egiten, alde handia izango da guretzat. Munduko Txapelketan, goian egon gaitezkeela erakutsi genuen», laburbildu zuen Iraolak aurkezpenean.

Presentación nueva escudería de automovilismo Euskal Selekzioa
Euskal Selekzioa automobilismo-talde berria

Euskal Selekzioa automobil-taldearen proiektu honen liderra Joseba Iraola Balmasedako pilotua (39 urte) da, Espainiako Mendiko txapelduna. Iraolak 100 lasterketa baino gehiago irabazi ditu hamabi urtean –Jaizkibelgo igoera, bost aldiz–, eta bosgarren izan da 2021ean, Portugalgo Munduko Mendiko Txapelketan. 2022ko lehen lasterketa, Aiako igoera, irabazi zuen, marka berria ezarrita. Eta Europako Txapelketako lehen hitzorduan debuta egin zuen, apirilaren 8an eta 9an, Frantzian (Saint Jean du Gard-Col Saint Pierre). Proba horretan, Joseba Iraolak lehen aldiz defendatu zituen Euskal Selekzioaren koloreak. Gainera, Portugalen, El Fitoko Nazioarteko Igoeran (Espainia), Txekiar Errepublikan, Italian, Suitzan, Eslovenian eta Kroazian ere lehiatuko da. “Lehenengo lau edo bosten artean geratu nahi dut, baina ikusiko dugu. Errepideak zure lekuan jartzen zaitu”, esan du Iraolak.

Joseba Iraolak, txirrindulari izan ondoren, lehiaketaren bidea hartu zuen, baina oraingoan lau gurpileko ibilgailu motordunen gainean. Lehen urtean Espainiako Txapelketan izena eman zuen, eta lehen lasterketan kategoria goreneko podiumera igo zen. Asier Lasa eta Endika Garairekin, Espainiako Mendiko Txapelketa irabazi zuen 2016an. 2017an ezin izan zuen titulu hori defendatu, istripu larri bat izan zuela eta. Autoak su hartu zuen eta gidariak erredura larriak izan zituen. Ondoren, 2018ko Espainiako Mendiko Txapelketako kategoria gorenean lehiatu zen, eta Norma M20 barketa baten bolanteari eutsita nagusitu zen berriro. Unerik onena izan zuen ordukoa, Javier Villaren aurkako buruz buruko borrokan irabazi baitzuen.

Bestalde, Ángel Gurrutxagak, Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasuneko lehendakariak, honako hau nabarmendu zuen:

Joseba Iraola pilotua eta Ángel Gurrutxaga, UFDV-EKFB lehendakaria

«Gure erakundeak aurreratu zuen helburu nagusietako bat euskal selekzioen sustapena dugula. Zenbait modalitatetan urratsak egiten ari gara, eta orain automobilismoan egin ditugu. Joseba Iraola izango da gure enbaxadorea nazioarteko hainbat probatan. Nor bera baino hobe modalitate honetan gu ordezkatzeko?».

Joseba Iraolak esan du, Christian Merli italiarrak irabazi zuen lehen lasterketa haren ondoren,

«etxeko lanak erdi eginda” geratu zela, “ezin izan genuelako punturik lortu. Lehen lasterketa ofizialean izotz-kontrakoaren mahuka bat irten zen, gurpila likidoz bete zuen eta tronpo bat egin genuen laugarren martxan. Zorte handia izan genuen. Gero, azken lasterketa ona izan zen, laugarren denborarik onena genuen. Argi zegoen ezbehar hori gertatu izan ez balitz, podiumera igotzeko borrokan izango ginela, helburu horrekin amets egiten baikenuen. Oso pozik gaude taldearekin, oso ondo baitabil. Borrokatzera etorri gara».

Joseba Iraola pilotua

Lotutako berriak