despido laboral
Itzuli

DIZIPLINAZKO KALERATZEARI ETA LANGILEARI AURREZ ENTZUNALDIA EMATEARI BURUZKO BERRIKUNTZAK  

Auzitegi Gorenak, 4735/2023 errekurtsoari buruzko 2024ko azaroaren 18ko Epaian, osoko bilkuran eta aho batez, ebatzi du enplegatzaileak aukera eman behar diola langileari bere aurka egindako karguetatik defendatzeko, diziplinazko kaleratzeagatik kontratua azkentzea erabaki aurretik. 

Aztertzen ari garen kasua arte dramatikoko eskola bateko irakasle baten diziplinazko kaleratzea da, zeina kargutik kendu baitute ikasleek jarritako salaketa batzuen ondorioz. 

Erabaki hori 1986tik Espainian indarrean dagoen 1982ko Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 258. Hitzarmenaren 7. artikulua zuzenean aplikatzeko beharrean oinarritzen da.  

Hala, Auzitegiak 80ko hamarkadan berak ezarritako doktrina aldatzen du, eta hori justifikatzen du gure ordenamenduan denbora horretan guztian izandako aldaketekin. 

Auzitegi Gorenak dio aipatutako araua zuzenean aplikatu behar dela, xedapen hori osotzat jo behar baita eta automatikoki aplikatu, Espainiak betearazpen-araurik eman beharrik gabe, haren baldintzak behar bezala zehaztuta baitaude. Aipatutako Hitzarmenaren 7. artikuluan ezartzen denez, langileari aukera eman behar zaio entzuna izateko, eta hori ezin da nahastu kontratua iraungi ondoren langileari dagozkion beste eskubide batzuekin, hala nola diziplinazko azkentze-neurria aurkaratzearekin, ezta prozesua saihesteko xedez haren aurretik —edo are prozesuaren barruan— egiten den bitartekaritzarekin edo adiskidetzearekin ere. Izan ere, aldez aurreko entzunaldia eginez ekitate-irizpide bat kontuan hartzen da, eta langileari aukera ematen zaio zehapena jasotzea merezi duten egitateei buruz egoki dena alegatzeko, eta hori egiteko diziplina ezartzeko ahalmena duenaren aurrean eta hark neurria hartu aurretik, horrekin lortzen baita langileak entzuna izateko edo defentsarako duen funtsezko eskubidea betetzea.  

Auzitegi Gorenaren ustez, gure barne-ordenamenduan txertatutako arau batek eska dezakeen betekizun baten aurrean gaude, eta aplikatu egin behar da. Horrek ez du esan nahi barne-araurik indargabetzen ari garenik, baizik eta aplikatu beharreko zuzenbidea hautatzen ari garela eta, beraz, Espainiako Konstituzioaren 117.3 artikuluak epaileei esleitzen dien jurisdikzio-funtzioa betetzen ari garela.  

LANEren hitzarmen horrek kaleratzearen aurretiko entzunaldi hori exijitzen du, enplegatzaileari modu arrazoizkoan eskatu ezin zaionean izan ezik, eta Laugarren Salaren ustez hori da aztertzen ari garen kasuan gertatzen dena, enpresak denboran zehar mantendutako jurisprudentzia-irizpide baten babesa baitzuen xedapen horrexeri dagokionez, eta horrek eskakizun horretatik aske uzten zuen. Kautela hori baliozkoa izango da epai hau argitaratu aurretik gertatutako diziplinazko kaleratzeetarako; beraz, diziplinazko kaleratze berrietarako baino ez da izango galdagarria, hau da, 2024ko azaroaren 18ko epaia argitaratu ondoren gertatzen direnetarako, epai honek eragin nabarmena izango baitu. 

Raquel Martínez Balbás 

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko Legelaria  

Lotutako berriak