ekfb
Itzuli

Bela: Balioak eta ikasketa itsasoan

Sartuta gaude dagoeneko udako sasoian. Askori iritsi zaizkie jadanik horrenbeste espero zituzten oporrak, eta beste batzuei, berriz, berehala iritsiko zaizkie. Eta bela da garai honetan izen gehien duen kiroletako bat. Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunetik jakinarazi nahi dizuegu trebetasun asko lantzen direla bela jardueretan, mota eta ontzi aukera guztietan, eta, orobat, indartu egiten direla giharrak. Dena dela, batez ere, planifikatu egin behar da, ezin baita nabigatzera atera prestakuntza-lan egokia egin gabe. Belak, gainera, estresa baretzen laguntzen du, itsasoarekin harremanetan egiten baita, eta patroiaren jarraibideei jarraitu behar zaienez, erabakiak hartzearen balioa eta talde-lana ulertzen laguntzen du. Urte sasoi honetan nabigatzea oso atsegina da, baina erantzukizun handiko jarduera ere bada, bizitzako beste desafio batzuei aurre egiteko. Belaren jarduerak onura handiak ekartzen dizkie neska-mutilei, besteak beste, leialtasunaren, aurrera egitearen eta harrotasunaren zentzua indartzen baitu. Bela-eskoletan gauza asko ikasten dituzte txikienek: itsasontziei buruzko gauzak, itsasontzietako atalei eta kontzeptuei buruzkoak, itsasoari eta itsasoko bitxikeriei buruzkoak, eta, orobat, erakusten zaie besteekin komunikatzen eta kezkak gainditzen. Naturarekin lortzen den lotura oso baliagarria da ingurumenaren errespetuari eta itsas faunari buruzko balioak erakusteko. Horrez gainera, adiskidetasunaren eta lankidetzaren sentipena sortzen da ontzian doazenen artean. Norbaitek laguntza behar duenean bizkor eta eraginkortasunez erreakzionatzen ikasten da. Era berean, beraien akatsak onartzen dituzte, eta horietatik ikasten dute. Kirol espezialitate erakargarri honetan, bestalde, indar fisikoa eta norabidea zuzentzeko edo belak aldatzeko trebetasuna behar da. Eragina du, beraz, azkarra izateak; baldintza meteorologikoak aldakorrak izaten direnez, estrategiak planifikatu behar dira helburuetara iristeko, eta horrek asko laguntzen du erabakiak eta erantzukizunak hartzeko unean. Azken batean, belak hainbat balio bultzatzen ditu, besteak beste, adiskidetasuna eta sakrifizioa; itsasoarekin zerikusia duten ezagutzen ikaskuntza errazten du; pertsonak prestatzen ditu egoera konplexuetan erreakzionatzen jakin dezaten; indarra eta gaitasun fisikoak hobetzen ditu; eta behar-beharrezko balioak erakusten ditu, esate baterako, ingurumenarekiko errespetua.  

Euskal Federazioak behin eta berriz adierazi du gazteenengan inbertitu eta haiekin ahalegindu behar dela, bela arinetik hasita, nahi den mailara iritsi ahal izateko. Federazioa lan handia egiten ari da alderdi horretan sakontzeko, eta oinarriaren ahalmena zabaldu nahi du, gazteenak behetik has daitezen eta esperientzia hartzen joan daitezen. Urtean zehar proba asko egiten dira bela arinaren alorrean. Horiez gainera, Euskadiko Gurutzaontzi Txapelketa lau estropadaz osatuta dago. Lehena, ‘Iñigo Jauregui’ izenekoa, aurreko maiatzean izan zen, Hondarribiko uretan. Ondoren, Bizkaiko Txapelketa izan da, Abran, eta ondoren datoz Vicente Munilla Memoriala (uztailak 13 eta 14) eta Getxoko Kopa (irailak 14 eta 15). Alabaina, aurten bi ekitaldi gailenduko dira euskal belaren munduan. Alde batetik, J80 klaseko Munduko Txapelketa izango da. 85 ontzik eman dute izena munduko lehiaketa garrantzitsu horretan parte hartzeko. Uztailaren 13tik 20ra izango da, eta mundu osoko ehunka estropadalari elkartuko dira. Hortaz, Getxon izango dira herrialdeko espezialista onenak, munduko txapeldunak barne, bai eta gero eta jarraitzaile gehiago dituen klase honetan tradizio handia duten beste leku batzuetakoak ere. Izena eman dute, besteak beste, Ingalaterra, Frantzia, Irlanda, Alemania, Belgika, Kanada, Errusia, Polonia, Estatu Batua eta Indiako tripulazioek. Hemengoei dagokienez, honako ordezkari hauek jardungo dute: José Azquetaren ‘Biobizz’ (hirugarrena Espainiako azken Txapelketan), Ramón Zubiagaren ‘Mandovi’, Gonzalo Chávarriren ‘Fin Gol Fin’, Christian Jaureguiren ‘Freus’, José Luis Ribeden ‘Pilgrim’, Ander Etxaberen ‘Intenance-RDT’, Lourdes Bilbaoren ‘Siemens Gamesa’, Ignacio Real de Asúaren ‘Montarto’, Juan Morocoaren ‘Hib-Brut’, Alfonso Churrucaren ‘Alpega’, Pablo Gomezaren ‘Obélix’, Joana Abásoloren ‘Ave Fénix’ edota Juan Llanoner ‘Vissi’. Horrez gainera, estropadalari gazte talde bat dago, ‘J80 Worlds 2019 Getxo’ Munduko Lehiaketan nabigatuko duena. Munduko txapelketa horretan beste hiru modalitate hauek egongo dira: emakumeak (nesken dozena erdi bat tripulazio), corinthian eta senior. 2019ko bela denboraldi hau, bestalde, oso berezia izango da, Euskal Kostaldea-Elkano Zeruertza Estropadaren 28. edizio honen berezitasunak direla-eta. Uztailaren 6an izango da estropada, larunbatean, eta bi irteera egongo dira, Getxon bata eta Hondarribian bestea, eta Getariara iritsiko dira denak. Eta hala izango da, aurten ospatzen delako Magallanesekin batera hasi eta Juan Sebastian Elkanorekin amaitu zuen Munduaren inguruko Lehengo Biraren V. mendeurrena. Ibilbidea euskal kostaldetik izango da, eta bi irteera egongo dira, bat Getxon eta bestea Hondarribian, eta, azkenik, Getarian elkartuko dira ontzi guztiak. Kostaldeko nabigazioa programatuko da, garai hartako espedizioetan funtsezkoa izan zen Euskal Kostaldea omentzeko, bertatik irten baitziren nabigatzaile handiak, Juan Sebastian Elkano esaterako, euskal ontzioletan egindako ontzietan.  

ekfb

Lotutako berriak