Autonomoek ezin izango dute telelanaren ondoriozko hornidura-gasturik deskontatu, hala nola argindarra eta internet, telelanean aritzearen zergatia noizbehinkako egora bat bada; pandemia, esaterako.
Hala ebatzi du Zergen Zuzendaritza Nagusiak (V3461-20 Kontsulta Loteslea, 2020ko azaroaren 30ekoa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergen Zuzendariordetza Nagusiak emana).
Kontsultaren egilea autonomo gisa jarduera ekonomikoa duen langile bat da, ohiko bizitokitik kanpoko bulego batean aritu ohi dena. Jardueraren etekin garbia zuzeneko balioespen-metodoaren bidez kalkulatzen da.
COVID-19ak sortutako egoera dela-eta, ez da egunero joaten bulegora. Horren ordez, bere etxean egiten du lan, eta, hortaz, eremu profesionalaren barruan erabiltzen ditu zenbait hornidura (argindarra, Internet, etab.). Ondorioz, horien gastua handiagoa da ohikoa baino, eta horregatik galdetu du langileak ea hornidura horietatik eratorritako gastuak deskontatzeko aukera duen.
Zergen Zuzendaritza Nagusiak erantzuna eman dio kontsultari, eta gogora ekarri du zer dioen, bere 30.2.5.b) artikuluan, azaroaren 28ko 35/2006 Legeak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, Sozietateen gaineko zergak partzialki aldatzekoak, Ez-egoiliarren gaineko Errentari buruzkoak eta Ondareari buruzkoak (azaroaren 29ko BOE). Honakoa ezartzen du arau horrek:
“5. Etekin garbia zuzeneko balioespenaren bidez kalkulatzean, hauek joko dira gastu kengarritzat:
(…). Zergadunaren ohiko bizitokia jarduera ekonomikoari partzialki lotuta dagoen kasuetan, bizitoki horri dagozkion hornidura-gastuak, hala nola urarena, gasarena, argindarrarena, telefoniarena eta Internetena. Zenbatekoa ezartzeko, jarduerarako baliatzen diren bizitokiaren metro koadroen eta haren azalera osoaren arteko proportzioari ehuneko 30eko portzentajea aplikatuko zaio, portzentaje horrek handiagoa edo txikiagoa izan behar duela frogatzen den kasuetan izan ezik”.
Hortaz, Zergen Zuzendaritza Nagusiak ondorioztatzen du, araudi horren arabera, zergadunaren ohiko bizitokiko zenbait hornidura jarduera ekonomikoari atxikitako gastu kengarritzat hartu ahal izateko beharrezkoa dela ohiko bizitokia jarduera horri lotuta egotea partzialki.
Ez da halakorik gertatzen azaldutako kasuan. Izan ere, bizitokia ez dago jarduerari partzialki lotuta, eta jarduerarako erabiltzearen arrazoia noizbehinkako eta salbuespenezko egoera bat da. Ondorioz, ezin izango dira deskontatu kontsultan aipatutako hornidura-gastuak (ura, argindarra, Internet…).
Bizitokia jarduera ekonomiko edo profesionalari partzialki lotuta egoteak baizik ez du aukera ematen erabilitako horniduren gastua dagokion proportzioan deskontatzeko.
Cristina Cearra.
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
