Maiatzaren 22an, maiatzaren 21eko 2/2024 Errege Lege Dekretua argitaratu da. Interesgarriak izan daitezkeen berritasunak jasotzen dira horretan.
Hona hemen ELD horrek ekarritako berritasun aipagarrienak:
Edoskitze-baimena (indarrean 2024ko maiatzaren 23tik aurrera)
Edoskitze-baimena metatzeko aukera, baldintzarik gabe. Azkenik, Langileen Estatutuaren 37.4 artikulua aldatu da, edoskitze-baimena metatuta baliatzeari dagokionez.
Gogorarazi behar da Langileen Estatutuak, oraingo aldaketaren aurreko idazketan, aukera ematen zuela edoskitze-baimena lanaldi osoetan metatuta baliatzeko baldin eta aukera hori negoziazio kolektiboan aurreikusita bazegoen edo langileak eta enpresak hala adosten bazuten.
Errege lege-dekretu honek, berriz, kendu egin ditu baldintza horiek (metatzea negoziazio kolektiboan jasota egotea eta alderdien artean adostea); horrenbestez, aurrerantzean, langileak nahierara eta oro har aukeratu ahal izango du modalitatea: absentzia, murrizketa edo metaketa.
Langabezia-babesa (indarrean 2024ko azaroaren 1etik aurrera)
Araudi berriak zenbait aldaketa jasotzen ditu langabezia-zerbitzuen estaldura eta sarbidea hobetzeko eta erregulazioa eta izapideak sinplifikatzeko. Helburua da prestazioa eskuratzeko malgutasun handiagoa ematea eta administrazio-kargak murriztea. Bestalde, langabezia-subsidio eta -prestazioak lan-jarduerarekin bateragarri egiteko aukera ere jasotzen du.
Asistentziari dagozkion neurrien artean, honako hauek daude:
- Bi mota orokortu dira; aurreko enplegua galtzearekin edo prestazio kontributiboa agortzearekin lotura zuzena duen egoeran dauden langabeak izango dira araubide berriaren hartzaile.
- Subsidioen iraupena berdindu da, eta prestazio kontributiboa agortzeagatiko subsidioen iraupena sinplifikatu da: familia-erantzukizunak dituztenen prestazio kontributiboa agortzeagatiko subsidioaren iraupena berdindu da, adina edozein dela ere, eta kotizazio urriengatiko subsidioaren iraupenari eutsi zaio, kotizatutako hilabete kopuruarekiko proportzionala.
- Talde gehiagotara zabaldu da: familia-erantzukizunik gabeko 45 urtetik beherakoentzat, 360 egun agortuz gero, eta 6 hilabetetik beherako kotizazioaldiak egiaztatzen dituztenentzat (familia-erantzukizunik gabe), nekazaritzako behin-behineko langileentzat eta Ceuta eta Melillako mugaz gaindiko langileentzat.
- Subsidioak hiru hileko aldietarako aitortzen dira, eta errentarik edo familia-erantzukizunik ez izateko baldintzak hilabete natural bakoitzean bete beharko dira.
- 52 urtetik gorakoen subsidioa, zenbateko finkoari eutsi zaio; ez da aldatu. Dena den, konpentsazio gisa, subsidio horrek gehiago iraungo du, eta erretiro-kontingentziagatiko kotizazioak ere izango ditu, gainerako subsidioek ez bezala.
- Subsidioetarako familia-erantzukizunak (familia-kargak) egiaztatzeko modu berria: eskatzailea ez da baztertuko lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 75etik gorako errenta propioak jasotzeagatik; bestalde, arauak ezartzen duenez, familia-erantzukizunak egongo dira baldin eta familia-unitatearen errenten guztizkoak zati familia-unitatea osatzen duten pertsonen kopurua (eskatzailea barne) lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 75 gainditzen ez badu.
- Agortzeagatiko eta kotizazio urriengatiko subsidioen zenbatekoa aldatzen da: hiru tartetan banatutako beheranzko zenbatekoa duen formula bat sartu da, eta lanaldi partzialean lan egindako orduen araberako kenkari proportzionala kendu da. Azkenik, prestazio kontributiborako nahikoak ez diren kotizazioengatiko subsidioaren zenbatekoa arautzean, prestazio kontributiboari begira ezarritakoaren antzeko aurreikuspen bat gehitu zaio seme-alabak jaiotzeagatiko, legezko zaintzagatiko, genero-indarkeriaren biktima izategatiko eta araututako gainerako kasuengatiko lanaldi-murrizketako egoera batetik sartzen diren kasuetarako.
- Langabezia-subsidioaren eta besteren konturako lanaren bateragarritasun berriak: ehun eta laurogei egunera arteko bateragarritasuna onartzen da, lan-harreman batean zein gehiagotan, lanera itzultzea ez zigortzeko. Subsidioa besteren konturako lanarekin bateragarri den kasu horietan, enpleguari laguntzeko osagarri gisa jasoko da, haren izaera juridikoa aldatu gabe. Benetan izango da subsidioa lanarekin bateragarri egiteko modu berri bat.
- Halaber, ezarri da subsidioa bateragarria izango dela lanbide-heziketako ekintzetara joateagatik edo lanean heziketako ekintzak egiteagatik edo ikasketa-planaren parte diren kanpoko praktika akademikoak egiteko jasotzen diren diru-sariekin.
- Prestazioa jarduera-akordio bati eta ibilbide edo plan pertsonalizatu bati lotzen zaio.
- Langabezia-prestazioa eta subsidioa eteteko arrazoi berri bat: jarduera-akordioa etetea.
- Araubide iragankor bat ezarri da langabezia-babeseko asistentzia-mailari dagokionez.
- Nekazaritzako behin-behineko langileen langabezia-babesa bateratzea.
- Subsidiotik bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestaziorako trantsizioa arautu da.
Negoziazio kolektiboa (indarrean 2024ko maiatzaren 23tik aurrera)
Hitzarmen kolektibo autonomikoek eta probintzialek izango dute aplikatzeko lehentasuna. Langileen Estatutuaren 84. artikulua aldatu da, autonomia-erkidegoen eremuan negoziazio kolektiboaren erregulazioa hobetzeko.
- Ordezkaritza handieneko sindikatuek eta enpresaburu-elkarteek autonomia-erkidegoko hitzarmen kolektiboak eta lanbide arteko akordioak negoziatu ahal izango dituzte. Hitzarmen eta akordio horiek aplikatzeko lehentasuna izango dute estatuko beste edozein sektore-hitzarmen edo akordioren gainetik, betiere haietan ezarritakoa langileentzat onuragarriagoa bada estatuko hitzarmen edo akordioan ezarritakoa baino.
- Probintziako hitzarmen kolektiboek ere aplikazio-lehentasun bera izan ahalko dute, baldin eta hala aurreikusten bada autonomia-erkidegoaren eremuko lanbide arteko akordioetan, betiere haietan ezarritakoa langileentzat onuragarriagoa bada estatuko hitzarmen edo akordioan ezarritakoa baino.
- Nolanahi ere, gai negoziaezintzat joko dira probaldia, kontratazio-modalitateak, lanbide-sailkapena, urteko gehieneko lanaldia, diziplina-araubidea, laneko arriskuen prebentzioko gutxieneko arauak eta mugigarritasun geografikoa.