> 365 ETA < 365 EGUNEKO ABE PROZESUETAN ALTA MEDIKOA AURKARATZEAREN ONDORIOAK.

Auzitegi Goreneko IV. Salak duela gutxi emandako epai batean (Auzitegi Goreneko 276/2023 zenbakiko epaia, 2023ko apirilaren 17koa, ECLI:ES:TS:2023:1566) ezarri da 365 egunetik beherako ABE prozesu batean GSINek alta medikoa igorri ondoren lanpostura ez joatea kaleratzeko arrazoia dela, alta mediko hori aurkaratua izan arren eta aurkaratze hori gaitzetsi ondoren lanpostura joan arren.
Testuingurua ulertzeko, auzipetutako kasuaren laburpen bizkor bat egingo dugu. Gure autonomia-erkidegoko enpresa batean gertatutako kaleratze baten ondorioz hasi zen. Gasteizko Lan Arloko 2. Auzitegiaren arabera, egokia zen; EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo zuen erregutze-errekurtsoan; eta kasazio-errekurtsoa aurkeztu zen Auzitegi Gorenaren aurrean, erabaki zezan justifikatuta dagoen ala ez 365egun gainditzen ez dituen ABE prozesu batean alta medikoa jaso ondoren langilea lanpostura ez joatea, alta aurkaratua izateagatik.
Langileak 2020-03-24an hasi zuen ABE prozesua gaixotasun arruntagatik, eta alta eman zitzaion 2020-07-03an. Egun horretan bertan GSINen adierazi zuen ez zetorrela bat alta medikoarekin, eta bere enpresari altaren eta aurkaratzearen berri eman zion. 2020-07-09an, lanera itzultzeko eskatu zion enpresak, eta langileak erantzun zion alta medikoaren aurkaratze hutsak alta-espedientea geldiarazten zuela (eta, horrenbestez, ABEaren eraginak luzatzen zirela). 2020-07-20an, GSINek langileari adierazi zion altaren aurkaratzea gaitzetsi egin zela, eta lanpostura itzuli zen 2020-07-21ean. 2020-07-28an diziplinarioki kaleratu zuten, lanera ez joateagatik uztailaren 6tik (altaren hurrengo egun balioduna) uztailaren 20ra; guztira, 11 egun baliodun.
Esan dugunez, instantziako epaitegiak langilearen eskea gaitzetsi eta haren kaleratzea bidezkoa zela ebatzi zuen. Baina EAEko Auzitegi Nagusiak epai hori errebokatu zuen, ukigabetasun-bermea urratzen duela jota (kaleratzea langilearen jarduketen ondoriozkoa izatearen zantzuak ikusi zituen: salaketa Laneko Ikuskaritzan eta enpresan bertan, zenbait arrazoi zirela medio). Auzitegi Gorenari iruditu zaio Justizia Auzitegi Nagusiaren interpretazioa ez dela zuzena, ABE egoera alta medikoa aurkaratzeagatik luzatu dela hartzen duelako oinarritzat. Azaltzen saiatuko gara. Azkenik, enpresak kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen, doktrina bateratzeko.
ABE prozesuetako alta medikoaren aurkaratzearen eraginak zein diren jakiteko, kontuan hartu behar da haien iraupena. Izan ere, kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia desberdina da 365 egunetik gorako bajetan eta hortik beherako bajetan:
- 365 egunetik gorako ABE prozesuak. Kasu hauei (GSLOren 170.2 artikuluan jasotzen dira) 170.3 artikuluan zehaztutakoa aplikatzen zaie, eta horrek esan nahi du ABE egoera luzatzen dela aurkaratzearen ebazpena atera arte.
(…) interesdunak bere desadostasuna adierazi ahalko dio osasun-zerbitzu publikoko ikuskaritza medikoari, lau egun naturaleko gehieneko epearen barruan. (…)
Ikuskatzaritza medikoak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko ikuskaritza medikoaren erabakia berrestearen alde egiten badu, edo ebazpena eman eta hurrengo hamaika egun naturaletan ezer adierazten ez badu, alta medikoak erabateko ondorioak hartuko ditu. Alta medikoaren egunetik hark erabateko ondorioak hartzen dituen egunera iragaten den aldian joko da aldi baterako ezintasuna luzatu egin dela.
(…) alta medikoa birplanteatzen badu, interesdunari aldi baterako ezintasun-egoeraren luzapena aitortuko zaio ondorio guztietarako. Aitzitik, bere erabakia berresten badu —eta, horretarako, oinarri hartu dituen proba osagarriak aurkeztuko ditu—, aldi baterako ezintasun-egoera azken ebazpenaren egunera arte soilik luzatuko da. (…)
- 365 egunetik beherako ABE prozesuak. Kasu hauetan (GSLOren 170.1 artikuluan jasotzen dira), medikuaren altak kontingentzia arruntagatiko ABE prozesua iraungitzen du, eta langileari lanpostura itzultzeko betebeharra ezartzen dio, alta mediko hori aurkaratua izan arren; hori guztia 625/2014 EDaren (uztailaren 18koa, aldi baterako ezintasun-prozesuen zenbait kudeaketa- eta kontrol-aspektu arautzen dituena lehenengo hirurehun eta hirurogeita bost egunen barruan) 5.1 artikuluan ezarritakoa betez.
Honela dio 5.1 artikuluko hirugarren paragrafoak: “alta medikoak langilearen aldi baterako ezintasunaren prozesua iraungiko du, eta lan-eraginak izango ditu hura eman eta hurrengo egunean, zerbitzu publiko horrek, hala badagokio, langileari egokitzat jotzen duen osasun-laguntza eskaintzen jarraitzearen kalterik gabe. Alta medikoak zehaztuko du langilea lanpostura itzultzeko betebeharra eragina duen egunean bertan”.
Betebehar hori arau horren 7.4 artikuluan errepikatzen da, zeinean ezartzen baita GSINeko ikuskari medikoak emandako alta medikoaren partearen datuak osasun-zerbitzu publikoari eta, hala badagokio, mutuei igorri beharko dizkiela alta eman eta lehenengo egun baliodunean, datu horien berri izan dezaten. Ikuskari medikoak, halaber, partearen kopia bat eman beharko dio langileari, haren berri izan dezan, eta adierazi beharko dio igortze-egunaren hurrengo egunean lanera itzultzeko betebeharra duela.
Azaldutako guztia aintzat hartuta, ondorioztatzen da 365 egunetik beherako aldi baterako ezintasuneko prozesu bat izan duten langileak ez daudela salbuetsita alta medikoaren ondoren lanera itzultzetik, nahiz eta alta hori aurkaratu. Beraz, enpresek lanera ez joateagatiko diziplinazko kaleratzeak gauzatu ditzakete, lanera ez itzultzearen arrazoia alta aurkaratzea dela jakinarazi bazaio ere enplegatzaileari. Aitzitik, 365 egunetik gorako ABE prozesuetan langileek altarekin bat ez datozela adierazten badute edo hura aurkaratzen badute osasun-zerbitzu publikoko ikuskaritza medikoaren aurrean, ABE egoera luzatu egingo da aurkaratzearen ebazpena eman arte. Halakoetan, ez litzateke egongo lanera itzultzeko betebeharrik aurkaratzearen ebazpenaren berri eman arte, eta ez litzateke egokia izango enplegatua kaleratzea.
Adiran Benito-Butrón
Mutualiako Aholkularitza Juridikoa
