Itzuli

Borondatezko eszedentzia baten ondoren itzultzea

lekualdatzeari uko egiteak ez du kaleratzea eragiten

Auzitegi Gorenaren bi epaik berretsi dute, berriki, 1988ko epai batean borondatezko eszedentziari buruz adierazitakoa; azkena, 2017ko uztailean eman da (618/2017 Epaia, uztailaren 13koa).

Aztertutako kasuan, borondatezko eszedentzia baten ondoren lantokira itzuli nahi zuela-eta aurretik zerbitzu ematen zuen herrian ez beste batean lanpostu bat eskaini zioten langile baten egoera ebatzi da. Lekualdaketa horrek bizilekua ere aldatzea eragingo zion; izan ere, kasu zehatz horretan, 300 kilometroko distantzia zegoen.

Enpresak adierazi zuenez, hutsik zegoen kategoria eta maila bereko lanpostu bat eskaini ondoren lanera itzultzeari uko egiteak langilearen igurikimen-eskubidea agortzen dela esan nahi du, eta ondorioz, lan-kontratua suntsiaraztea eta enpresak langilea kaleratzea eragiten du. Langileak adierazitakoaren arabera, berriz, beste herri batean lan egiten hasteari uko egiteak ez du dimisioa eman duela esan nahi, ezta itzultzeko eskubideari uko egin dionik ere, baizik eta eskubideari eusten diola eta enpresariak, langilearentzako hutsune egoki bat sortzen den bezain laster, eskaintza bat egin behar diola.

Logikoki, enpresak langilea lanera itzultzeari ezezkoa emateak ezin du inola ere kaleratzea eragin, borondatezko eszedentzia hartu duen langileak lanera itzultzeko duen eskubidea enpresaren eremuarekin lotuta dagoela ulertzen delako, eremu hori langileak bere eginkizuna betetzen duen esparru geografikoa dela ulertuta, ez enpresa-batasunaren zentzu zabalean ulertuta; kontrakoa esanez gero, enpresak langilearen lanera itzultzeko eskubidea –eszedentzia eman zitzaionetik legez aitortua– beteezin bihurtzeko bide bat irekiko genuke. Hauxe litzateke irtenbide orekatuena; izan ere, Langileen Estatutuan enpresa zentzu zabalean aipatzen den arren –ez lantokiarekin lotuta–, garbi dago artikulua zentzu zorrotzean interpretatzea zaila dela eta horrek langilearentzat ondorio negatiboak izango lituzkeela.

Auzitegi Gorenak xedatu duenez, enpresak ez du bidegabeko kaleratzerik egin, ezta langileak lanpostuari uko egin edo dimisiorik eman ere. Beraz, aurreko egoera ez da aldatu, eta ondorioz, langileak etorkizunean lanera itzultzeko igurikimen-eskubidea dauka.

Lotutako berriak