
Borroka kirolak eta haren jardunak abantaila eta aukera asko ditu hezkuntzaren arloan. Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan ahalmen handia duen eta gaztetxoekin gero eta gehiago erabiltzen den modalitate batez hitz egingo dizuegu hil honetan. Zenbaitek ez dute ezagutzen zer ezaugarri dituen jarduera honek, ezta zer onura ekartzen dituen ere. Pentsatu ohi da, aurreiritzien eraginez, jardun agresiboa dela borroka; baina borrokaren jarduna denbora guztian dago kontrolatuta, eta gero eta gehiago erabiltzen da ikastetxeetan, bertako programetan sartuta, eta hainbat eskola espezializatutan azpimarratzen dute borrokaren irakaskuntza. Borrokaren onuren artean, aipatzekoa da agresibitatea askatu eta kontrolatzen dela, eta jarrera hori beste kirol jarduera batzuetara eta eguneroko bizitzako egoera askotara zabaltzen da, gero. Erantzukizuna ere handitzen da, ikasleei irakasten baitzaie, oinarrizko premisa gisa, gainerako kideen segurtasun fisikoa bermatu behar dela une oro. Izan ere, etengabe hartzen da kontuan zer arrisku duen egingo den ekintzak, bai norberarentzat bai aurrez aurre dagoen pertsonarentzat. Segurtasun handia lortzen da, ikasleak izan litezkeen erorikoekin ohitzen direlako eta orobat ohitzen direlako ondo ulertutako kontaktu fisikoarekin. Horrez gainera, hobetu egiten da egoera fisikoa: indarra, abiadura, erresistentzia, erreflexuak, intuizioa eta malgutasuna. Kirol espezializazio hau egiteko, erabakitze, pertzepzio eta gauzatze eskema asko behar dira, espezialitatearen jardunean sortzen den ziurgabetasunari erantzun ahal izateko. Eragin handia du, halaber, pertsonen hezkuntzan eta izaeraren hobekuntzan, jarduera horien ikuspegi egokiarekin, betiere. Borrokaren bitartez estresa arintzen da, eta, espezialitateak pisuaren arabera banatuta daudenez, ikasle guztien integrazioa bultzatzen da, pisu, altuera… askotako pertsonek egin baitezakete.
Borrokan lantzen den zentzumenetako bat ukimena da, eta hainbat trebetasun motor lantzen dira, hala nola desplazamenduak, biraketak eta beste hainbat mugimendu. Motibazioa ere indartzen da borrokaren bitartez, bai eta beste gaitasun psikomotor batzuk ere, besteak beste, gaitasun afektiboak, beste pertsona batzuekiko harremanak,
eta elkarrekintza eta gizarteratzea. Eta, jakina, arauen eta lehiakideen errespetuari jarraitzen zaio. Izan ere, borrokan, buruz burukoan, aurkaria eraistea da helburua, haren desoreka bilatuz. Markatu ere egin daiteke, aurkariaren gorputzaren zatiren batean jotzeko, hura iraultzeko, botatzeko, bultzatzeko, eraisteko, desorekatzeko… Borrokari aplikatutako aditz horien guztien bitartez honakoak lortzen dira: babeserako oinarrizko teknikak barneratu, kirolarien egoera fisikoa oro har hobetu, gainerako kideak errespetatu, indarra kontrolatu, erantzukizunak hartu, oreka eta koordinazioa hobetu, eta, horiez guztiez gain, borroka moduen jatorria ezagutu. Zenbaitzuek bestela pentsa badezakete ere, kirol hauek laguntza handikoak dira gatazkak saihesteko, nor bere buruarekin seguruago sentitzeko, gogo aldartea hobetzeko eta ongizate sentipena edukitzeko; horrez gainera, egoera fisiko onean eta egokian egoten laguntzen dute. Orobat, borrokan beharrezkoa da diziplina, funtsezkoa bizitzako edozein alderditan. Horiek guztiak dira gero eta zabalduago dagoen kirol honen ezaugarri bereizgarrienak.
