diagnostico-por-imagen
Itzuli

Berrikuntza erradiologian, adimen artifizialaz lagunduta

Duela mende bat zuri-beltzeko lehen irudi lausoaz geroztik, erradiologiak etengabeko bilakaera izan du eta izaten jarraitzen du; izan ere, irudiak adimen artifizialaren medioz interpreta daitezke gaur egun. Irudi-ekipoen etengabeko garapen teknologikoari adimen artifiziala gehitu zaio duela gutxi, eta irudiak sortzeko eta interpretatzeko ate berriak irekiko dira horrela.

Azaroaren 8an Erradiologiaren Mundu Eguna ospatzen dugu. Erradiologia espezialitate medikoa da, diagnostiko medikorako giza gorputzaren irudiak emateko teknikak integratzen dituena. Medikuntzako atalik berritzaileenetako bat izanik, balio handia ematen die espezialitate mediko gehienei.

Irudi bakoitzak osasun-arazoak detektatzen laguntzen du, hala nola hauek: tumore txikiak, hausturak, alzheimerraren eta beste gaixotasun batzuen lehen zantzuak. Irudi horien interpretazioak ezagutza eta zehaztasuna eskatzen ditu; testuinguru horretan, adimen artifizialak giza begiari ikusezinak zaizkion eredu eta xehetasunak aztertzeko laguntzaile adimentsu gisa dihardu eta erradiologiako medikuen aliatu bihurtzen da, diagnostiko azkar eta zehatzagoak eskaintzeari dagokionez.

 

Adimen artifiziala praktikan

  • Garunean, biriketan edo bihotzean jazotako aldaketa sotilak detektatzen ditu
  • Neurtu eta alderatu egiten ditu irudiak, denboran zehar, gaixotasunen bilakaerari jarraipena egiteko, hala nola tumoreen hazkundeari edo lesio berrien agerpenari.
  • Emaitzen interpretazioa estandarizatu, txostenen arteko aldakortasuna murriztu eta sorospenaren kalitatea hobetzen du.
AA irudiak

 

Paziente eta profesionalentzako onurak

  • Miaketa azkar eta zehatzagoak. Erresonantzia magnetikoen kasuan, adimen artifizialak azterketa-denbora % 50eraino murriztu dezake eta, horrenbestez, pazientearen antsietatea eta estresa gutxiagotzen du, irudien kalitatea hobetzeaz gainera.
  • Lehentasuna premiazko kasuetan. Aurkikuntza kritikoak detekta ditzake, hala nola garuneko isuria tomografia batean; hala, automatikoki ohartarazten da talde medikoa, berehala jardun dezan.
  • Diagnostiko goiztiarragoak. Alzheimerra, esklerosi anizkoitza eta halako gaixotasun neurologikoetan, adimen artifizialak garuneko aldaketa milimetrikoak kuantifikatzen ditu, diagnostiko goiztiarrak eta tratamendu pertsonalizatuak erdieste aldera.
  • Minbiziaren detekzioa. Erradiologoaren irizpide klinikoaren eta adimen artifizialaren ereduen azterketaren arteko konbinazioak aukera ematen du lesioak hasierako faseetan lokalizatzeko, horien tamaina neurtzeko eta tratamenduaren erantzuna zehaztasunez ebaluatzeko.

 

 

Adimen artifiziala erradiologian laguntzeko

erresonanzia

Adimen artifiziala erradiologiako profesionalaren lanaren osagarri gisa balio du; hots, ez du sekula hura ordezkatzen. Erradiologoak testuinguru klinikoa, arrazoibidea eta enpatia ematen ditu, eta ezinbestean ikuskatu behar du adimen artifizialaren bidezko informazioa. Teknologiaren eta ezagutza medikoaren konbinazioa funts-funtsezkoa da diagnostiko eta tratamendu eraginkorragoak zehazteko.

Adimen artifizialak etorkizuneranzko bide bat irekitzen du, eta, bide horretan, sintomak agertu aurretik arriskuak aurreikusi ahalko ditu, tratamenduak optimizatzeaz gain paziente bakoitzaren profilaren arabera, bai eta diagnostiko azkarragoak erraztu ere.

 

Mutualia eta adimen artifiziala erradiologian

Mutualiak BoneView izeneko adimen artifizialeko soluzio bat du ezarrita erradiografietan hausturak detektatzeko, 25 azterketak baino gehiagok bermatutako eraginkortasun klinikoarekin. Sistemak % 95etik gorako sentsibilitatea du, detektatu gabeko hausturak % 30 urritzen ditu, irakurketa-denbora % 35 murrizten du, eta lokadurak, artikulazio-isuria eta hezur-lesioak ere detektatzen ditu.

Lotutako berriak