logo-ekfb
Itzuli

Berdintasun-zerbitzuaren helburuak

Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan, eta esanguraz betetako martxoko hilabetean, euskal kirol-erakundeetan dagoen berdintasun-zerbitzuari buruzko informazioa emango dugu. Izan ere, kirolaren eremuan emakume eta gizonen berdintasuna ardatz duten ikuspuntuak eta jarduerak bultzatzen saiatzen gara. 

Euskal Kirol Federazioen Batasunak federazioentzako laguntza-zerbitzua sustatzen du, haien kudeaketan eta jardueretan genero-ikuspegiari dagozkion arlo guztiak errazteko. Orain dela urtebete, tailerrak egin ziren Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan, Getxon, emakume eta gizonen berdintasun-ikuspegiak sustatzeko kirolaren arloan. Federazioetako eta EKFBko ordezkariak bildu zituzten jardunaldi haietan zenbait puntu aztertu ziren. Horiez gain, garatu beharreko zenbait gaiz osatzen da zerbitzua. 

Asmoa, betiere, elkarrekin hausnartzea da, erakunde horietan eta ordezkatzen dituzten klubetan emakumeen eta gizonen artean dagoen berdintasun-mailaz, eta, era berean, federazio eta klub bakoitzak garatu edo sustatu ditzakeen helburu eta ekintzak identifikatzea. Beste xede bat sexu-jazarpenak prebenitzeko eta halakoei aurre egiteko protokoloak diseinatzea eta martxan jartzea da. Erakundeen kudeaketa hobetu nahi da, berdintasuna ardatz hartuta: gobernu-organoak, gobernantza, kudeaketa-eredua, estatutuak, planifikazio estrategikoa, aurrekontua…; informazioaren gestioa, langile eta kolaboratzaileena, boluntarioena, barne- eta kanpo-komunikazioa, jardueren planifikazioa, diseinua eta ebaluazioa, gizartearekiko eta interes-taldeekiko harremana, berdintasunerako balio-aldaketa eta ahalduntzea: presentzia orekatua, kirol-jarduera… Azken batean, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen da, eta sexuaren araberako kirol-jardueraren berezitasunak lantzen dira; baita emakumeen aurkako indarkeriaren ezabapena, eta sexu-jazarpena edo sexuarengatiko jazarpena prebenitu eta horiei aurre egiteko protokoloak ere. 

Hala, EKFB berdintasunaren alorreko bere jarduera-plana osatzen ari da, eta laguntza ematen die kontsultak egiten dituzten edo laguntza teknikoa behar duten federazioei, sexuen arteko oreka handiagoa duten zuzendaritza-batzordeak eratzea sustatzen du, informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa biltzen du federazioetako genero-ikuspegiari buruz, eta erakundeen kanpainei laguntza ematen die, euskal kirolaren eremuan erreferenteak ikusarazten jarraitzeko. Guztiz aintzat hartzen da federazioek dibulgazioko, prestakuntzako eta sentsibilizazioko kanpaina eta jardunaldietan parte hartzea, kirolean sexu-jazarpen eta -abusuak, edo sexuarengatikoak, saihesteko. 

Lotutako berriak