
2018ko urtarrilaren 18koa, Jose Manuel López García de la Serena jauna txostengilea duen 2853/2015 DBKEn emandakoa.
ALDIZKAKO LANGILE FINKOEN ANTZINATASUNA ZENBATZEAN, HITZARMENAK BESTELAKORIK ADIERAZI EZEAN, JARDUERA GABEKO EGUNAK KENDU BEHAR DIRA
Egitatea honako hau da: Zerga Administrazioko Estatu Agentziak lan-kontratu jakin batzuk sinatu ditu aldizkako lan finkoak, mugarik gabe, egiteko, errenta-kanpainaren aldizkako jarduera ziklikoaren barruan; lan horiek 1-5 hilabete arteko iraupena izaten dute, agentziaren beharren arabera.
Langile talde batek, prestazio ekonomikorako (antzinatasuna eta hirurtekoak) eta lanbide-sustapenerako eskubideak eskuratzen dituzten data zehazteko orduan, zerbitzu-prestazioko denbora gisa lan-harremanaren denbora osoa zenbatzeko eskatu zion enplegatzaileari. Enplegatzailea, ordea, ez dator bat irizpide horrekin; bere iritziz, izan ere, langileei deitu zieten ondoz ondoko kanpainetan benetan egindako zerbitzuena baino ez zen zenbatu behar zerbitzu-prestazioko denbora gisa.
Lan arloko epaitegiak –langileen erreklamazioa lehenik aztertu duenak– haien uzia baietsi zuen, eta Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiak, 2015eko maiatzaren 15eko epaian, zati batez baietsi zuen Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren (ZAEA) errekurtsoa; hala bada, onartu egin zuen sustapen ekonomikorako eskubideetarako eskatutakoa, kontratu-lotura hasieratik baitago indarrean, zerbitzuak emateko denbora nola banatzen den alde batera utzita; ez zuen hori onartu, ordea, sustapen profesionala zenbatzeko, benetako zerbitzu-prestazioan denbora gehiago egoteak ematen duen gaitasun profesional handiagoan oinarritzen baita azken hori.
Auzitegi Gorenak Agentziaren kasazio-errekurtsoa baietsiko du, lehenik eta behin, oinarrizko azterketa bat oinarri hartuta, –aplikatu beharreko Hitzarmen Kolektiboarena, alegia–, hori baita soldataren eta haren osagarrien zenbatekoa autonomia osoz arautzen duen araua, betiere lansarien arloko beharrezko zuzenbideko legezko minimoak errespetatzen badira. Aztertu egin ditu, era berean, lanaldi partzialeko kontratuaren eta aztertutako kontratuaren –hau da, «aldizkako kontratu finkoa»ren– artean dauden diferentziak, eta bereizi benetako zerbitzuen prestazioa eta aldizkako kontratu finkoaren indarraldia (haren hasierak zehaztuta). Zerbitzu-prestazioaren denbora errealaren eta kontratuaren indarraldi-egunaren arteko bereizketa hori jasota dago langile erreklamaziogileei aplikatu beharreko hitzarmenean, eta hitzarmenean diferentzia hori egon ezean, Auzitegi Gorenak eginiko interpretazioa kontuan hartu beharko da.
Auzitegi Gorenak «antzinatasun-sari»aren zentzua aztertu du, zeinaren xedea baita langileak enpresan emandako denbora saritzea, enplegu-egonkortasunarekin batera esperientzia handia lortzen duelako; eta leialtasuna ere saritu nahi du (hots, enpresaz ez aldatzea; hartutako ezagutzak beste batera ez eramatea, alegia). Halaber, baztertu egin ditu desberdintasunari eta proportzionaltasunik ezari buruzko argudioak (aldizkako langile finkoei langile finkoen edo lanaldi osokoen, edo partzialekoen, aldean tratamendu ezberdina emateak eragingo lukeena), behin eta berriz berretsitako konstituzio-doktrina baita egitezko eta zuzenbidezko egoera berberei tratu ezberdina ematen zaienean baino ez dela urratzen Konstituzioaren 14. artikulua, baina ez, aldiz, egoera ezberdinek tratu ezberdina jasotzen dutenean, hori izanik aztergai dugun kasua; are gutxiago aldizkako langile finkoei antzinatasun-osagarria ez zaiela kentzen kontuan hartuta, baizik eta, besterik gabe, hori zenbatzeko beste sistema bat ezartzen dela. Sistema hori, azken batean, zerbitzu-prestazioaren denboraren araberakoa da, eta, Auzitegiaren iritziz, ezin zaio tratamendu hobea eman aldizkako langileari urte osoan lan egiten duenari baino, benetan lanean denbora gutxiago egonda Hitzarmen Kolektiboak antzinatasun handienari emandako onurak lortuko bailituzke.
Auzitegi Gorenak aldizkako lan finkoaren kontratu horren gaineko azterketa osoa egiten du, hortaz, haren izaerari dagokionez, eta interpretazio-irizpide garrantzitsuak ematen ditu lan-harreman horren barruan sor litezkeen gatazkak konpontzeko.
