Auzitegi Gorenak, 2022ko urtarrilaren 26an eman berri duen epaian, enpresei aukera eman die, lanbide arteko gutxieneko soldata igotze aldera, antzinatasun-plusak irensteko; hala, langilearen soldata osatu eta kopuru horretara irits daiteke. Beraz, soldata-osagarriak langileen Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren zatitzat hartu behar dira.
Epai horretan, 2019rako lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzen duen abenduaren 21eko 1462/2018 Errege Dekretua interpretatzeko zegoen arazo nagusiki juridikoa ebatzi du, bai eta, zehazki, epaian eztabaidatzen den kasuan, Kataluniako adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako lantegien sektoreko VII. Hitzarmen Kolektiboaren eremuan duen aplikazioa ere.
Kontua da erabakitzea ea, aipatutako hitzarmenak bermatzen duen lanbide arteko gutxieneko soldata benetan jasotzen dela bermatzeko, kategoria horretako soldata espezifikoaren gainean jardun behar den, eta 2019rako arauz ezarritako gutxieneko soldata berriaren aldea gehitu ala, aitzitik, hitzarmenean jasotako soldataren zenbatekoak barne hartu behar duen langile bakoitzak hirurteko gisa jasotzen duen zenbatekoa, eta ateratzen den kopuruaren gainean, lanbide arteko soldata berria betetzeko falta dena gehitu.
Gai hori ebazteko, hitzez hitz hartu behar dira arau hauek:
Langileen Estatutuaren 26.5 artikuluak ezartzen duenez, «Urte osoan benetan ordaindutako soldata guztiak batera hartu, eta arauetan edo hitzarmenetan finkatutakoak baino hobeak badira langileentzat, konpentsazioa eta xurgapena gertatuko dira».
Langileen Estatutuaren 27. artikuluaren 1. apartatuaren azken paragrafoaren arabera, «Lanbide arteko gutxieneko soldata berriro aztertzen denean, horrek ez die eraginik sortuko lanbide-soldaten egiturari eta zenbatekoari, batera hartuta eta urtekoa kontuan dela, hura baino handiagoak badira».
Bi arau horiek hitzez hitz hartuta, Auzitegi Gorenak ondorioztatu du lanbide arteko gutxieneko soldata gisa ezarritako zenbatekoa benetan jasoko dela ziurtatzeko, lehen jasotzen zuten oinarrizko soldata gehi langileek hirurteko bakoitzeko jasotzen zuten zenbatekoa 2019ko lanbide arteko gutxieneko soldatan finkatutako zenbateko berrietara heldu arte osatu beharko dela; izan ere, guztira eta urteko zenbaketan, 2019ko Errege Dekretu berrian ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldata berriak ordezkatu zuen aipatutako arau-esparru berrian ezarritakoak baino txikiagoak ziren.
Arauaren helburuaren ikuspegitik, Auzitegi Gorenak adierazi du arauaren bidez besteren konturako langileentzako gutxieneko soldata-berme bat ezarri nahi dela; langileok urteko zenbaketan 12.600 euro jasotzeko eskubidea dute kontzeptu guztiengatik.
Ondorioztatu duenez, sindikatuen tesia onetsiz gero, lanbide arteko gutxieneko soldataren berrikuspena lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik dauden oinarrizko soldatako hitzarmen kolektibo guztietara zabalduko litzateke. Modu horretan, denbora-unitateko oinarrizko soldata edo soldata finko bihurtuko litzateke langile guztientzat eta, ondorioz, erabat aldatuko litzateke berorren izaera juridikoa, eta, gainera, negoziazio kolektiboak soldatak finkatzeko gune natural gisa duen papera urratuko luke.
Aipatu behar da, azterketa honen xede den 2022ko urtarrilaren 26ko Epaiaren ondoren, Auzitegi Gorenak 2022ko martxoaren 29ko (162/2019 errek.) eta 2022ko martxoaren 29ko (60/2020 errek.) epaiak eman dituela gai horri buruz, baina oraindik ez dira argitaratu.
2022ko urtarrilaren 22ko Epaiak azaldutakoaren arabera, antzinatasun-osagarriagatik irabazitakoa langile arteko gutxieneko soldata berriarekin alderatu beharreko soldataren zati da; bestalde, 2022ko martxoaren 22ko Epaiak (162/2019 errek.) arau hori soldata-osagarri guztietara hedatu zuen (baita sari aldakorretara ere). Auzitegi Gorenaren 2020ko martxoaren 29ko Epaiak (60/2020 errek.) gauza bera egin zuen, eta soldataz kanpoko hartukizunak arautik kanpo geratzen direla ohartarazi zuen.
María José Marcilla
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua
