Premio Mutualia Diputacion Bizkaia
Itzuli

BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN proiektua, aniztasunaren Mutualia Sariaren irabazlea, inor atzean ez uzteko helburuarekin sortu da

Joan den apirilaren 30ean, Bizkaiko Foru Aldundiak 2022ko Mutualia Saria jaso zuen, Enpresako Aniztasunaren kategorian, «Adimen-urritasuna duten pertsonak Bizkaiko Foru Aldundiaren antolamenduan sartzea eta barneratzea» proiektuagatik.

Araubide Juridikoaren eta Funtzio Publikoaren zuzendari nagusi César González de Heredia Marurirekin solas egin dugu.

Zertan datza proiektua?

Proiektuaren funtsa inor atzean ez uztea da, pertsonak % 100 gai garela eta, batzuetan, desgaitasuna inguruak eragiten duela ulertzea. Horregatik eraldatu behar dira, pertsona guztiok geure trebetasunak garatu ahal izateko, eta, ildo horretan, proiektu honek desgaitasun intelektuala duten pertsonengan jartzen du arreta. Hala, karrerako funtzionario izatera iritsiko dira, lan egingo dute, eskubide eta betebeharrak izango dituzte, gainerakoek bezala, eta BFAk ematen dituen zerbitzu publikoak garatzen lagunduko dute.

Nola sortu zen proiektua, eta noiz hasi zen ezartzen?

Proiektua 2017aren hasieran sortu zen, Bizkaia Egiten estrategiaren barruan, eta urte natural hartan geure burua trebatu eta erakundea erronka horretarako prestatu genuen. Ondorioz, lanpostuak eta jarduera-prozesu eta -prozedura guztiak berrikusi ziren funtzio publikoaren maila guztietan, baita zeharkakoagoak diren beste batzuetan ere. Kolektiboarentzako erreserbatu beharreko lanpostuak finkatu ondoren, erabakigarria izan da hirugarren sektorearekiko lankidetza, horrek ahalbidetu baitzuen zuzentzen zitzaion kolektiboaren ezaugarrietarako benetan eraginkorra izango zen deialdi bat egitea. Deialdiak –datua azpimarratu beharra dago– ohiko deialdi baten betekizun guztiak izan zituen. Besterik gabe, teknikak, materialak eta prozedurak egokitu ziren, eta, jakina, edozein deialditan exijitzen diren lege-betekizun guztiak bete ziren. Deialdiaren beraren osteko prozesuak ere egokitu ziren, eta enplegu-hitzarmen bat sinatu zen, hirugarren sektoreko erakundeen laguntzarekin, plazak lortu zituztenei beren lan-bizitzan laguntzen dien lan-prestatzailearen figura bermatzeko.

 Zer emaitza izan da, ezarri zenetik?

Oso emaitza onak lortu dira; izan ere, mota horretako bigarren deialdian gaude. Mota horretako deialdi bat egin zuen Euskadiko lehen administrazioa izan ginen –langile finkoentzat, berriro diot–, eta orain halako deialdi bat errepikatuko duen lehena izango gara. Ez dut esango arazorik egon ez denik, proiektu guztietan bezala egon baitira, baina garrantzitsuena da horiek konpontzen asmatu dugula, jarduteko era berriak sortuz. Horrek aurreko zenbait modus operandi aldatzea eta, are, baliogabetzea dakar: etengabe geure burua trebatzea, langileak sentsibilizatzea, komunikazioa indartzea, batez ere berritzea… Horrek aukera eman digu etorkizunari begiratzeko, eta, beste deialdi bat egiteaz gain, bestelako erronkak jartzeko geure buruari: lanpostu berriak sortzea, prestakuntza espezifikoaren beharra edo beharrik eza, barne-sustapena, etab.

 Aplika daiteke beste erakunde batzuetan?

Bai, erabat. Lidergo-kontua da. Tresnak egon badaude; beraz, behin erabakia hartuz gero, ekiteak hainbat fase ditu, proiektu guztiek bezala, eta erakundeak heldutasun-maila ertaina izan behar du, baina hori bere burua berritzeko eta helburua lortzeko prest dagoen edozein egituratara estrapola daiteke. Jakinik, gainera, errentagarria dela, etekin ekonomikoari zein sozialari dagokionez.

César González de Heredia Maruri MUTUALIA SARIA JASOTZEN
Bizkaiko Foru Aldundia: 2022ko Mutualia Sariduna

Lotutako berriak