Itzuli

Bela: Dibertsioa eta erantzukizuna itsasoan

ekfb

Kirol lehiaketak pixkanaka-pixkanaka itzultzen ari dira, eta udan gozagarrienetako bat bela praktikatzea da; era berean, aisialdi izaera bikaina ere badu. Bestalde, lehia gogoko duenak ere badu horretarako aukera, dagoeneko Bizargorri Eclair estropadan, Bizkaiko Txapelketan edo Euskal Kostaldea-Urrezko Balea trofeoan egin duten moduan. Bela arineko neska-mutilek ere entrenamenduak eta ikastaroak programatu dituzte, osasun segurtasuneko protokolo egokiak bete behar diren itzulera garai honetan.

Belaren zale askok berriro itsasoan izateko askatasuna sentitu dute dagoeneko. Izan ere, belak independentzia handia ematen du, eta horrek gozatzeko aukera eskaintzen du; gainera, gure autonomia erkidegoan, itsasoa alboan izanda, beste inon baino errazago egin dezakegu. Baldin eta ezinbesteko haizea alde badaukagu, gure ontziarekin ur gainean irristatzearen plazera eta askatasuna sentituko ditugu. Ontziak mota, neurri edo prestazio askotakoak izan daitezke, eta nabiga dezakegu gurutzaontzian, J80 monotipoetan, bela arineko ontzietan… Gainera, belan nabigatzeak sosegu handia eragiten du, gero eta beharrezkoagoa dugun ingurumenarekiko erantzukizuna eta errespetua garatzen laguntzen duen kirol jarduera izanik, nabigazioa lasaigarria delako. Halaber, autoestimua areagotu egiten du, eta, aldi berean, kontzentrazioa, posizionatze zentzua, espazioaren kontzientzia eta mugimenduen koordinazioa hobetu egiten dira. Belan nabigatzen duten pertsonak asko dira, gure kostaldean gero eta ugariago, eta kirol modalitate bat baino zerbait gehiago dela diote; horien iritziz, bizitza ulertzeko beste modu bat ere bada. Itsasontzian egindako ibilaldia zaratarik gabe egiten da, inolako presarik gabe –lehiaketetan izan ezik–, eta ingurumena kutsatu gabe. Horrekin guztiarekin batera, bela egiteko, beharrezkoa da sasoiko egotea, trebetasuna, eta talde-lan ezinbesteko eta garrantzitsua; gainera, abentura eta erronka izaera ederreko kirola da. Kantauri itsasoko kostaldea egokia da belan ibiltzeko, eta gure osasun fisiko eta mentalerako abantaila ugari azaleratzen ditu. Jadanik aipatu dugun kontzentratzeko eta orekan ibiltzeko gaitasuna hobetzeaz gain, giharrak suspertzen ditu eta adin guztietako pertsonen gorputza sendotzen du; izan ere, edozein belaunalditako lagunentzat interesgarria izan daitekeen jarduera da.

Sistema kardiobaskularra ere indartu egiten da, eta ez dakizue nola laguntzen duen egunero estutzen gaituen estresa alboratzen! Bela praktikatzeak D bitamina sintetizatzea bizkortzen du, eta bitamina horrek errakitismoari eta osteoporosiari aurrea hartzen laguntzen digu, odol-zirkulazioa eta gure egoera animikoa errazteaz gain. Bela egiteko, beste kiroletan bezalaxe, arduraz ibili beharra dago, eta zuhurtasunez jokatzea komeni da, gerta daitezkeen gihar lesioak saihestu ahal izateko. Izan ere, nabigatzeko, bat-bateko mugimendu biziak egin behar dira batzuetan, eta horiek, sasoiko egon ezean, belauneko arazoak edo lunbalgiak eragin ditzakete. Ohikoak izaten dira bizkarreko minak, bai norbere ontzietan nabigatzen duten zaleen artean, bai lehiaketetako eskifaietan. Hori bai, oso kontuan hartzekoak dira eguzkia eta horrek azalean dituen eraginak, gorritzeak eta erredurak eragin baititzake.

Dena dela, guk alde onari begiratuko diogu, itsasoa ondoan izateak osasun mentalerako substantzia onuragarriak pizten baititu, itsasoko zabaltasunean guri ongizatea, sosegua eta erlaxazio guztiz berezia eragingo digutenak. Halaber, Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunari dagokion atal honetako lerro hauen bitartez, azpimarratu nahi dugu gure lurraldeko bela-eskoletan haurrek norbere trebetasunak hobetu ditzaketela, jarduera nautikoei esker. Batez ere, itsasorako irteera bakoitza planifikatzen laguntzen die, horrek prestatzea eskatzen baitu, bai eta irakasleek helarazten dizkieten jarraibideak betetzen ere. Halaber, taldean lan egiten laguntzen du, dibertsioa eta erantzukizuna ardatz funtsezko gisa hartuta. Bela kirol zoragarria da, urteko garai honetarako onenetako bat. Areago, bizi filosofia bat da.

Lotutako berriak