ODS_COVID
Itzuli

COVID19 krisia: Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortzeko bultzada

NBEk gonbita egin digu COVID-19aren pandemiak eragindako krisia Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortzeko bultzada bihurtzeko. Aukera bat da pertsona guztiok modu solidarioan jarduteko eta GIHak betetzeko lanean jarraitzeko.

Gure eguneroko ohituretan eta baliabideen kudeaketan aldaketak birplanteatzeko unea da.

3.GIH indartzea (osasuna eta ongizatea) inoiz baino agerikoagoa da egun hauetan. Hezkuntza, ikaskuntza eta lankidetza zientifikoa ere (4. GIH) bultzatu beharreko indarguneak dira.

Jakina da infekzioen transmisioa murrizteko modurik eraginkorrenetako bat eskuetan higiene egokia mantentzea dela. Eta ezin dugu ahaztu hiru mila milioi pertsona inguruk ez dutela eskuak garbitzeko oinarrizko instalazioetara joaterik (6.GIH).

Lanaren Nazioarteko Erakundearen kalkuluen arabera, ia 25 milioi pertsonak lana gal lezakete COVID-19ak eragindako krisi ekonomiko eta laboralaren eraginez. 8.GIHak lan duina izateko eskubidea jasotzen du, eta hazkunde ekonomikoaren aldeko apustua egiten du. Hala ere, COVID-19aren pandemiak familia-unitatean diru-sarrerak galtzea dakar, eta, hortaz, kolektibo ahulenak pobreziaren atalasera eror daitezke (1. GIH, pobrezia desagerraraztea).

Krisi honek desberdintasunak ere uzten ditu agerian. Pertsona ahulenak gure adinekoak eta gure haurrak, desgaitasunen bat duten pertsonak, baztertutako taldeak eta desplazatuak dira. 10. GIHak desberdintasunak murriztearen alde egiten du. Eta, jakina, emakumeen kolektiboa ahaztu gabe, pandemiak gehien erasan dituenetakoa baita. Genero-indarkeriaren biktima diren emakume askok beren erasotzaileekin bakartuta egon behar izaten dute (5. GIH, genero-berdintasuna).

Operadore ekonomiko askorentzat, aurkikuntza handienetako bat etxean operatiboak eta erabakigarriak izaten jarrai dezakegula da. Telelana posible da, eta jarduera guztiek modalitate hori izan ez arren, askok posible dute, eta horrek aukera hori mesfidantza gutxiagorekin hartzen hasteko atea irekitzen du, 8. eta 10. GIHak de facto integratuta. Etxetik lan egiteak malgutasuna ematen die zaintzapean norbait duten pertsonei edo mugikortasun-arazoak dituztenei, eta aukera ematen die hobeto eta gainerakoekin berdintasunean lan egiteko.

Hala eta guztiz ere, esan genezake pandemia honen onuradun nagusia planeta dela, gure ingurumena. Jardueraren bat-bateko geldialdiak, industria-ekoizpenaren eta kontsumoaren jaitsierak eta ibilgailuen erabileraren jaitsierak CO2-aren maila ohiko mailarekin alderatuta %75 jaisten lagundu dute. Bartzelonan eta Madrilen, adibidez, berotegi-efektuko gasak %57 murriztu dira.

Munduko Ituna Erakundeak mezu argia helarazi nahi dio enpresa-sektoreari: GIHek aukera ekonomiko anitz irekitzen dituzte, eta horiexek izan daitezke murgiltzen ari garen krisi ekonomikotik irteteko ateak. Europar Batasunean eredu ekonomiko zirkular bat ezartzearen aldeko apustu argia eginez, 1,8 bilioi euroko etekin ekonomiko garbia sortu eta hemendik 2030era bitartean milioi bat lanpostu berri eratu litezke. Energia berriztagarrien arloan ere inbertitu beharra dago. Horren bidez, Espainia izan liteke onuradunetako bat, 2030era arte 200.000 lanpostutik gora sortuta.

Hausnarketarako unea da; elkarrekin lan egiten jarraitzeko. Mutualian 2030 Agendan jasotako GIHak betetzeko bidean jarraitzen dugu.

GARAPEN JASANGARRIAREN BATZORDEA

Lotutako berriak