Maiatzaren 11ko 4/2023 Errege Lege Dekretuak, apirilaren 14ko 486/97 Errege Dekretua aldatzen duenak, gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen ditu aire zabaleko lanetarako. Honako sektore hauetako enpresek fenomeno meteorologiko kaltegarriekiko esposizioa sartu behar dute beren arriskuen ebaluazioan: eraikuntza, nekazaritza, abeltzaintza, ostalaritza, lorezaintza, garbiketa edo hondakinen bilketa. Horretaz gain, langileei prebentzio-neurri egokiak eman behar dizkie, eta sentsibilizatu egin behar ditu haiek inplementatzearen garrantziari buruz.
Aire zabalean ordu luzeak ematen dituzten langileak eguzki-izpien eraginpean daude lanaldiaren zati handi batean. Udan, tenperatura altuek eta gehiegizko beroak eragina izan dezakete haiengan.
Gorputzak berora egokitzeko mekanismoak ditu, baina tenperatura oso altua denean denbora-tarte luze batez, gerta liteke bero-kolpe bat jasatea, eta horrek ondorioak eduki ditzake osasunean.
Honako hauek dira sintoma nagusiak: gorputzaren tenperatura igotzea, buruko mina, zorabioak, gorakoak, kalanbreak eta takikardiak, eta, horien eraginez, akidura, nahasmena eta konbultsioak, bai eta konortea galtzea ere.
Langileek arrisku horiek daudela jakin behar dute eta enpresako zuzendaritzak haien esku jarritako prebentzio-neurri guztiak aplikatu behar dituzte.
Bero-kolpea saihesteko gomendio nagusiak
- Ez egotea eguzkitan denbora luzez.
- UV erradiazioa kontsultatzea: txikia, ertaina, handia, oso handia, muturrekoa.
- Hidratazioa: etengabe edatea, egarri-sentsaziorik ez izan arren.
- Eguzkitik babestea, batez ere burua eta lepoa, txapelarekin. UV babesa duten eguzkitako betaurrekoak erabiltzea. Jantzi argiak eta zabalak erabiltzea, gorputzaren zati handiena estali ahal izateko.
- Agerian dauden gorputzeko zatietan krema babesleak erabiltzea. Eguzkitako krema ere NBEtzat hartzen da eguzkiaren esposizioak eragindako arriskua dagoenean. Egun lainotsuetan ere babestea.
- Honako hauek saihestea: erretzea, asko jatea eta edari alkoholdunak edatea.
- Ariketarik ez egitea bero handieneko orduetan (12:00-17:00).
Kontuan izan behar da prebentzio-neurri horien artean dagoela jarduera jakin batzuk egitea debekatzea eta aurreikusitako jardunaldiaren ordu-kopurua murriztea edo aldatzea maila laranja edo gorriko fenomeno meteorologikoak gertatzen diren eguneko orduetan, langilearen babes egokia beste modu batera bermatu ezin denean. Maila horiek Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) edo dagokion organo autonomikoak ezarriko ditu (EUSKALMETek Euskadin, METEOGALICIAk Galizian eta METEOCATek Katalunian).
Mutualiak honako hauei buruzko infografia bat jarri du enpresaren eskura: Zer egin pertsona batek bero-kolpe bat jasaten badu. Sintomak eta hartu beharreko prebentzio-neurriak ezagutzen lagunduko die infografiak.
Eta beste infografia bat gai horrekin loturiko betebeharrei eta gomendioei buruzko enpresarentzako informazioarekin.
Informazio gehiago:
Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentzia: NAPOren klipa
INSST “fenómenos meteorológicos adversos”
Osalan “Estres termikoa: beroarekin lan egiteko gomendioak”.
Kataluniako Generalitatea “El calor durante la jornada de trabajo en verano” (Beroa udako lanaldian)
