bicicleta dibujada en la carretera
Itzuli

Azaroaren 9ko 11/2023 Legea, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriarena

Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legeak betiko aldatuko du gure joan-etorriak egiten ditugun eta bizi garen modua.

2015ean, NBEk Garapen Jasangarrirako Agenda 2030 onetsi zuen: herrialdeek eta haietako sozietateek pertsona guzti-guztien bizitza hobetzeko bide berri bati ekiteko aukera bat. Pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta oparotasuna bermatzeko onetsitako helburu globalak jasotzen dira dokumentu horretan, garapen jasangarrirako agenda berri baten parte gisa.

17 helburu planteatzen ditu agendak, eta 169 helburu espezifiko integratzen ditu, datozen 15 urteetan gauzatu beharrekoak. Guztiok egin behar dugu lan helburu horiek lortzeko: gobernuek, administrazioek, sektore pribatuak eta gizarte zibilak.

Ingurumenari dagokionez, lege honek badu bere tokia. Izan ere, 2050erako klima-aldaketaren Euskadiko estrategiako (2015ean onetsi zen, berotegi-efektuko gasen emisioak epe luzera murrizteko helburuak betetzeko) helburuetako bat da euskal administrazio publikoa arduratsua, eredu eta erreferentea izatea klima-aldaketaren arloan, eta, estrategia horretan jasotzen denez, euskal gizarteko eragile guztien partaidetza lortzeko, Euskal Administrazio Publikoko organo guztietatik ekintza eredugarri bat bultzatu behar da. Horretarako, koordinazio horizontala eta bertikala egin behar da; hau da, Eusko Jaurlaritzako sailen artean nahiz udalekin eta foru-aldundiekin. 2050erako helburuak betetzeko nabarmentzen den jarduera-lerro nagusietako bat da “zero emisio” maila duen administrazio publikoa lortzea, Kyotoko Protokoloan ezarritako malgutasun-mekanismoak eta hura garatzen duten arauak erabili gabe.

Ingurumenarekiko konpromisoa da Euskadiren ezaugarrietako bat, eta, orain, beste urrats bat egin du, Mugikortasun Jasangarriaren azaroaren 9ko 11/2023 Legea onetsita. Lege horren helburua da garraioaren ingurumen-inpaktua murriztea, eta ingurumena gehiago zaintzen duten garraiobideak bultzatzeko ekimen batzuk jarri ditu martxan, hala nola garraio publikoa, bizikleta eta motorrik gabeko beste ibilgailu batzuk.
Lege horrek administrazio publikoen alorreko energia-jasangarritasunaren arauzko oinarriak ezartzen ditu bere 71 artikuluetan, zeina oinarritzen baita autonomia-erkidegoan eta sektore pribatuan eraginkortasun energetikoko neurriak bultzatzean, energia aurreztean eta energia berriztagarriak sustatzean eta ezartzean. Hala, legea ez da mugatzen jarduera-sektore jakin batzuetara: lortu nahi du gizarteak oro har parte hartzea helburu horiek betetzen.


Lantokietan mugikortasun jasangarriko planak bultzatzea da legearen alderdi nabarmenetako bat. Legediaren arabera, Euskadiko enpresa eta erakunde guztiek dute enplegatuen artean garraiobide ez-motorizatuak sustatuko dituen mugikortasun jasangarriko plan bat garatzeko betebeharra. Mutualiak mugikortasun-planaren eredu bat jarri du enpresa elkartuen eskura. Prebentzio Aholkularitzan eska dezakete, prevencion@mutualia.es helbidera idatzita.
Mugikortasun-plan horietan zenbait neurri barne hartu behar dira; besteak beste, garraiobide jasangarriak erabiltzen dituztenentzako pizgarri ekonomikoak, garraio publikoaren erabilera sustatzea eta ibilgailuak partekatzeko sistemak ezartzea. Helburua da automobil partikularraren ordezko aukerak baloratzen eta bultzatzen dituen lan-ingurunea sortzea, errepideetako pilaketak eta gas kutsatzaileen emisioak murrizteko.

Baina Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legea harago doa: mugikortasun-plan horiek Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legean ezarritakora ere egokitzea bermatzen du. Araudi horren helburu orokorra da eraginkortasun energetikoa eta energia-iturri berriztagarrien erabilera bultzatzea autonomia-erkidegoan.
Hala, lantokietako mugikortasun-planek, garraiobide jasangarrien erabilera bultzatzeaz gainera, kontuan hartu behar dituzte efizientzia energetikoari buruzko alderdiak, eta ibilgailu elektriko eta hibridoen erabilera bultzatu behar dute. Gainera, joan-etorrietan energia berriztagarriak erabiltzea bultzatzen da, eta, horri esker, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten eta gure ingurunea zaintzen laguntzen da.

Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legea aurrerapauso garrantzitsua da ingurumena gehiago errespetatuko duen garraio jasangarriagoa bultzatzeko autonomia-erkidegoan. Lantokietan mugikortasun-planak ezarrita, gure joan-etorriak egiteko modua aldatu nahi da, garraiobide garbi eta efizienteagoak bultzatuz.

Lege horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoari buruzko Legearekin batera, erakusten du erkidegoak ingurumena babesteko eta etorkizun jasangarriago bat bultzatzeko konpromisoa duela. Ahalegin horiek ikusita beste eskualde batzuek ere eredu horri jarraitzea eta antzeko neurriak hartzea nahiko genuke, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta gure planeta zaintzeko etorkizuneko belaunaldientzat.

Lotutako berriak