Itzuli

BONUS

2015eko kanpaina eta aldaketa normatiboak

2015eko ekainaren 30ean, 2015eko kanpainari dagozkion Bonus pizgarriak eskatzeko epea bukatu zen. Azter dezagun nolakoa izan den kanpaina eta zer aldaketak eragingo dioten etorkizunean Bonus pizgarrien sistemari.

Bonus pizgarri sistema arautzen duen 404/2010 EDa, apirilaren 1ekoa, argitaratu zenetik urtero gertatu den bezala, aurten ere apirilaren 1etik ekainaren 30era luzatu da eskariak aurkezteko epea.

Kanpainako hiru hilabete hauetan, 131 enpresak 137 eskaera aurkeztu dituzte guztira Mutualian. Horrek esan nahi du % 16 baino gehiago egin duela gora eskaera kopuruak, 2014an aurkeztutakoekin alderatuz.

Gure kalkuluen arabera, 137 eskari horiez gain, Mutualiako kide diren gutxienez sei enpresak beste mutualitate batean aurkeztuko dute beren eskaera, mutualitate horrek babesten duelako beren kotizazio nagusiko kontu-kodea. Beraz, kanpaina honetan Bonus pizgarria 143 eskaerak jaso ahal izango dutela kalkulatzen dugu.

Halaber, 143 eskaera horiek guztira 1.900.000 €-ko pizgarria lortu dezaketela kalkulatzen dugu. Horrek esan nahi du eskaeren batez besteko pizgarria 13.000 €-tik gorakoa izango dela. Guztizko kantitate hori Mutualiak laneko gertakariengatik bildutako kuoten % 1,02 da.

Eskaera bakoitzeko itzuli beharreko gertakariengatiko kuoten batezbesteko ehunekoa ordaindutako kuoten % 8,72ra irits daiteke (% 5 gutxienez eta % 10 gehienez, kasu guztietan inbertsioek ezartzen dutelarik muga).

Behaketa-aldiari dagokionez, eskaeren % 95ek 2014. urtea eskatu dute behaketa-aldi gisa; gainerako % 5ek 2013. urtea eskatu dute behaketa-aldi gisa, eta 2014. urtea laneko gertakariengatiko gutxieneko kotizazio-bolumena, 5.000 €, lortzeko.

404/2010 EDak, apirilaren 1ekoak, xedatzen duen bezala, Mutualiak eskaeren proposamen-txostenak helarazi zizkion abuztuaren hasieran Gizarte Segurantzaren Antolaketako Zuzendaritza Nagusiari, zuzendaritza organo horrek baloratu ditzan eta eskari bakoitza onartzea edo ezeztatzea ebatzi dezan.

Aurtengo kanpainari dagozkion proposamen-txostenetan, lehen aipatutako 137 eskarietatik 127 ontzat ematearen alde egin dugu; gainerako 10 eskaeren kasuan, berriz, ez dugu proposamen-txostenik egin, beste mutualitate batzuekin partekatutako kotizazioen kontu-kodeak dauzkatelako edo Gizarte Segurantzaren kudeaketan laguntzen duten enpresak direlako eta, beraz, behar den informazio guztia ez daukagunez, proposamenik gabe bidali ohi ditugulako mutuok haien eskaerak.

Aurreko kanpainetako esperientziaren arabera, ez dugu uste Gizarte Segurantzaren Antolaketako Zuzendaritza Nagusiak 2016aren amaiera baino lehen ebatziko dituenik eskaera horiek.

Bestalde, martxoan iragartzen genuen bezala, Bonus pizgarrien sisteman aldaketak egingo direla aurreikusten da, pizgarria eskatzeko, onartzeko eta ordaintzeko prozesua bizkortzeko eta sinplifikatzeko. Hona hemen aurreikusten diren aldaketarik garrantzitsuenak:

  • Eskabidearekin batera ez da aurkeztu beharko lan-arriskuen prebentzioan oinarrizko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko enpresariaren edo enpresako ordezkariaren deklarazioa. Pizgarria eskatzeak berak berekin ekarriko du baldintzok betetzen direlako deklarazioa.
  • Ez da beharrezkoa izango instalazioetan, prozesuetan edo ekipoetan lan arriskuak deuseztatzeko edo txikiagotzeko inbertsioak egin direla egiaztatzea. Hortaz, behaketa-aldiko laneko gertakariengatiko kuoten % 5era edo % 10era iritsi ahal izango da pizgarria, inbertsioen zenbatekoaren mugarik gabe, gaur egun ez bezala.
  • Administrazioak dagoeneko baduen informazioari buruz ez da beharrezkoa izango baldintzaren bat betetzen dela egiaztatzeko agiririk aurkeztea eskaerarekin batera; hala, bada, ez da egiaztatu beharko Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean dela eskaera egiteko epea bukatzen denean, edo lan-arriskuen prebentzioaren arloan arau-hauste larri edo oso larriren bategatik zigortua izan ez dela.
  • Eskabidean adierazitako datuak egiazkoak ez badira, jasotako pizgarria itzuli beharko da, eta hasieran esleitutako pizgarriaren % 20ko errekargu bat ordaindu; gainera, beste administrazio-ardura batzuk edo bestelakoak eskatu ahal izango dira.
  • Bonus pizgarriaren sistema finantzatzeari dagokionez, mutuei debekatu egiten zitzaien urte bakoitzean prebentzio eta errehabilitaziorako funtsaren aurreko urteko abenduaren 31ko saldoaren % 3 baino altuagoa zen pizgarri bat ordaintzea, eta horren ondorioz enpresa bakoitzari aitortu beharreko pizgarriak proportzionalki birkalkulatu beharra egoten zen. Bada, muga hori desagertu egin da.
  • Beste zenbait alderdi ez dira aldatzen, ordea. Besteak beste, honako hauek: laneko gertakariengatiko kotizazioen gutxieneko bolumena (5.000 €), bolumen horretara iristeko 4 urte arteko behaketa-aldiak, eta ezbehar-tasaren hiru adierazleen mugak ez gainditzea.

Aldaketok, lehen esaten genuen bezala, erraztu egiten dute eskaera-prozesua, eta ebazpena arintzen. Hurrengo kanpainetan eskaera-bolumen handiagoa espero dugu, eskaera errazagoa izango delako, baina ez dugu ahaztu behar enpresek oinarrizko betebeharrak bete behar dituztela oraindik ere lan-arriskuen prebentzioan, eskabidean halakorik egiaztatu behar ez badute ere. Pentsatzekoa da enpresa txikiak direla aldaketa hauekin onura gehien izango dituztenak, orain arte ez baitzitzaien errentagarria gertatzen eskaera prestatzeko lana, jaso zezaketen kantitatea kontuan hartuta, eta beraz multzo hori izango da ziur aski gehien handituko dena.

Lotutako berriak