Itzuli

Auzitegi gorenaren lehen epaiak pertsona juridikoen erantzukizun penalaren inguruan

Auzitegi Gorenak 2016-02-29an (1011/2015 errek.) eta 2016-03-16an (1535/2015 errek.) eman dituen bi epaiek doktrina ezartzen dute gure Zigor Kodearen 2015eko lege-erreformaren ondorioz iritsi den erregulazio berri horren inguruan.

Aipatutako lehen epaiak zenbait enpresak jarritako errekurtsoa aztertzen du. Enpresa horiek delitu bat egiteko bitartekoa izategatik kondenatu zituzten. Haietako biri desegiteko zigorra eta isuna ezarri zaie; hirugarren bati Espainian bost urtez merkataritza-jarduerak egitea debekatu, eta isuna ezarri zaio, osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta (droga-trafikoa). Auzitegi Gorenak kondena berresten du, honako honetan oinarri hartuta:

 

–       Egin den delitua haren gertaleku izan den pertsona juridikoari erantzukizun penala sor liezaioketen arau-hausteen lege-katalogokoa da.

–       Delitu hori egin duten pertsona fisikoak pertsona juridikoaren kide dira, kasu honetan zuzenbideko eta egitatezko administratzaile gisa.

–       Kondenatutako pertsona juridikoek ez zuten batere baliabiderik delituak prebenitzeko.

 

Bestalde, aipatutako bigarren epaiak higiezinen bitartekotzan aritzen den SM baten errekurtsoa aztertzen du. SM horri isun bat ezarri diote, eta bere lokala 6 hilabetez ixteko zigorra, maula-delitu bat leporatuta. Kondenatutako elkarteak defentsarik eza alegatu zuen bere errekurtsoan; auzian ez zituztela modu formalean inputatu argudiatu zuen, beren parte-hartzearen berri behin-behineko konklusio-idazki baten bitartez izan zutela, eta instrukzio kriminalean ez zitzaiola beren legezko ordezkariari entzun. Auzitegi Gorenak SMaren errekurtsoa onartzen du, eta kondena orotatik absolbitzen du, defentsarako haien funtsezko eskubidea urratu zelako, ez baitzitzaion aukerarik eman, instrukzioan zehar, bere legezko ordezkari eta defentsak pertsona juridiko inputatu gisa deklaratzera dei zezan, berme guztiekin.

 

Auzitegi Gorenaren 2016-02-29ko epaian nabarmendu beharreko doktrina:

 

–       Pertsona juridikoaren jokabidea zehaztea garrantzitsua da bere erantzukizun penala baieztatzeari begira, 2015eko erreformaren ondoren. Analisi honetatik abiatu behar da:

 

  • pertsona fisikoak egindako delitua Zuzenbidearen aurreko errespetuaren kulturagabeziak ahalbidetu edo erraztu badu, eta ulertzen badugu zuzenbidearen aurreko errespetuaren kultura horrek
    • pertsona fisikoaren antolamendu-egituraren jokabidearen inspirazio-iturri izan beharko lukeela;
    • berau osatzen duten pertsona fisikoetatik bakoitzaren jokabidetik apartekoa beharko lukeela izan,
    • eta, izatekotan, bere zuzendari eta mendeko hierarkikoen jokaeraren ikuskatze eta kontrol modu zehatzen batean gauzatu beharko litzatekeela, halakoek delituak egitea saihesteko.
  • Pertsona juridikoaren erantzukizunaren muina delituak saihesteko kontrol-neurri egokirik ez izatea da, hau da, araua betetzeko borondatea agertzen duten kontrol-neurririk ez edukitzea, «compliance» edo «betetze-eredu» izenekoak zehazki , horiexek eskatzen baitira inguruabar salbueslea aplikatzeko.
  • Estatuko Fiskaltza Nagusiaren 1/2016 Zirkularraren berri ematen du. Zirkular horrek behin baino gehiagotan eta espresuki aipatzen ditu «enpresa-kultura etikoa»«legearekiko errespetuzko kultura korporatiboa»«betetze-kultura» eta abar;  pertsona juridikoaren barruko delituak prebenitzeko mekanismoen berri ematen dutela aitortzen die, eta pertsona juridikoaren erantzukizun penala zehazterakoan datu erabakigarri gisa aipatzen ditu, erantzukizun-salbuespenaren auziari begira.

 

–       Beste galdera bati ere erantzuna eman nahi zaio: ea zer araubideren arabera izendatu behar den nortasun juridikoaren erantzukizun penal posiblea epaituko den prozeduran pertsona juridiko horren ordez arituko den pertsona fisikoabaldin eta interes prozesalen gatazka bat gertatuko balitz delako ordezkaritza-funtzioak (ordezkariak eta administratzaileak) burutzera legalki deituta leudekeenen eta pertsona juridikoaren beraren interes independenteen artean, eta horrek, aldi berean, hirugarrenen eskubideei ere eragin baliezaieke, hala nola langileei, hartzekodunei, akziodun minoritarioei eta abarri.

 

Hori dela eta, Auzitegi Gorenak dei egiten du epaileek eta auzitegiek eragotz dezaten pertsona juridikoaren kontrako prozesu penalean ordezkari gisa jardutea erantzukizun penala ekarri dion delituaren erantzule posible gisa ere akusatuta dauden pertsona fisikoetako batek.

 

–       Legezko exijentzia da delitu-jarduketaren ondorioz pertsona juridikoarentzat «probetxu» edo «onura» bat egotea, haren erantzukizun penala burutu dadin. Exijentzia hori edozein motatako onurari buruz ari da, baita igurikimen hutsei buruz ere, hala nola beste lehiakide batzuekiko egoera hobetzeari, baldin eta ordezkariak, administratzaileak edo mendeko hierarkikoak egindako delituaren gertalekua den pertsona juridikoaren irabaziei edo iraupen soilari begira onuragarria bada.

 

Auzitegi Gorenaren 2016-03-16ko epaian nabarmendu beharreko doktrina:

–       Pertsona juridikoen erantzukizun penala ezin da baieztatu pertsona fisikoari egotzitako delituzko egitatea frogatze hutsetik abiatuta. Baztertu egiten da honako tesi hau: loturazko izaera (pertsona fisikoak egindako delitua) frogatutakoan, badela, besterik gabe, antolaketa-akats bat izan delako presuntzioa.

 

–       Pertsona juridikoak «kasuaren gertakariak kontuan hartuta, gainbegiratzeko, zaintzeko eta kontrolatzeko dagozkion egitekoak larriki bete ez direnean» bakarrik erantzungo du. Hori dela eta, pertsona juridikoa ez da sozietate-jardueretan bere onura zuzenerako egindako delitu bakoitzaren eta guztien erantzule penala izango, ezta erantzukizun penaletatik kanpo geratzen diren ez-betetze ez hain larri edo arinen ondoriozkoak izan direnean ere.

 

–       Pertsona juridikoei zigor posibleak ezartzeak (isuna, pertsona juridikoa behin betiko desegitea eta galtzea, etetea, lokalak edo establezimenduak ixtea, desgaikuntza eta kontu-hartze judiziala) Fiskaltzari exijitzen dio beste edozein zigorren jatorria justifikatzeko eskatzen zaion frogatzeko ahalegin bera egitea.

 

–       Jakina, pertsona juridikoa inputatzeak ezin du alboratu pertsona fisikoari egotzitako erreferentziako delitua, baina haren ikerketan jarri beharko da arreta, egiturazko ikuspegi batetik. Beraz, kontrol- eta kudeaketa-mekanismoen gabezia ahalbidetu duten eta enpresan kriminaltasuna eragozteko prebentziozko sistemen lasaikerian eragin erabakigarria izan duten antolamendu- eta egitura-osagai horiei buruzko ikerketa izango da.

 

–       Hori dela eta, kudeaketa-, zaintza- eta gainbegiratze-ereduen egiturazko gabezia delitu korporatiboaren erantzukizunaren oinarria den neurrian, errugabetasun-presuntzioaren eskubidea indarrean egoteak ezartzen du gainbegiratze-egitekoak larriki bete ez direla egiaztatu behar duela akusazioak.

 

–       Ikertua den pertsona juridikoak, nolanahi ere, egokitzat jotzen dituen neurri frogagarri guztiak –aditu bidezkoa, agiri bidezkoa, lekuzko bidezkoa– baliatu ahal izango ditu, bere funtzionamendu zuzena frogatzeko, legea betetzeari dagokionez.

 

–       Pertsona juridikoaren erantzukizun penalaren konplexutasunak ezinezko egiten du kasu guztietarako erabil daitekeen doktrina bat sortzea, eta beraz, kasu bakoitzak banako trataera izan beharko du.

 

Jose Angel Moral. Mutualiako lege aholkularitzako abokatua

Lotutako berriak