Lege-egoera eta egungo jurisprudentzia (2019ko azaroa)

Konstituzio Auzitegiaren 39/2016 epaiak (horren berri ematen du Auzitegi Goreneko 4. Salaren 2017ko martxoaren 2ko epaiak, 554/2016 DBKE) 2012. urtean (Datuak Babesteko 1999ko Lege Organikoa indarrean zela) izandako zenbait gertakari aztertzen ditu. Lan-esparruan irudiak hartzeari dagokionez, datuen babeserako eskubidea balioesten du, eta lan eta negozio-harremanean langileak bere adostasuna inplizituki ematen duela dio, izaera pertsonaleko datuen trataera beharrezkoa bada, betiere, alderdiek sinatutako kontratuari eusteko eta kontratu hori betetzeko. Adostasunaren dispentsak, horrela, lan-harremanari eusteko eta betetzeko beharrezkoak diren datuei egiten die erreferentzia, eta, beraz, lan-kontratutik ondorioztatutako betebeharrak hartzen ditu barnean. Horregatik, lan-harremana kontrolatzera zuzendutako datuen tratamendua aipatutako salbuespen horren babesean ulertu behar da, Konstituzio Auzitegiaren ustez, hura betetzera zuzentzen baita. Garrantzitsua litzateke zehaztea ea lortutako irudia lan-harremana kontrolatzeko xedez erabili den; izan ere, datuen tratamenduak kontratu-harremanari eustearekin edota harreman hori garatu eta kontrolatzearekin harremanik ez daukanean soilik egongo litzateke behartuta enpresaburua eragiten zaien langileei beren adostasuna eskatzera. Dena dela, adierazitako kasu horietan adostasunik behar ez bada ere, informatzeko eginbeharra hor dago, datuen babeserako eskubidearen funtsezko edukia den neurrian, interesdunaren adostasunaren beharraren osagarri ezinbestekoa denez.
Doktrina hori aplikatu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak 2019ko uztailaren 16an (1242/2919 errek.).
Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren Areto Nagusiak 2019ko urriaren 17an emandako epaiak supermerkatu batean zenbait langilek dirua ebasten zuten susmoak zeudenean enpresek ezkutuan bideokamerak erabiltzea aztertu zuen. Epaiak bere ondorioetan dio enpresak legezko arrazoi aski eman zituela (legez kontrako ekintza larrien arrazoizko susmoa, jabetza konprometitzen zuena, galera esanguratsuekin) kamerak jarri ahal izateko, langileei edota horien ordezkariei kamera horiek jarrita zeudela aurrez abisu eman beharrik gabe (gardentasunaren printzipioa), eta neurri horrek ez duela urratzen Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 8. artikuluan zehaztutako pribatutasun-igurikimena. Sala Nagusiaren iritziz, inguruabar horiek kontuan hartuta, ez zen arrazoizkoa enpresak bere enplegatuen pribatutasunari dagokionez halako babes maila errespetatzea, lehentasuna zutenez “enpresaren funtzionamendu egokiarekin” lotutako arrazoiek. Zehazki (134. paragrafoa): «Hortaz, nahiz eta ezin den onartu oro har enplegatuen delitu susmo hutsengatik […] justifikatuta dagoela enplegatzaileak kamerak ezkutuan jartzea, arau-hauste larri bat egin dela pentsatzeko arrazoizko susmoak izatean eta galera esanguratsuekin jabetza konprometitu denez, kasu honetan uler daiteke badagoela justifikazio aski». Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epai horrek gehiago ere badio enpresa-interesen (jabetzaren eta laneko ordena egokiaren) autotutoretzaren alde (ezkutuko bitartekoen bidez eta pribatutasuna inbadituz): “Hori […] ziurragoa da enpresa baten funtzionamendu ona arriskuan dagoenean, ez soilik enplegatu baten jokabide txarraren susmoa dagoelako, zenbait enplegaturen ekintza hitzartu baten susmoa dagoenean baizik, horrek konfiantza falta nabarmena sortzen baitu oro har lantokiko giroan”.
Kontuan izan behar da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2019ko urriaren 17an emandako epai hori 2009an gertatu ziren gertakariez ari dela, erregulazio berri bermatzaileago bat aplikatzeko aukera izan baino lehenagokoez (2018ko maiatzean): Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorraz (EB) ari gara; Erregelamendu horretan, 12. artikulutik 15.era bitartekoek datu pertsonalen tratamendurako informazioa jasotzeko eskubidea xedatzen dute, eta, testu horretan, ez dago salbuespenik. Horregatik, Erregelamendu horrek esparru bermatzaileago bat indarrean jarri duen honetan, zentzuzkoa da galdetzea Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakia bestelakoa izango ote zen.
Europako Auzitegi horren epaia Espainiako Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 25eko 25/2919 epaia itxura batean doktrina bermatzaileago baten alde agertzen ari zenean etorri da (2010eko gertakariak epaitzen ari delarik), oro har ezkutuko kamerak erabiltzea debekatzen baitu, nahiz eta kazetaritzako lanbideaz ari den (lan-harremanetara estrapola daiteke).
Gainera, 2019ko urriaren 17an Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako epai horrek kontraesana adierazten du 2018ko urtarrilaren 9an López Ribaldaren auzian Giza Eskubideen Europako Auzitegi horrek berak emandako epaiaren doktrinarekiko; izan ere, azken horrek zioen Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 8. artikulua urratzen zela, izaera pertsonaleko datuen babeserako eskubideez esplizituki eta anbiguotasunik gabe langileei aurrez informazioa eman gabe bideozaintzako sistema bat ezarriz. Legegintzaren esparruan gauzak argitu nahian, Espainian indarrean dugu 2018ko abendutik 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; hala dio 89.1 artikuluko 2. paragrafoak: “enplegatzaileek zilegi izango dute kamera-sistemen bidez edo bideokameren bidez lortutako irudiak tratatzea, langileak edo enplegatu publikoak kontrolatzeko, Langileen Estatutuaren 20.3 artikuluan eta funtzio publikoaren gaineko legerian, hurrenez hurren, ezarritako eginkizunak betetzen dihardutenean, baldin eta eginkizun horiek haien lege-esparruaren barruan eta esparru horri dagozkion mugen barruan egikaritzen badira. Enplegatzaileek neurri horren JAKITUN JARRI behar dituzte langileak edo enplegatu publikoak eta, hala badagokio, baita haien ordezkariak ere, ALDEZ AURRETIK, berariaz eta argi eta labur.
Langileek edo enplegatu publikoek LEGEZ KONTRAKO AGERI-AGERIKO EKINTZAREN BAT egin dutela antzematen bada, informatzeko eginbeharra jadanik betetzat joko da, baldin eta lege organiko honen 22.4 artikuluan aipatzen den gailua, gutxienez, existitzen bada” (informaziogailua erraz ikusten den toki batean jartzen denean eta gailuak gutxienez hauen berri ematen duenean: tratamenduaren berri, arduradunaren identitatearena eta 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 15.etik 22. artikulura artekoek xedatutako eskubideak egikaritzeko aukerarena. Era berean, informazio horretara daraman lotura-kodea edo Interneteko helbidea sartu ahalko da informaziogailu horretan).
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 2019ko ekainaren 4an emandako epaiak (969/2019 errek.) Lege Organiko hori aplikatu du, eta deusez deklaratu ditu gailu baten bidez grabatutako irudiak, langileei berariaz eta aski den modu batean gailu horren berri eman ez zaielako.
Hortaz, aipatutako jurisprudentzia eta indarreko legeria kontuan hartuta, ondorio hauek atera daitezke:
a) EZ da beharrezkoa langileen BERARIAZKO ADOSTASUNA lantokian lan-jarduera kontrolatzeko xedez irudiak grabatu ahal izateko.
b) Lantokian bideozaintzako kamerak daudenean eta lan-kontrola dutenean xede, horren BERRI eman behar da.
c) “LAGILEAK LEGEZ KONTRAKO AGERI-AGERIKO EKINTZAREN BAT” egiten ikusten badira grabazioan, informatzeko eginbeharra jadanik betetzat joko da, betiere, aurrez gutxienez informazioa emateko gailu bat erraz ikusten den toki batean dagoenean, eta, gutxienez, hauen berri ematen duenean gailuak: tratamenduaren berri, arduradunaren identitatearena, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 15. artikulutik 22.era artekoek xedatutako eskubideak egikaritzeko aukerena.
José Angel Moral. Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
