888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun maila aitortzeko, deklaratzeko eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena.
Desgaitasuna, disautonomia, gaitasun mugatua, minusbaliotasuna, ezgaitasuna… Oso hitz ohikoak eta finkatuak dira gure gaur egungo hiztegian, beharrezkoak eta baliagarriak direlako, eta gaur egun ezinbestekoa delako eguneroko bizitzako jarduerak garatzeko arreta eta laguntza berezia behar duten pertsona jakin batzuen ezaugarriak doitzea, autonomia pertsonal handiagoa izan dezaten eta herritar gisa dituzten eskubideak erabat baliatu ahal izan ditzaten.
- urtean eman zitzaizkion Gizarte Zerbitzuen Institutu Nazionalari desgaitasun maila edo baldintza jakin batzuk aitortzeko eskumenak eta ahalmenak, eta urte hartako zenbait erregulazio desberdin daude. Nolanahi ere, 2013ra arte ez zen sortu Desgaitasunaren Legea deritzona (1/2013 Errege Dekretua, azaroaren 29koa), zeinak biltzen baititu aurretik zeuden arauak eta jasotzen baititu desgaitasunaren kontzeptu berri bat eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioarekin bat datorren terminologia.
Erregulazio berriaren helburua da irtenbidea ematea desgaitasun egoera balioesteko baremoak egokitzeko premiari, baita gaur egun desgaitasun maila jakin bat aitortuta edukitzea eskatzen duten askotariko helburuei ere, hala nola gizarte sektoreetan, sektore psikologikoetan, laguntzakoetan…
Errege Dekretua 2023ko apirilaren 20an sartuko da indarrean, eta haren bidez aldatu eta eguneratuko dira desgaitasunak aitortzeko aplikatu beharreko baremoak. Hamabost artikulu ditu, eta garapen praktiko zabala, eranskinen bidez. Berariaz indargabetuko ditu abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretua, gaur egun aplikatu beharreko prozedura arautzen duena, eta 2000ko azaroaren 2ko Agindua.
Maila aitortzeko eta berrikusteko eskumena Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuarena izango da aurrerantzean ere; hark emango ditu lantalde profesionalek emandako irizpenak. Lantalde profesionalei dagokienez, gutxienez unibertsitate mailako titulua edo baliokidea duten gizarte nahiz osasun arloko profesionalek osatuko dituzte, eta araudian berariaz jasoko da profesional horien esku jartzea prestakuntza programa espezifiko bat.
Desgaitasun egoeraren ebaluaziorako, balorazioa aurrez aurreko baliabideen nahiz baliabide telematikoen bidez egitea aurreikusten da, irisgarritasun unibertsaleko baldintzak bermatzeko. Era berean, desgaitasuna duten adingabeek baldintza beretan baliatuko dituzte beren eskubideak, adinagatik edo desgaitasunagatik inolako diskriminaziorik jasan gabe; beren inguruabarrei egokitutako laguntza eta babesa jasoko dute, eta helduek bezalaxe izango dute informaziorako eta entzunaldirako eskubidea.
Premiazko izapidetzea aurreikusten da osasunarekin, genero indarkeriarekin, bizi itxaropenarekin edo izaera humanitarioko beste arrazoi batzuekin lotutako interes publikoko arrazoiak dauden kasuetarako.
Eskaria aurkezten denetik sei hilabeteko epea izango du Administrazioak berariazko ebazpena emateko; ebazpen horretan adieraziko du desgaitasunaren aitortza, ezarrita dauden baremoen arabera lortutako puntuazioa eta gradua berrikusteko epea, hori guztia Estatu osorako baliozkoa izango den txartel sanitario batean. Sektore honek hamar urtez aldarrikatu eta orain arte bete gabe izan duen eskari bati erantzungo zaio horrela.
María Urizar Pérez
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
