Itzuli

Azaroaren 18an, ANTIBIOTIKOAK ZUHURTZIAZ ERABILTZEKO EUROPAKO EGUNA izango da

Antibiotikoak infekzio bakterianoak prebenitzeko eta tratatzeko erabiltzen diren sendagaiak dira. Antibiotikoekiko erresistentzia gertatzen da bakterioek sendagai horien eraginei aurre egiten dietenean; 3 mekanismoren bidez gerta daiteke: erresistentzia naturala, mutazio genetikoa edo gaitasun hori espezie batzuetatik beste batzuetara aldatuta.

 

Mikrobio aurkako ugarirekiko erresistenteak diren mikroorganismoak multierresistente izenez ezagutzen dira, edo kasu batzuetan, superbakterio izenez, eta osasun publikoan oso arazo handia dira, eta handituz doa. Egun, hori dela eta, urtean 700.000 eta hainbat milioi arteko heriotza gertatzen dira. Amerikako Estatu Batuetan, urtean 2 milioi pertsona infektatzen da antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioekin, eta gutxienez 23.000 pertsona hiltzen da hori dela-eta, herrialde horretan.  2014ko apirileko OMEren txosten batek hau ondorioztatu zuen: «Arazoa jada ezin da etorkizuneko mehatxu larritzat hartu; aitzitik, orain gertatzen ari da eta munduko eskualde guztietan, eta edozein pertsona, edozein adinetan eta edozein herrialdetan infektatzeko gaitasuna du»Horregatik, antibiotikoekiko erresistentzia osasun publikoarentzako mehatxu handienetakoa da, egun, eta arazoak, epe ertainean, minbizia ere gaindituko duela uste da.

Antibiotikoekiko erresistentzia mundu osoan handitzen ari da, maila arriskutsuetan. Egunez egun, erresistentzia-mekanismo berriak agertzen eta zabaltzen ari dira planeta osoan, eta horiek arriskuan jartzen dute gaixotasun infekzioso arruntak tratatzeko gure gaitasuna. Gero eta infekzio gehiago,adibidez, pneumonia, tuberkulosia, septizemia edo gonorrea, gero eta zailagoak dira —eta batzuetan ezinezkoak— tratatzen, antibiotikoek eraginkortasuna galtzen duten neurrian.

Erresistentzia hori mugatzeko neurri prebentiboetako bat da antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzea, hau da, behar denean bakarrik erabiltzea, eta bereziki antibiograma batek germenaren aurka duen gaitasuna egiaztatu duenean. Gizartearentzat funtsezkoa da hezkuntza sanitarioa eta higiene-portaera aldatzea, hainbat neurri hartuta pazienteetan, ospitaleko bisitetan, eta senideetan infekzioak zabaltzea murrizteko, edo bestelako arloetan; adibidez, txertaketa, eskuak garbitzea, segurtasuna sexu-harremanetan eta elikadura-higiene ona.

2014an, OMEk mundu guztiarentzat argitaratu zituen hurrengo gomendio hauek, antibiotikoekiko erresistentziaren hedapena prebenitzeko eta kontrolatzeko:

 

Pazientea bazara Osasuneko profesionala bazara
Hartu antibiotikoak modu arduratsuan.

  • Hartu medikamentuak osasuneko langile ziurtatuak agintzen dizunean bakarrik.
  • Ez eskatu antibiotikorik, baldin eta osasuneko langileek behar ez dituzula esan badizute.
  • Jarraitu beti antibiotikoak erabiltzeari buruzko jarraibideak.
  • Ez erabili inoiz beste pertsona bati sobratu zaizkion antibiotikoak.
  • Aurre egin infekzioei eskuak garbituz, elikagaiak baldintza higieniko onetan prestatuz, gaixoekiko ukipen estua saihestuz, sexu-harremanetan segurtasuna zainduz eta txertaketak egunean edukiz.
Sustatu antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzea.

  • Saihestu infekzioak, horretarako, eskuak, tresnak eta ingurua garbituz.
  • Agindu eta eman antibiotikoak beharrezkoa denean bakarrik, indarrean dauden jarraibideen arabera.
  • Jakinarazi zaintza-taldeei antibiotikoekiko erresistenteak diren infekzioak.
  • Jakinarazi pazienteei antibiotikoak behar bezala nola hartu, farmako horiekiko erresistentzia eta haiek behar ez bezala erabiltzeak dituen arriskuak.
  • Jakinarazi pazienteei infekzioak nola prebeni daitezkeen (adibidez, txertoa hartuz, eskuak garbituz, sexu-harremanetan segurtasuna zainduz edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra estaliz).

 

Mutualiak kanpaina horiekin bat egin du, infekzioak kontrolatzeko eta antibiotikoak behar bezala erabiltzeko jarraibideak emanez, eta horretarako, historia klinikoko dagokion orrian jasotzen dira antibioterapia prebentibo edo terapeutikoko ohar guztiak, eta urtero germenen eta haien erresistentzien azterketa bat egiten da Infekzioen Batzordearen bitartez. Gainera, urtero, gaiari buruzko prozedurak eta jarraibide espezifikoak berrikusten ditugu, zehazki, osasuneko higieneari, profilaxi kirurgikoari eta bakterio multierresistenteen azterketari dagozkionak.

 

Lotutako berriak