logo-ekfb
Itzuli

Bilboko Euskalduna Jauregian egindako Kirol Autonomikoaren II. Biltzar Nazionalak arrakasta izan du

Hizlari, aditu eta mahai-inguruetako partaideek kirolaren oinarrizko gaiak landu zituzten, hiru gai-multzotan antolatutako egitarauan

Besteak beste, hauek parte hartu zuten: Pepu Hernández, Javier Clemente, Almudena Cid, Ion Iriberri eta Natalia Vi-Dufresne

Atal honetan, Kirol Autonomikoaren II. Biltzar Nazionalaren berri emango dugu hil honetan. Iaz Valladoliden egin zen, eta aurten Bilbon, Euskalduna Jauregian, hain zuzen ere, 2023ko azaroaren 11n, larunbatez. CUFADEren jardunaldi horretan, kirolari buruzko zenbait alderdi esanguratsu landu zituzten hizlari ezagunek, adituek eta mahai-inguruetako partaideek. Zenbait gai-multzotan antolatu zen egitaraua; besteak beste, hauek: kirol-kudeaketa, alderdi tekniko eta kirolekoak, eta komunikazioa eta joera berriak.

CUFADE Espainiako Kirol Federazioen Batasunen Konfederazioak bultzatu zuen ekitaldia, eta Euskal Kirol Federazioen Batasunak antolatu zuen, autonomia-erkidegoetako kirolaren balioa nabarmentzeko gizartearen aurrean. Ekitaldiak, asteetako prestaketa-lanen ondoren, arrakasta handia izan zuen, eta, amaitzeko, txapelak eman zizkieten Javier Zuriarrai EKFPren sortzaileari, Basque Team fundazioko Olatz Legardari, Silvia Murieli, genero-inklusioaren alde egin duen funtsezko lanagatik, eta Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariei, besteak beste.

Biltzarraren helburua izan zen, beste behin, erakunde, kirol-federazio eta klubetako kirol-agintari, langile eta kolaboratzaileei eguneroko kudeaketa hobetzeko behar dituzten

tresnak ematea, batetik; eta oinarriko kirolaren atzean dagoen lana ezagutaraztea, oinarriko kiroletako erakundeen kudeaketa hobetzeko baliabideak eskaintzea eta ideia eta proiektuak sortzeko eztabaida-gune bihurtzea, bestetik. Gainera, parte-hartzaileen artean harreman profesional eta pertsonalak sortu ziren. Jardunaldian, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriagak hitz egin zuen azkena, eta, gero, Madrilgo ordezkariak hartu zuen lekukoa, hurrengo Biltzarra han egingo baita.

Euskalduna Jauregian egindako II. Biltzarrari hauek eman zioten hasiera: Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, eta Ángel Gurrutxagak, Euskal Kirol Federazioen Batasuneko lehendakariak. Gero, zenbait hitzaldi mediatiko izan ziren, hala nola Javier Clemente futbol-hautatzaile ohiarena eta Pepu Hernández saskibaloi-hautatzaile ohiarena.

Kirol-kudeaketaren atalean, aseguruei buruzko hitzaldi bat eman zuten; eta ekitaldien antolaketaren arloan, Mikel Gurutzetak, Tourreko gobernu-koordinatzaile nagusiak, eta Natalia Via-Dufresne estropadalari eta Joko Olinpikoetako dominadunak (Belako Amerika Kopa) parte hartu zuten. Sergi Miquelek eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek mezenasgoaren legeari eta fiskalitateari buruz hitz egin zuten, eta Dorleta Ugaldek, Silvia Murielek eta AMDP elkarteko kide Arantxa Uriak genero-inklusioari buruz. Horrez gain, kirolaren kudeaketa publikoari buruzko mahai-inguru bat ere izan zen, non Josep Monrásek, Alberto Bustosek eta Asfedebik parte hartu baitzuten. Kirolaren bidezko gizarte-inklusioari buruzko eztabaida bat ere izan zen.

Komunikazioaren eta joera berrien atalean, Carlos Pinedak, Parisko Olinpiadetako adimen artifizialaz arduratzen den ST37 enpresako zuzendari nagusiak, adimen artifizialari buruzko hitzaldi bat eman zuen; kirol-ingeniaritza eta sistemetako STT enpresak, kiroleko teknologiari buruzkoa (azterketa biomekanikoetarako sentsoreak); ADESPek (Espainiako Kirol Elkartea) eta Green Deal proiektuko (UFEC) kide Gisela Ibáñezek, kirolaren jasangarritasunari buruzkoa; José Alberto Martín Manjarresek, kirol federatuaren bilakaerari buruzkoa; eta Oviedoko Unibertsitateko kide María Fernándezek eta EUNEIZ Unibertsitateko ordezkari Rubén Jiménezek, kiroleko elikadura-nahasmenduei buruzkoa.

Kiroleko teknikari dagokionez, medikuntzari eta kirol-psikologiari buruzko hitzaldiak nabarmendu ziren. Batetik, “Kirolarien osasunari eta errendimenduari buruzko gaur egungo ikuspegia”, zeina Toni Tramullas Juanek (kirol-medikua, Barcelona FCko mediku ohia eta Qatarreko Aspire Academy-ko zuzendari medikoa) eta Adrià Tramullas Mas kirol-kardiologoak eman baitzuten. Eta bestetik, “Ebidentzia zientifikoetan

oinarritutako kirol-medikuntza: oraina eta geroa”, zeina Julen Ucin Gurrutxagak (Erronka Kirol Medikuntzako medikua eta Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologia saileko irakasle elkartua) eta Haritz Esnal Amundarainek (medikua eta Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa saileko irakaslea) eman baitzuten.

Gainera, beste hainbat gai interesgarriz ere hitz egin zuten: Basque Team fundazioaren Laneratzea proiektuko kide Olatz Legartzak “Eliteko kirolarien biharamuna” hartu zuen hizpide; Kirolaren Euskal Eskolako ordezkariak, Ion Iriberrik, kirol-titulazioez jardun zuen; Almudena Cidek, emakumeen kirolaz; María Ruiz De Oñak, taldeak kudeatzeaz; eta Matteo Samaranchek, ekoizpen automatizaturako teknologiaren eta adimen artifizialaren arloko ATM MEDIA enpresako negozioaren garapeneko zuzendariak, kiroleko industria aplikatuaz. Biltzarra amaitu zenean, Ángel Gurrutxaga, EKFBko presidentea, pozik zegoen “kirol autonomikoa lehen mailan jarri duen jardunaldiaren arrakastarekin”.

Lotutako berriak