Bero-kolpea gertatzen da gorputza tenperatura altuan luze egoteagatik gehiegi berotzen denean. Egoera mediko larria da, eta arretari, organismoaren erantzunari eta jarduerak osatzeko gaitasunari eragiten dio, hala nola gidatzeko gaitasunari. Hauek dira gidatzean eragin ditzakeen ondorioak:
- 25 °C-tik gorako tenperaturan gidatzeak arreta eta kontzentrazioa murrizten ditu. Gainera, ustekabeen aurreko erreakzio-denborari eragiten dio, eta frogatuta dago seinaleen % 20 ez dela hautematen 35 °C baino tenperatura altuagoan gidatzean.
- Beroak eta eguzkiak ikusmenari ere eragiten diote, eta itsualdi bat izateko arriskua handitzen dute. Gainera, DGTk adierazi du hori izan dela Espainiako 3.500 bat auto-istripuren arrazoia.
- Tenperatura altuek neke- eta logura-sentsazioa ere eragiten dute. Ondorio horiek saihesteko, autoa martxan dagoen bitartean barruko tenperatura 21 °C eta 23 °C artean mantentzea gomendatzen dute adituek.
Nola saihestu autoan bero-kolpe bat izatea?
Udan ibilgailuaren tenperatura jaistea ezinezkoa dela dirudien arren, badira hainbat metodo erraz bero-kolperik ez izateko. Horretarako, autoa hartzerakoan jarraibide hauek bete besterik ez duzu:
APARKATU ITZALEAN.
Autoa eguzkipean uzten duzunean, kanpoko karrozeria berotu egiten da, eta, bero hori guztia barrura pasatzen denean, barruan 70 °C-rainoko tenperatura eragin dezake. Horregatik, autoa berriro hartzeko unean baldintzarik onenak izatea bermatzeko, aukerarik onena itzalean leku bat bilatzea da.
Aparkatu aurretik, garrantzitsua da ondo erreparatzea eguzkiaren norabideari. Zure autora itzuli arte itzala ez bada leku horretan mantenduko, onena da autoa tenperatura altuetatik babestuko duen beste leku bat bilatzea.
ERABILI EGUZKITAKOA.
Eguzkitakoa aliaturik onenetako bat da autoan bero-kolpeak saihesteko, eta eguzki-izpiak ibilgailuaren barruan sartzea saihesten du. Horri esker, tenperatura 11 °C inguru jaisten da. Alboetan errezelak eta atzeko beiretan beste eguzkitako bat jartzea ere komeni da.
Halaber, eguzkitakoak auto barruko elementuak (bolantea, abiadura-palanka eta aurreko panela) ez berotzen ere laguntzen du. Ibilgailuaren atal horiek guztiak 50 °C-rainoko tenperaturara irits daitezke, eta azalean erredurak eragin.
ERABILI AIRE GIROTUA BEHAR BEZALA.
Aire girotuak bere funtzioa behar bezala bete dezan, piztean leihatilak jaitsi behar dira. Klimatizazio-sistemak segundo batzuk behar ditu giroa hozteko; beraz, bero-kolpeak saihesteko, komeni da aire freskoa autoan sartzen uztea.
Autoa erabat itxita dagoela aire girotua pizten duzunean, aire beroak ez du irteerarik aurkitzen eta denbora gehiago behar izaten du barreiatzeko. Hona hemen gomendioa: aire girotua pizten duzunean, itxaron 2 minutu leihatilak itxi arte, eta mantendu klimatizagailuaren tenperatura 21 °C eta 23 °C artean.
EZ ITXARON IBILGAILUAREN BARRUAN.
Geldialdi bat egin behar baduzu, nahiz eta oso laburra izan, onena ibilgailutik irtetea da, aire freskoa hartzeko. Tenperatura altuen eraginpean etengabe egoteak zure organismoaren gaitasunari eragin diezaioke, eta bero-kolpe baten berezko sintomak eragin.
Horregatik, garrantzitsua da auto barruan umerik ez uztea. Familiako txikienek oraindik ez dute guztiz garatua arnas sistema, eta bero-kolpeak jasateko arrisku handiagoa dute. Antzeko zerbait gertatzen da maskotekin; animaliek ez dute gizakiena bezalako izerdi-sistemarik, eta gehiago sufritzen dute tenperatura altua dagoenean.
MANTENDU HIDRATAZIOA.
Tenperatura altuan zauden bitartean hidratatuta egoteak gorputza gehiegi ez berotzen laguntzen dizu. Hala, bero-kolpe bat edo deshidratazioaren ondorioak saihestu ditzakezu. Horretarako, eraman beti botila bat ur fresko aldean eta edan etengabe, egarri ez bazara ere.
AIREZTATU AUTOA SARTU AURRETIK
Autoaren barruko tenperatura kanpoaldekoa baino askoz handiagoa izan daiteke; beraz, funtsezkoa da ibilgailua hoztea gidatzen hasi aurretik. Abiatu baino minutu batzuk lehenago, ireki ateak eta jaitsi leihatilak, aire freskoaren korronteak autora sar daitezen. Ez piztu aire girotua barruko tenperatura gradu batzuk jaitsi arte.
Autoaren barrualdea hozteko modu azkarrago bat japoniar trikimailua da. Hori egiteko, kopilotuaren leihatila jaitsi besterik ez duzu, eta gero gidariaren atea ireki eta itxi, haizemailearen antzeko mugimenduarekin. Horrela, aire beroa atera eta tenperatura 10 °C jaisten da minutu gutxian.
Udako tenperatura altuak etsai isil baina hilgarriak dira, eta gidari asko ez dira jabetzen. Hala ere, aholku erraz hauei jarraituz, bero-kolpea saihestu daiteke. Gidatzean, segurtasuna bermatzea izan behar da beti helburu.
Gogoratu uda bakoitza abentura bat dela eta oraindik asko ditugula bizitzeko.