Itzuli

Beisbola: erreflexuak, koordinazioa, bizkortasuna eta dibertsioa

Beisbola da, dagozkion abantaila guztiekin, Unión de Federaciones Deportivas Vascas – Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan lantzeko gelditzen zitzaigun kiroletako bat. Eta badu erakusgarririk gure artean. Orain dela gutxi, esate baterako, Bilboko Fango Kiroldegian, Beisbol Akademien II. Txapelketa jokatu zen, eta bertan parte hartu zuten akademia aleman batek, frantses batek eta euskal akademiak.

Beisbola da Latinoamerikako hainbat herrialdetan eta Estatu Batuetan ospe handiena duen kiroletako bat. Bate batekin eta pilota batekin jokatzen da, aire zabalean. Bateaz jotzen zaio pilotari, eta horrela jartzen da jokoan. Bien bitartean, bateaz pilotari jo dion jokalariak zelaian barrena egiten du korrika, hainbat base lortzeko; zelaiari bira osoa ematen dio, eta pilotari jotako lekura itzultzen da. Lortzen bada, puntu bat lortzen du taldeak, eta lasterketa esaten zaio horri. Gure artean, beisbola ez da tradizio handiko kirola izan, baina gero eta jarraitzaile gehiago ditu, onura ugari ekartzen baititu kirol honek (San Inazio Bilbao da gure ordezkari nagusia).

Modalitate oso gogorra da erreflexuei dagokienez –oso garatuta eduki behar dira erreflexuak beisbolean–. Horrez gainera, oso bizkorra izan behar da, eta indartsu eduki behar dira besoak. Kaloria ugari erretzen dira beisbolean, eta horixe da kirol honek ekartzen dituen onuren artean ezagunena. Beisbolean jokatzen den orduko 300 kaloria inguru erretzen direla kalkulatzen da. Gantzak murriztean, halaber, hobetu egiten da gorpuzkera eta osasuna. Espezialitate hau egitea oso baliagarria da gaixotasun kardiobaskularren prebentziorako, bai eta forma fisiko ona edukitzeko ere. Muskuluei dagokienez, gorputzeko hainbat eremu garatzen dira, besteak beste, sabelaldea, hankak, besaurreak eta eskumuturrak. Gero eta jarraitzaile gehiago dituen kirol honetan egiten diren mugimendu ugariei esker gertatzen da hori guztia. Muskuluen malgutasuna lantzen da, beraz. Beisbolean jokatzen dutenek taldean lan egiten ikasten dute, adiskidetasun harremanak sendotzen dituzte, bai eta komunikatzeko gaitasuna ere; era berean, beharrezko diziplina eta errespetua barneratzen dira. Jokalariek, halaber, jokabide lehiakorra izaten dute, eta beraien buruan duten konfiantza sendotzen dute.

Erresistentzia handia lortzen da beisbolean, korrika egin behar delako, bateaz jo eta adi egon, eta, horren guztiaren ondorioz, kontzentrazioa eta lehen aipatutako erreflexuen bizkortasuna lantzen dira. Beraz, beisbolarekin motrizitate gaitasunak lantzen dira, muskuluen osaerari laguntzen zaio eta gorputz osoa erabiltzen da. Gainera, gizentasuna eta sedentarismoa saihesten dira. Laburbilduz, ezin hobea da argaltzeko, bizitza osasungarria edukitzen laguntzen du, koordinazioa eta malgutasuna hobetzen ditu, estresari aurre egiten laguntzen du, kontzentrazioa eta sistema kardiobaskularra hobetzen laguntzen du, kaloriak eta koipeak erretzen ditu, gorputza tonifikatzen du, erresistentzia fisikoa hobetzen du, ongizatea sortzen du eta oso ondo pasatzen da.

Lotutako berriak