Gero eta digitalizatuagoa den mundu honetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiek (IKT) sakonki eraldatu dute lan egiten dugun modua, eta gerta liteke eraldaketa digital horrek arrisku-faktore batzuk areagotzea eta arrisku berriak edo emergenteak eragitea teknologia bera (desegoki) erabiltzearen ondorioz. Hori guztia dela eta, deskonexio digitalerako eskubidea bermatzeko premia larria sortzen da. Eskubide hori 2018tik dago araututa Espainian, eta pertsonak hiperkonektibitatearen ondorio negatiboetatik babestea du helburu, hala nola estresetik, neke informatikotik eta bizitza pertsonalaren inbasiotik.
Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionalak (LSOIN) Deskonexio Digitalaren Oinarrizko Gida egin du, eskubide hori enpresetan eta erakundeetan ulertzeko eta aplikatzeko esparru osoa eskaintzen duena.
Jarraian, gida honetako funtsezko puntuak banakatuko ditugu.
Zer da deskonexio digitala?
Lege-definizio bakar bat ez dagoen arren, deskonexio digitala pertsonek beren lan-ordutegitik kanpo lan-jarduerarik ez egiteko eta komunikazioei ez erantzuteko duten eskubidea da. Horren barruan sartzen dira mezu elektronikoak, deiak eta bitarteko digitalen bidez bidalitako mezuak.
Gidak azpimarratzen du eskubide hori funtsezkoa dela honako hauek bermatzeko: atsedena, bizitza pertsonala eta lanekoa uztartzea, intimitatea eta laneko segurtasuna nahiz osasuna.
Hiperkonektibitatearen inpaktua
Eraldaketa digitalak onurak ekarri ditu, hala nola lan-malgutasuna, prozesuen hobekuntza eta zeregin arriskutsu, monotono eta errepikakorrak kentzea.
Haatik, beste arrisku batzuk sortzea edo areagotzea ekarri du berekin, eremu psikosozialari lotutako arrisku berriak, hala nola teknoestresa (gailu digitalen gehiegizko erabilerak eragindako antsietatea, nekea eta mendekotasun teknologikoa dira haren ezaugarriak) eta ziberjazarpena (adibidez, bitarteko digitalek ahalbidetutako laneko jazarpen-jokabideak).
Halaber, eten digitala handitzea ekarri du. Alegia, teknologiak eskuratzeko eta erabiltzeko desberdinkeriak, eremu geografikoagatik, hezkuntza-mailagatik, maila sozioekonomikoagatik eta, bereziki, adinagatik. Adinagatiko eten digitala, edo belaunaldiarteko eten digitala desabantaila argia da zenbait kolektiborentzat, eta zailtzen du digitalizatutako lan-ingurune berrietara egokitzea.
Arrisku horiek osasun mentalari ez ezik, osasun fisikoari ere eragiten diote, eta arazo muskulueskeletikoak, kardiobaskularrak eta loaren nahasmenduak eragiten dituzte.
Araudia eta eskubide babestuak
Deskonexio digitalerako eskubidea zenbait legek arautzen dute, hala nola Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoak (DPBEDBLO), Urrutiko Lanaren 10/2021 Legeak eta Langileen Estatutuak. Araudi horiek ezartzen dute enpresek bermatu egin behar dutela langileek lan-ordutegitik kanpo deskonektatzea, eta errespetatu egingo dituztela haien atsedenaldiak, baimenak eta oporrak.
Deskonexio digitalaren bidez babestu beharreko eskubideak honako hauek dira: atsedenerako eskubidea, kontziliazio pertsonalerako, familiarrerako eta laboralerako eskubidea eta norberaren nahiz familiaren intimitaterako eskubidea.
Gainera, gidak azpimarratzen du eskubide zeharkakoa dela eta langile guztiei aplikatzen zaiela, baita zuzendaritzako kideei eta telelana nahiz lan hibridoa egiten dutenei ere.
Deskonexio digitala nola inplementatu
Gidak proposatzen du enpresek deskonexio digitalerako barne-politika egitea, honako hauek barnean hartuta:
- Aurretiko diagnostikoa: lan-baldintzak eta gailu digitalak erabiltzeko ohiturak aztertzea.
- Jarduketa-protokoloa: neurriak definitzea, erabilgarritasunari, salbuespenei eta deskonexioa bermatzeko neurri zehatzei buruzko arau argiak ezarriz.
- Prestakuntza eta sentsibilizazioa: hiperkonektibitateari lotutako arriskuen inguruan sentsibilizatzea, pertsonak teknologien erabilera egokia egiteko gaitzea eta eskubide hori errespetatzen duen antolaketa-kultura sustatzea.
- Jarraipena eta kontrola: neurrien eragina ebaluatzea eta doikuntzak egitea, beharrezkoa denaren arabera.
Onartu aurretik, plantillari edo haren ordezkariei kontsulta egingo zaiela ziurtatu beharko da.
Ezarpenaren onurak pertsona eta enpresentzat
Deskonexio digitala bermatzeak langileen osasuna eta ongizatea babesteaz gain, errendimendua eta produktibitatea hobetzen ditu. Lanaldien artean behar bezala indarberritzeak estresa murrizten du, akidura prebenitzen du eta lan-ingurune orekatuagoa sustatzen du.
Deskonexio digitalak laguntzen du, orobat, talentua erakartzen eta atxikitzen, batez ere gero eta lehiakorragoa den lan-merkatuan. Hala, langileak motibatuagoak eta produktiboagoak izango dira, eta absentismoa murriztuko da bidenabar.
Ondorioak
Deskonexio digitala eskubide bat baino gehiago da, hiperkonektibitatearen garaiko behar bat da. LSOINren gidak bide argia ematen die enpresei pertsonak babesten dituzten eta teknologiaren erabilera osasungarria sustatzen duten neurri eraginkorrak inplementatzeko. Horrez gain, aurrerapen nabarmena ere bada lan-ingurune osasungarriagoak eta jasangarriagoak sor daitezen.
Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko ildoa lausotzen ari den munduan, eskubide hori bermatzea funtsezkoa da lan-etorkizun gizatiarragoa eta jasangarriagoa eraikiko bada. Izan ere, gidak adierazten duen moduan, «aro digitalean inoiz baino beharrezkoagoa da lana humanizatzea eta pertsonak erdigunean jartzea».
