Itzuli

Eguzki erredurak

Ba al dakizu haurtzaroan eguzki erreduraren bat izateak gerora azaleko minbizia izateko arriskua bikoizten duela? Eta bizitzan bost aldiz erredura izateak arrisku hori bikoizten duela, era berean? Mutualian lagundu nahi dizugu arazo honen prebentzioan.

Eguraldi ona iristen denean, jende asko jarri ohi da eguzkitan, hartu beharreko babes neurri egokiak hartu gabe, ohartu gabe eguzki irradek azala kaltetzen dutela. Era horretako azaleko lesioek, gainera, aldarazi egiten dute DNA, eta nabarmen handitzen dute azaleko minbizia jasateko arriskua. Eguzki esposizioaren maila melaninaren –hau da, azala babesten duen pigmentuaren– babes ahalmenetik gorakoa denean, eguzkiak azala erretzen du.

 

Azala beltzarantzeko eguzkitan jartzen garenean, era honetako lesioak jasateko arriskua dugu, baita eguzki-babesgarriren bat erabilita ere. Oro har, azala erortzen hasten da, halakoetan, berezko sendatze prozesu baten ondorioz. Sukarra ere izanez gero, ordea, osasun arloko profesional bati galdetu behar zaio, intsolazioaren seinale izan baitaiteke.

 

Zer egin dezaket erredurarik ez izateko?

 

–       Babestu azala ongi, bereziki haur txikiena, fotobabesgarriekin eta arropa egokiarekin, baita lainotuta dagoenean ere.

–       Galdetu osasun arloko profesional bati zure azal motarako zer eguzki-babesgarri den egokiena.

–       Eman fotobabesgarria azalean, eguzkitan jarri baino 30 minutu lehenago, gutxienez; eguzkitan zauden bitartean ere eman, aldian-aldian.

–       Erabili betaurreko homologatuak begiak babesteko.

–       Ez eduki 3 urtetik beherako haurrak eguzkitan.

–       Ez gelditu eguzkipean lo eta saiatu egunaren erdiko orduetan –12:00etatik 16:00etara, gutxi gorabehera– eguzkitan ez egoten. Ez dago eguzki irradekiko erabateko babesa ematen duen eguzki-babesgarririk.

–       Eguzkia hartu ondoren, hidratatu azala ongi.

 

Baliteke  prebentziorako babes neurri zuzenak hartu arren noizbait erreduraren bat gertatzea. Hona hemen erredura arina jasanez gero kontuan hartzeko zenbait aholku:

 

–       Hidratatu ongi (ura, freskagarriak, zukuak, etab.)

–       Bainatu ur hotzetan, freskatzeko

–       Hidratatu azala, krema ez koipetsuarekin

–       Ez jarri berriro eguzkitan, erredura sendatu arte

Lotutako berriak