
Urtarrilaren 1az geroztik, abian daude langile autonomoekin lotutako zenbait neurri, 28/2018 Errege Lege-dekretua indarrean sartu baitzen. Berritasunetako bat hau da: autonomoaren Gizarte Segurantzako kotizazioa mutualitateek abonatuko dute, kontingentzia guztiengatiko 61. baja-egunetik aurrera.
Aurreko artikulu batean adierazi genuen bezala, autonomoari ez zaio baja eman beharko Gizarte Segurantzan, ez eta eskaerarik egin beharko ere; izan ere, Diruzaintzak eta mutualitateek identifikatuko dituzte istripuagatiko edo gaixotasun arruntengatiko baja aldiak, 61. egunetik aurrera, eta Diruzaintzak mutualitateei kargatuko dizkie aldi horri dagozkion kotizazioak.
Ildo horretan, asko izan dira berritasun horri buruz jaso ditugun kontsultak; izan ere, martxotik aurrera araudi berri horrek onura zekarkien lehen autonomoei (urtarriletik bajan, 60 egunetik gora) kargatu egin zaie martxo osoko autonomoen ordainagiria.
Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak jakinarazi duenez, sistemak funtzionatzen ez duen bitartean, autonomoek Diruzaintzaren aurrean erreklamatu ahal izango dute kobratu zaiena, itzultzeko eskaera aurkeztuta. Horren oinarrian 28/2018 Errege Lege-dekretuko 308. artikulua dago –2019ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzekoa–, 61. baja-egunaren ondoren, Gizarte Segurantzaren kotizaziorako mutualitateek autonomoen kotizazioa ordaintzeari buruzkoa.
