
Bizi-kalitatea aldatzen duen larritasun handiagoko edo txikiagoko koadro batekin azaltzen da, DGTren arabera, koronabirusak eragindako infekzioa; beraz, gidatzeko gaitasunari eragin diezaioke, eta zirkulazio-istripu bat izateko arriskua areagotu dezake. Hauek dira, besteak beste, gaixotasunaren seinale fisikoak: sukarra, eztula, dastamena galtzea, muskuluen ahultasuna, zorabioak, arnas zailtasun akutuaren sindromea (SDRA), alterazio kardiobaskularrak, glukosaren metabolismoa, kontzientzia maila, eta abar. Gainera, osasun mentaleko adituek diote areagotu egin direla estresa, kontzentraziorako zailtasunak eta insomnioa. Ikus dezakegunez, bizitzako eremu guztiei eragiten diete sintoma horiek guztiek, eta, beraz, bide-segurtasunean ere eragiten dute, istripu-arriskua areagotzen baitute.
Valentziako Unibertsitateak bide-segurtasunari eta ibilgailuak gidatzeari buruz egin duen azterketa baten arabera, gidari profesionalen %38k larrialdi-egoeraren aurretik sumatzen zuena baino istripu-arrisku handiagoa sumatzen du orain. Profesionalen ia %55ek azaldu du gidatzerakoan lehen baino errazago galtzen duela arreta; %41ek dio krisiaren aurretik baino nekatuago dagoela, eta 10etik 6k, lo egiteko eta atseden hartzeko arazo gehiago dituztela alarma-egoeran gaudenetik. Azpimarratu behar da, halaber, azterketan parte hartu zuten gidarien %58k aitortu duela arau-hauste gehiago egin dituela alarma-egoera indarrean jarri zenetik, batez ere gizarte-bizitzarako beharrezkoak diren produktuak hornitzerakoan denbora aldetik izan duten presioagatik, nekeagatik eta estresagatik.
Horren aurrean, galdera garbia da: zer egin dezakegu gure egunerokoan gidatzen ari garenean? Plutarkoren Bizitza paraleloak liburuan dagoen adibideari jarraituz, COVID-19aren pandemia eta zirkulazio-istripuak (gure garaiko beste pandemia handia) alderatuko ditugu.
SEGURTASUN-TARTEA. Argia da bien arteko paralelismoa: gizarte-tartea eta segurtasun-tartea. Lehenak %90 murrizten ditu kutsatzeak, eta bigarrenak, berriz, urtean 19.000 zirkulazio-istripu saihesten ditu. Tartea edo distantzia dago guztiaren oinarrian.
HIGIENEA ETA MANTENTZE-LANAK. Higieneari eta mantentze-lanei dagokienez, funtsezkoa da eskuak eta ibilgailuaren puntu kritikoak desinfektatzea (atea irekitzeko heldulekuak, bolantea, keinukariak, abiadura-palanka, etab.). Gainera, oso gomendagarria da sarri aireztatzea, gidatzeak sortzen duen nekea murrizteko; eta, era berean, funtsezkoa da leku itxietan, COVID gaitza kutsatzea saihesteko.
BABESA: SEGURTASUN-UHALA ETA MASKARA. Musukoa edo maskara erabiltzeak %17tik %3ra bitartean murrizten du kutsatzeko arriskua, eta segurtasun-uhala erabiltzeak, berriz, %50 murrizten du istripuetan hiltzeko arriskua.
OBJEKTUAK BOTATZEAK DUEN ARRISKUA. Ibilgailuetatik objektuak botatzeko jarrera arriskutsua zabaldu zenean, jokabide hori zigortzeko arauak onartu beharra sortu zen, jarrera horrek istripuak eragin baititzake, eta, zigarro-punten eta kristalen kasuan, suteak ere sortu baititzake. Antzeko beharra sortu da orain: COVID-19ak eragindako pandemian, maskarak kalean eta bideetan botatzeko ohitura txarra zabaldu da, eta, beraz, jokabide hori errotik erauzi beharra dago, ingurumenari kalte egiten diolako eta osasunarentzat arriskutsua delako (kutsatzeko arriskua).
Ondorio gisa, Bide Segurtasuna sistema seguru deritzonera heldu da mundu mailan; oinarrian, guztiok dugun erantzukizuna da, eta, nahiz eta akats puntual batzuk egin, hainbat elementu inplementatu behar dira, teknologia, esaterako, emaitza kaltegarriak minimizatzeko. Eta aditu batzuen arabera, esperientzia hori COVID-19aren pandemiara eraman daiteke, hor ere elementuak inplementatuz, hala nola hezkuntza, erantzukizuna, hirigintza arduratsua, eta abar.
Horregatik, bete ditzagun gizarte-erantzukizuneko arauak eta espero dezagun dena azkar pasatzea.