Jende askok bizikleta aukeratzen du bide publikoetan ibiltzeko garraiobide gisa. Merkea, erosoa eta osasungarria da, eta, txikia denez, erraz garraia daiteke. Azken ezaugarri hori dela eta, bizikleta da gainerako erabiltzaileek gutxien ikusten dituzten eta, beraz, ahulen diren garraiobideetako bat.
Logikoa denez, uda iristean, eta Frantziako Tourra gure errepideetan arrakastaz igaro ondoren, gora egingo du egun hauetan bizikletaren erabilerak. Horregatik, egoki baino egokiagoa da mota horretako ibilgailuei buruzko zirkulazio-arauak berrikustea. Arau horiek berebiziko garrantzia dute txirrindularientzat eta bide publikoaren gainerako erabiltzaileentzat.
- Telefono mugikorra, EZ. Erabat debekatuta dago telefono mugikorra erabiltzea bizikleta gidatzen ari garenean. Debekatuta daude, era berean, soinu-hargailu edo -erreproduzitzaileei konektatutako entzungailuak. Entzungailuek entzuteko gaitasuna mugatzen dute, eta arreta galaraz dezakete.
- Galgatuko dugula ohartaraztea. Txirrindulariak honela ohartaraz dezake bat-batean galgatuko duela: besoa gora eta behera mugituz, txandaka, mugimendu labur eta azkarrekin. Seinalea gomendagarria da atzetik jotzea saihesteko, baina ez da derrigorrekoa inoiz, eskulekua askatzea eskatzen baitu oso erreakzio azkar batean.
- Bidegorritik. Segurtasunagatik, gomendagarria da hirian eta errepidean bidegorrietatik zirkulatzea beti, seinaleren batek behartzen gaituenean izan ezik.
- Alkohol-tasa. Txirrindulariei ere eragiten die gidarientzako alkoholemia-tasa maximo orokorrak (0,5 g/l alkohol odolean, edo 0,25 mg/l botatako arnasan). Era berean, gainerako gidariek bezala, derrigor egin behar dute alkoholemia-testa, agenteren batek hala eskatuz gero. Izan dezagun gogoan 0,0 dela alkohol-tasa seguru bakarra.
- 7 urte arteko bidaiari bat. Bizikletetan, 7 urtera arteko bidaiari bat baino ezin da eraman, eserleku gehigarri homologatu batean, betiere gidaria adin nagusikoa bada.
- Argiak erabiltzea. Gauez ibiltzean edo azpiko pasagune edo tuneletan zirkulatzen dutenean, txirrindulariek argiak piztuta eraman behar dituzte, aurrekoak zein atzekoak, haiek berek ikusteko eta gainerakoek haiek ikus ditzaten.
- Lehentasuna eman oinezkoei. Txirrindulariek ere utzi behar diete pasatzen oinezkoei, bai behar bezala seinaleztatutako oinezkoentzako pasaguneetan, bai beste bide batean sartzeko biratzen ari direnean eta oinezkoak zeharkatzen ari direnean, nahiz eta haientzako pasabiderik ez egon.
- Pasatzeko lehentasuna. Txirrindulariek pasatzeko lehentasuna dute, ibilgailu motordunen aldean, hauetan zirkulatzean: bidegorriak, txirrindularientzako pasabideak eta behar bezala seinaleztatutako bazterbideak. Gainerako egoeretan, beste erabiltzaile batzuen lehentasunak errespetatu behar dituzte, arauek eta seinaleek ezartzen dutenari jarraituz.
- Taldeak biribilguneetan. Txirrindulariek, taldean doazenean, lehentasuna dute –guztiek, lehenengotik azkenekora– biribilguneetan eta gainerako bidegurutzeetan, lehenengo txirrindularia bertan sartu den unetik.
- Abiatzea. Abiatu aurretik, txirrindulari guztiek –gainerako gidariek bezala– begiratu egin behar diote sartzekoak diren bideari, egiaztatu ez dabilela hurbil beste ibilgailurik edo urrunegi daudela abiatzean arriskurik izateko, eta maniobra seinaleztatu behar dute.
- Seinaleak errespetatzea. Seinaleak, semaforoetakoak zein bertikalak (stop, pasatzen utzi, abiadura mugatua…), gidari guztientzat dira, txirrindularientzat ere bai.
- Maniobrak seinaleztatzea. Zirkulazioan sartzea ez ezik, beste maniobra batzuk ere seinaleztatu behar dira bizikletan, hala nola biratzea, noranzkoa aldatzea eta erreia aldatzea. Seinaleak eskuineko besoarekin egin daitezke, sorbaldaren altuerara horizontalki luzatuz, edo ezkerrekoarekin, angeluan tolestuz.
Arau orokor horietaz gain, beste arau zehatzago batzuk ere aplikatzen zaizkio ibilgailu-mota horri:
Herriguneetako bideetan:
- Kaskoa. Denentzat da gomendagarria, baina 16 urtetik beherakoentzat baino ez da derrigorrezkoa.
- Oinezkoen pasabideak eta txirrindularien pasabideak. Bizikletek txirrindularientzako pasabideetan baino ez dute lehentasuna; oinezkoentzako pasabideetan, ordea, inoiz ez, nahiz eta askok oraindik hala dela pentsatu. Errepidea oinezkoentzako pasabide batetik zeharkatzeko, bizikletatik jaitsi, eta oinez gurutzatu behar dugu.
- Espaloitik, EZ. Debekatuta dago espaloietatik eta oinezkoentzako edozein gunetatik zirkulatzea, salbu eta erabilera partekaturako seinaleztatuta badaude.
- Eskuinetik. Bidegorririk ez badago (kasu horretan, bertatik zirkulatu beharko lukete), galtzadaren eskuineko ertzetik hurbil zirkulatuko dute bizikletek, eta segurtasun-tartea utziko dute zintarritik edo aparkatutako ibilgailuetatik. Eta taldean badoaz, gehienez ere biko zutabeetan zirkulatu ahal izango dute.
Herriguneetatik kanpoko errepideetan:
- Islatzaileak. Argiak piztea nahitaezkoa denean, jantzi islatzaile bat ere eraman beharko dute soinean, gainerako gidariek 150 metrora bereiz ditzaten.
- Kaskoa. Herriguneetatik kanpoko errepideetan, nahitaezkoa da kasko homologatua erabiltzea, hiru kasutan izan ezik: igoera luzeetan, muturreko beroa egiten duenean edo arrazoi medikoengatik.
- Bazterbidetik. Bideak ez badu behartzen haientzako nahitaezko errei bat erabiltzera, eskuineko bazterbidetik zirkulatuko dute, halakorik badago; jaitsiera luzeetan baino ezin izango dute utzi, betiere horretarako segurtasun-baldintzak badaude.
- Paraleloan. Txirrindulariek ezin dute tropelean zirkulatu bide publikoetan. Bai, ordea, paraleloan edo biko lerroetan; dena den, hala badoaz, ikuspenik gabeko tarteetara iristean edo aglomerazioak sortzen direnean, ilaran jarri beharko dute.
Trafiko Zuzendaritza Nagusiak emandako 20 aholku horietan ikus dezakegunez, bizikleta baten gainean jartzean ibilgailu-gidari bihurtzen gara,eta, horregatik, eragiten diguten arauak ezagutu behar ditugu, guztiontzat seguruagoa den modu batean gidatu ahal izateko.
