zbe
Itzuli

Badatoz emisio gutxiko eremuak (EGE)

Urriko azken astean, hilaren 25ean hain zuzen, Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak ordenantza-proiektua onartu zuen etorkizuneko Emisio Gutxiko Eremua arautzeko, Europako Batasunaren jarraibideak beteta. Hala, Euskadi osoan hori onartu duen lehenengo udalerria izan da. Baina zer da Emisio Gutxiko Eremu bat?  

Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legearen 14.3 artikuluaren arabera:  

Emisio gutxiko eremutzat jotzen da administrazio publiko batek, bere eskumenak baliatuta, bere lurraldearen barruan mugatutako eremu bat non ibilgailuak sartzeko, zirkulatzeko eta aparkatzeko murrizketak ezartzen baitira airearen kalitatea hobetzeko eta berotegi-efektuko gasen isuriak arintzeko, indarrean den Ibilgailuen Erregelamendu Orokorrak ezarritakoarekin bat egindako sailkapena —ibilgailuak isuriaren arabera sailkatzeko— aintzat hartuta”.  

Klima Aldaketari buruzko Legearen arabera, 50.000 biztanletik gorako udalerri guztiek ibilgailu kutsatzailerik gabeko eremu bat mugatu beharko dute, eta 20.000 biztanletik gorako udalerriek ere EGE bat izan beharko dute, kutsaduraren muga legala gainditzen dutenean. Ziur aski, ezagunak izango ditugu «Madrid Central» edo Bartzelonako EGEa, edo izango dugu horien berri, eta, hala ez bada, laster ezagutuko dugu termino hori, emisio gutxiko eremuak hiri gehienetan egongo baitira datorren urtetik aurrera.  

Bilbo aitzindaria da EAEn  lehen pausoak ematen; bertan, gehien kutsatzen duten ibilgailuek ezingo dira ibili erdiguneko kaleetan (Indautxu eta Abando eremuak)  eta ezingo dute aparkatu ere lanegunetan, 7:00etatik 20:00etara, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera. Onartutako neurriak pixkanaka ezarriko dira, balizko salbuespen bakoitza aztertzeko.  

Zehazki, ezingo dira sartu 0, ECO eta C etiketarik gabeko ibilgailuak. Hau da, 2006. urtea baino lehen matrikulatutako gasolina-ibilgailuak eta 2015. urtea baino lehen matrikulatutako dieselezkoak, egoiliarrenak izan ezik, horiek etxera iristeko aukera izango baitute.  

EGEak ezartzeko eremu optimoak definitzeko, kontuan hartzen dira airearen kalitateari eta trafikoari buruzko datuak, oso desberdinak baitira hirietako hainbat punturen artean, eta horrela ondorioztatzen da zein den egunero trafiko gehien biltzen duen eremua; ohikoan, erdigunea.  

Bilboko EGEa eremu mugatua izango da, Abando eta Indautxu barne hartuko dituena.  

Eremu hori aukeratu da, bertako NO2-aren % 80 eta PMen % 35 trafikoak eragiten dituelako. Gainera, populazio-dentsitate handia dago, baita biztanleria zaurgarriaren ehuneko handia ere.  

0: Ibilgailu elektrikoak, 40 kilometrotik gorako autonomia duten hibrido entxufagarriak. Hidrogenoa. 

ECO: 40 kilometrotik beherako autonomia duten ibilgailu hibrido entxufagarriak, hibrido ez-entxufagarriak eta gasezko ibilgailuak. 

C: 2006ko urtarrilaz geroztik matrikulatutako gasolinazko ibilgailuak eta 2014az geroztiko dieselezkoak. 

B: 2000ko urtarrilaz geroztik matrikulatutako gasolinazko ibilgailuak eta 2006ko urtarrilaz geroztiko dieselezkoak. 

pegatinas

Edonork kontsulta dezake bere ibilgailuaren ingurumen-kategoria Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean: https://sede.dgt.gob.es/es/vehiculos/distintivo-ambiental/  

                                                                                                                                                         

Argi izan behar dugu beharrezkoa dela Emisio Gutxiko Eremua ezartzea hirietako airearen kalitatea hobetzeko eta, ondorioz, baita gure bizi-kalitatea hobetzeko ere. Garrantzitsua da ulertzea gas kutsatzaileen emisioak murriztea guztion zeregina dela, eta norberak, maila indibidualean, eginkizun garrantzitsua duela hori lortzeko. Izan ere, ongizatea hobetzeaz gain, bizitzak salbatzen ditu zuzenean. Ez dezagun ahaztu Espainian urtean 10.000 hildako egozten zaizkiola arnasten dugun ingurumen-kutsadurari, hau da, trafiko-istripuei baino ia 10 aldiz gehiago.  

Iritsi da Mugikortasun Berria 

Lotutako berriak