
Boleibola gure kirolen artean espazio garrantzitsua duen beste modalitateetako bat da. Euskal Kirol Federazioen Batasunak espezialitate dibertigarri horretan aritzea gomendatzen dizue; badugu euskal talderik lehiaketa ofizialean, esaterako: Galdakao, Sestao, Deusto, Lekeitioko Marierrota, Fortuna, Aranbizkarra eta Kostkas Igartza. Gainera, Maider Santxo Soto eta Kattalin García Lopategi hondartza-boleiboleko modalitateko jokalari gazteek Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituen Bizkaia Kirolak Sariak lortu zituzten orain dela gutxi. Atal honetan egin ohi dugun bezala, boleibolean aritzeak dituen askotariko onuretako batzuk aipatuko ditugu. Lekualdatze gutxiko kirol bat da; beraz, ez da hain zorrotza maila kardiobaskularrean. Hori dela eta, positiboa da pertsona batek denbora luze eman badu jarduera fisiko gehiegirik egin gabe. Kirol atsegina da ildo horretatik, bai eta indarrari begira ere, ez baitago kontakturik. Sare baten banantzen ditu bi taldeak. Alderdi aerobikoan nabarmentzen da, saltoak, azkartasuna eta arintasuna tarteko. Ez dugu tonu fisiko izugarri onean egon behar, ahalegin normala eginda aritu baikaitezke joko dibertigarri honetan. Boleibolean zangoak eta gluteoak trebatzen dira gehienbat. Belaunak flexionatuta daude beti, aurkariak sakea egin eta pilotaren zain; ondorioz, koadrizepsak gogortzen dira.
Salto egitean, batik bat saretik gertuen dagoen defentsak, edo errematea egitean, intentsitate handiz trebatzen dira bikiak eta abdominalak, ekintzak eskatzen duen zurruntasuna dela eta. Gainera, besoak etengabe goratzen dira, eta bizkarraren goialde osoa trebatzen da. Gimnasioan, pisuekin eta hainbat gailurekin eta abdominalekin egin daitezke jarduera hauek. EKFBren atal honetan jorratzen dugun kirol bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu, eta horiek ezagututa gehien komeni zaigunean aritzen has gaitezke. Kasu honetan, boleibola, osasunerako nahiz ongi pasatzeko da aproposa, dela estilo klasikoa, dela hondartza-boleibola. Azken hori gero eta zabalduago dago gure hondartzetan, batez ere orain uda gerturatzen ari zaigula.
Kide bakar batekin nahiz talde osoan jokatu daiteke boleibolean, eta pabilioi baten barruan nahiz hondartzan; beraz, modu bikaina da beste pertsona batzuekin batera egoteko. Erresistentzia hobetzen du, osteoporosia prebenitzen du, koipea eta kaloriak erretzen ditu, antsietatea murrizten du, metabolismoa errazten du, muskulu eta nerbioen errendimendua hobetzen du, baita kontzentrazioa ere, bihotz-osasuna handitzen du, obesitate-arriskua murrizten du, gorputzari forma ematen dio, barne-organoak elikatzen ditu, oreka eta abiadura optimizatzen ditu, begi eta eskuen koordinazioa hobetzen du, eta gaitasun aerobikoa egokitzen du. Eta oso kirol dibertigarria da. Gainera, jarraitutasuna izanez gero, gorputza hobe daiteke; alegia, tonifikatu eta pisua galdu. Halako jarduera batean arrakasta izateko oinarria, batik bat maila onean jokatuz gero, elikadura ona da. Boleibola talde-kirol popularrenetako bat izan da beti, futbolaz, saskibaloiaz, eskubaloiaz eta errugbiaz gain. Kirol honek kidearekin lan egiten irakasten digu, eta onurak dakarzkigu, bai gorputzaren osasunerako, bai sasoi onenean egoteko.
