Itzuli

Beste Munduko Txapelketa bat Kayak Surfeko Euskal Selekzioarentzat

EKFBren atal honetan, hilero euskal kirolaren alderdirik aipagarrienak zehazten dira, eta oraingoan Kayak Surfeko Euskal Selekzioaren arrakasta azpimarratu nahi dugu, Buden (Ingalaterra) zazpigarren aldiz munduko txapeldun izan baitzen, bi txandatan jokatu zen final baten ondoren. Gure selekzioek hainbat modalitatetan izandako parte-hartze arrakastatsuetako bat da, oraingo honetan Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntzarekin.


Lehen txandan, Euskadik bere potentziala erakutsi zuen jada, bederatzi puntuko aldea atera baitzion Ingalaterrari, gainditu beharreko aurkari handiari. Bigarrenean, bi metroko olatuekin eta haize indartsuarekin, Buden, Kornualles konderrian, txapelketa parekatuagoa hasi zen. Probek aurrera egin ahala, lehen postuak gehitzen joan ziren. Bukatu baino bi txanda lehenago, euskal taldea berriz ere munduko txapeldun zen. Nahiz eta anfitrioi ingelesak aurkari zail gisa abiatu ziren, probaz proba, euskal taldeak bere nagusitasuna erakutsi zuen gainerako herrialdeekiko. Ingalaterrako selekzioa etxean lehiatzen zen, eta azken munduko txapelketetako talderik indartsuenarekin zetorren, baina ezin izan zuen Euskal Selekzioa mendean hartu. Bikain amaitu du Ingalaterran jokatu zen kayak surfeko Munduko Txapelketa. Urrezko hamar domina lortu zituen jokoan zeuden hamasei dominetatik, eta, ondorioz, Euskal Selekzioa izan da berriz ere dominen liderra. Bigarren Ingalaterra izan zen bi dominarekin; metal bakarrarekin osatu zuten podiuma Frantziak, Galesek eta Irlandak.


Banakako finalak lehia bizian jokatu ziren. Azpimarratzekoa da bi kategoria garrantzitsuenetan, Open Short kategorian, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan, Odei Etxeberria eta Olatz Garamendia direla txapeldun berriak. Odei Etxeberriari garaipenak ihes egin zion Perun aurreko munduko txapelketan, oso gutxigatik, baina Budeko uretan bere ahalmena erakutsi ahal izan zuen, itsasontzi luzeko zilarrezko beste domina batekin gainera. Olatz Garmendiak, bestalde, Perun zilarra eskuratu bazuen ere, urrea lortu zuen edizio honetan. Emakumeetan, halaber, Ainhoa Tolosak urrea lortu zuen itsasontzi luzean, eta brontzezko domina beste kategorian. Txapelketako errebelaziorik handiena Aiur Illarrieta junior gaztea izan zen; bere bi kategorietan garaipena lortu zuen, eta Open mailako finaletako batean ere sartu zen. Bai neska juniorretan –Aitana Urbieta eta Xiang Mezzacasa–, bai New Agen –Peru Barandiaran eta Hodei Crujeiras–, garaipenak etxera etorri ziren, eta horrek etorkizun ona iragartzen dio Euskal Selekzioari gero eta jarraitzaile gehiago dituen kayak surf modalitate honetan. Era berean, Edu Etxeberriak Peruko Master titulua berrestea lortu zuen. Dominetako podiumak, selekzioek lortutako txapelketarekin batera, Euskadi kirol honetako munduko potentzia bihurtzen du berriro.


Buden egin zen Munduko Txapelketa, a priori, zailenetako bat izan zen, ingelesak, olatuaren jakitun, azken txapelketetan arerio indartsuenak izan baitira. Hala ere, britainiarrek ezin izan zuten ezer egin euskal arraunlarien aurka. Open zein beheko kategorietan egindako lan onak erakusten du azken munduko txapelketetako lana emaitza bikaina izaten ari dela. Argentinan bi urte barru egingo den Munduko Txapelketari begira, Euskal Selekzioak talde indartsua izatea aurreikusten da. Bude 2022n ez ezik, Euskal Selekzioa txapeldun izan zen, halaber, Mundakan 2007an, Estatu Batuetan 2011n, Australian 2013an, Galizian 2015ean, Irlandan 2017an eta Perun 2019an.

“Euskadiko Piraguismo Federazioak, Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Eusko Jaurlaritzak gure alde egiten dutena eskertzen dugu”, nabarmendu zuen Txema Carreto Euskal Selekzioko koordinatzaileak.

Lotutako berriak