maria carrasco dekanoa
Itzuli

Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateak ateak ireki dizkigu

Osasun Zientzien Fakultateko dekano María Carrasco Zabaletak gonbit egiten digu ibilbide bat egitera unibertsitatearen jatorria, gizartearekin duen konpromisoa, metodo pedagogikoa eta Osasun Zientzien Fakultate berria ezagutzeko.

maria-carrasco-decana-ciencias-salud-deusto

Noiz eta nola sortu zen Deustuko Unibertsitatea?

Deustuko Unibertsitatea 1886an sortu zuen Jesusen Lagundiak. Banco de Bilbaoren eta Boluetako Santa Ana enpresaren sortzaile Tomás de Balza jauna ondorengorik gabe hil zenean, dirutza utzi zuen Casilda Iturrizar alargunaren esku, eta hark ondo jakin zuen administratzen, negozioen indarrari eutsiz eta Bilbok industria-hiri gisa abiada har zezan bultzatuz. Horrez gain, XIX. mendean, goi-mailako klaseek eta foru-instituzioek goi-mailako ikasketa-zentro bat eduki nahi zuten. Hortaz, Bilboko enpresaburu-talde batek apustua egin zuen Bilbon zentro bat sortzearen alde, konpromisoa hartu zuen hiriaren kanpoaldean eraikin bat finantzatzeko eta eraikitzeko, eta jesuiten esku utzi zituen ikasketen zuzendaritza eta edukia. Espainia, Kuba, Mexiko, Suitza eta Frantziatik etorritako ikasleek inauguratu zuten barnetegia 1886ko irailaren 25ean. 1888/1889 ikasturtean kanpoko ikasleak sartu ziren. Horrela sortu zen Deustuko Unibertsitatea.

Deustun 130 urte baino gehiago daramatzagu profesional bikainak prestatzen. Gaitasunetan ardaztutako prestakuntza da, eta ikasleen trebetasun berritzaileak, sortzaileak eta ekintzaileak indartu nahi ditu. Gaur egun, campusak ditugu Bilbon eta Donostian, eta egoitzak Gasteizen eta Madrilen.

Deusto-Bilbao

Deustuko Unibertsitateak, goi-mailako hezkuntzako instituzioa den aldetik, konpromisoa du gizateriaren erronka berriei laguntzeko. Zein dira haren erantzukizun sozialaren lehentasunezko arloak?

1886an hasi zenetik, Deustuko Unibertsitateak konpromiso estua izan du gizartearekin, eta jesuiten hezkuntza-instituzio gisa erantzukizuna hartu du bere gain herritartasun askeagoa, bidezkoagoa, solidarioagoa eta gizatiarragoa prestatzeko, erronka sozialez eta errealitatea eraldatzeko duen gaitasunaz jakitun dena. Unibertsitatea euskal gizartetik hurbil-hurbil sentitzen da, eta zerbitzatu egin nahi du, hala unibertsitate-instituzio gisa, nola gizarteak dituen kultura-beharretan, eta ingurunearen garapen sozial, tekniko eta ekonomikoan.

Unibertsitatearen Erantzukizun Sozialeko Planaren bidez, unibertsitateak konpromiso sozial hori zehaztu, eta lehentasunezko bost arlo dinamizatzen ditu: berdintasuna, inklusioa, justizia soziala, ingurumena eta osasuna.

Ekarpen positiboa egin nahi dugu, mundu bidezkoago, solidarioago eta gizatiarrago bat eraikitzeko. Gizartea zerbitzatu nahi dugu, berariaz unibertsitatekoa den ekarpen bat eginez eta errealitatearen ikuspegi kristau batetik abiatuta. Ikerketan eta irakaskuntzan bikaintasuna bilatzen dugu, eta, aldi berean, pertsona aske arduratsuak eta profesional gaituak prestatu nahi ditugu, behar diren ezagutza, balioak eta trebetasuna dituztenak jakintza sustatzeko eta gizartea eraldatzeko konpromisoa hartzeko.

Deustuko Unibertsitatearen eredu pedagogikoaren helburua da ikaskuntzan eta irakaskuntzan berrikuntza bultzatzea. Zertan oinarritzen da?

Unibertsitatearen eredu pedagogikoak alderdi hauek sustatu eta bermatu nahi ditu: irakaskuntzaren kalitatea eta berrikuntza, gizartearen eta erakundeen eskaerari erantzuteko arintasuna eta malgutasuna, eta berdintasunera eta justizia sozialera bideratutako balioak eta printzipioak transmititzea.

Europa osoan garatu den bezala, gure prestakuntza-ereduaren oinarria da ikaskuntza- eta irakaskuntza-ereduen berrikuntza sustatzea. Eta, horretarako, bi zutabetan oinarritzen gara:

  • Ikasleek ikaskuntza sakona izan dezaten lortzea. Ikaskuntza horren oinarria da balioak eta gaitasunak garatzea profesional eta herritar aktibo eta arduratsu gisa gizarteratzeko.
  • Uste sendoa dugu prestakuntza eta irakaskuntzaren oinarria dela unibertsitateak eta haren irakasle-taldeak ikasteko eta eraldatzeko duten gaitasuna, irakasteko eta ebaluatzeko metodoetan eta euskarri diren prozesu guztietan berrikuntzak eginez.

Osasun Zientzien Fakultate berriak erantzuna ematen dio Deustu osasunaren arloan egiten ari den apustu sendo eta gero eta handiagoari

Gizarteak osasunaren arloan eskatzen dizkigun erronketan jartzen dugu arreta. Deustun faktore biologiko, fisiko, psikologiko eta sozialen konbinazio gisa ulertzen dugu osasuna. Horretarako, gaitasun bikaina duten profesionalak prestatzen ditugu, arlo horretan punta-puntakoak diren metodologia berritzaileekin, beren dimentsio zientifikoa eta ikertzailea beren gaitasun profesionalarekin eta dimentsio gizatiarragoarekin txertatzeko gai diren profesionalak, pertsona ardatz gisa duen arretarekiko konpromisotik abiatuta, zaindu ahal izatea eta zaintzen jakitea txertatuta, pazienteen edo erabiltzaileen duintasuna arriskuan jarri gabe.

Proiektua pertsonarengan ardaztutako medikuntza baten orientazio argiarekin sortu da, ikuspegi humanistarekin eta AOI metodologian oinarrituta. Zer da hori eta nola garatzen da?

Deustuko Unibertsitatean, Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntzaren (AOI) aldeko apustua egiten dugu, funtsezko metodologia gisa, eta ikaskuntza aktibo eta esperimentalean oinarritutako beste metodologia batzuekin osatzen dugu. Horietan, ikaslea da irakatsi eta ikasteko duen prozesuaren protagonista, eta garrantzi berezia hartzen dute hausnarketarako, lankidetzarako, autonomiarako eta simulazioaren bidez ikasteko guneek. AOIren bidez, ikasleek beren ezagutza eraikitzen dute bizitza errealeko arazoetan oinarrituta. Helburua ez da arazoa ebaztea, baizik eta arazoa erabiltzea ikaskuntza-gaiak identifikatzeko oinarri gisa, modu independentean eta taldean ikasteko.

Zein da Osasun Fakultateak duen eskaintza akademikoa?

Gure ikasketa guztiak sortu dira gure gizarteari zerbitzua egiteko, eta gaur egun honako hauek dira gure eskaintza akademikoaren ardatzak:

4 gradu

  1. Erizaintza. Bilboko eta Donostiako campusak.
  2. Fisioterapia. Donostiako campusa.
  3. Medikuntza. Bilboko campusa.
  4. Psikologia. Bilboko campusa.
  • Gradu bikoitz 1. Fisioterapia + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua. Donostiako campusa.
  • 12 master
  • 2 espezializazio

Nazioarteko mugikortasuna sustatzen dugu, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean ikasteko aukera emanez, Estatuko eta Europako unibertsitate ospetsuekin egindako truke-programei esker. Bermatutako praktikak ditugu, eta, hala, ikasleak errealitate profesionalera hurbiltzen dira banakako plan pertsonalizatu eta tutorizatu baten bidez. Halaber, etengabeko prestakuntza eskaintzen dugu, gradua amaitzean aukera ematen baitugu prestakuntza zabaltzeko osasun arloko graduondoko eta doktoregoekin.

Gainera, ikasteko hainbat espazio ditugu:

Deustubio eraikina. 900 m2 baino gehiago Bilboko campusean, osasun zientziei eskainiak. Honako hauek ditu:

  • 3 «Rosalind Franklin» laborategi, Biologia, Biokimika eta Genetika eremuekin eta Histologia eremuarekin.
  • Biomekanikako eta Fisiologiako 3 laborategi.
  • 3 Aita Arrupe ospitale birtual, kontrol, debriefing eta trebetasun kliniko eta simulazioko gelekin (kontsultak, solairuko gela, zainketa intentsiboetako unitatea, ZIU, ebakuntza-gela).

Deusto Psych. Psikologia eta Osasuneko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Unitatea (I+G+B). 700 m2 baino gehiago ditu Bilboko campusean, eta Euskal Autonomia Erkidegoan erreferentziakoak diren laborategi espezializatuak dauzka, baita ikerketa eta prestakuntza aurreratuko baliabideak ere.

Larramendi eraikina. Instalazio berriak Donostiako campusean, osasun arloko irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerarako. Honako hauek dituzte:

  • 3 ospitale birtual, kontsulta-gune, gimnasio terapeutiko, ospitalizazio-eremu eta zainketa intentsiboetako gelarekin (Zainketa Intentsiboetako Unitatea).
  • 3 laborategi, Biomekanika eta Neurozientzia, Fisiologia, eta Anatomia eta Natur Zientziena.
  • 3 ikasgela teoriko-praktiko, tresna espezializatuekin hornituak.
  • 3 gimnasio, mota eta dimentsio desberdinetakoak: jarduera fisikorako, gimnasio-tatamirako eta fitness-espazioa.
  • 3 kiroldegi: kirol-kantxa zabala, harmailak eta zerbitzu osagarriak dituena.

Mutualia da ikasleen irakaskuntza eta praktiketarako lankidetza-hitzarmena sinatua duen erakundeetako bat. Zure ustez, funtsezkoa al da osasun arloko profesionalek ikasleei laguntzea etorkizuneko garapen profesionalerako?

Jakina. Fakultateko irakasle-klaustroan sartu diren osasun profesionalak funtsezkoak dira, eta osatu eta aberastu egiten dute.

Bestalde, osasunaren arlo profesionaletako praktikak aukera bikaina dira gure ikasleentzat, eta fakultatearekin hezkuntza-lankidetzako hitzarmenak dituzten erakundeen konpromisoari eta lan onari esker dira posible.

Praktika-zentro horietan, gure ikasleak jakintza handiko profesionalekin egoten dira hasiera-hasieratik, eta horiek laguntzen diete lanbidearen konplexutasuna ezagutzeko, lantaldeetan integratzeko edo ikasi dituzten teknikak eta estrategiak praktikan jartzeko prozesuan; gainera, aukera ematen diete haien autonomia, jakin-mina eta erantzukizun-zentzua garatzeko.

Zalantzarik gabe, laguntza hori funtsezko baliabidea da etorkizuneko profesional horien prestakuntzari begira.

Deusto-facultad-de-ciencias-de-la-salud

Lotutako berriak