Euskal Kirol Federazioen Batasunari buruzko hilabete honetako atalean, laster egingo den jarduera garrantzitsuenetako bat aurreratuko dugu, eta erakunde horrek sustatzen duen Euskal Selekzioaren azken emaitzetako batzuk aipatuko ditugu. Hala, martxoaren 24tik 26ra izango da Basque Country Cup-en lehen edizioa, Getarian, Uretako Eskiaren eta Motonautikaren Euskal Federazioak antolatuta, EKFBren eta Euskal Selekzioaren laguntzarekin. Nazioarteko motonautika-proba da, eta Offshore eta Endurance modalitateetako etapak jokatuko dira. Hiru egun, sei etapa, 450 kilometro. Berealdiko abentura.
Modalitate horietan, pilotuen erresistentzia eta indarra dira gakoak, sasoi eta trebetasun handia eta zorte pixka bat eskatzen dituzten muturreko kondizioei egin behar baitiete aurre. Kostaldetik gertuko ur irekietan egingo dira, hainbat etapatan zatituta. Getariako uretako motorren erresistentzia-proba Motonautikako Euskal Selekzioa ofizialki izendatuko den lasterketa izango da, eta euskal pilotuak podiumaren gorenean egoteko lehiatuko dira. Nazioarteko piloturik onenez inguratuta egongo dira, haiek ere izango baitira lasterketan parte hartzen eta hiru lehiaketa-jardunaldietan dena ematen.
Basque Country Cup-en lehen edizioaren kasuan, proba sei etapatan banatuko da, martxoko aipatu asteburu osoan zehar. Euskal kostalde guztian zehar ibiliko dira, Hondarribitik Bermeora, Donostian, Orion, Zarautzen, Lekeition eta Elantxoben biratuz, besteak beste. Etapa bakoitzean 70 kilometro egingo dituzte, batez beste, gelditu gabe. Ostiralean (hilak 24) hasiko da, goizean; eta igandean (hilak 26) amaituko da, arratsaldean. Distantzia luzeko offshore modalitatean sartuko dira horietako lau. Gainerako biak, Endurance modalitatean. Horietan, ibilbidea motzagoa da, eta ibilbidea egin beharko dute 40 minutu gehi bira bat osatu arte. Motonautikako modalitate zorrotzenak dira. Etapa guztiak Getarian hasi eta amaituko dira, bigarren egunean izan ezik, eguneko lehen etapa Lekeition bukatuko baita. Geldialdi baten ondoren, pilotu guztiei irteera emango zaie berriz, eta Getariako baseraino iritsi arte nabigatuko dute.
Pilotu guztiek nahitaez izan beharko dute laguntzako GPS gailu bat motorrean instalatuta, eta etapa bakoitzeko koordenatu gakoak sartu beharko dituzte. Lasterketa-zuzendaritzak argitaratuko ditu horiek, ekitaldia hasi aurretik. Halaber, parte-hartzaile bakoitzari segurtasun-transponder bat emango zaio, eta beti gainean eraman beharko du. Balizek pilotu guztien kokapena adieraziko dute, telefonoz eta satelite bidez. Horrela, parte-hartzaile guztien eboluzioa jarraitu ahalko da, denbora errealean, segurtasun-bulegotik eta paddock-ean jarritako pantaila baten bidez. Horrek aukera emango du zer abiaduratan doazen jakiteko, geldirik dauden jakiteko, SOS botoien alertak jasotzeko eta abarretarako.
Gainera, Gurutze Gorriaren laguntza izango da, bai lurrean eta bai itsasoan, presentzia izango baitu ibilbide guzti-guztietan. Ekitaldiaren antolakuntzan bertan, ontzi pribatuen laguntza ere izango da. Eta helikoptero bat ere egongo da, airetiko segurtasun-laguntza emateko.
Bestalde, eskubaloiko Euskal Selekzioaren emaitza bikainak nabarmendu dira. Emakumezkoen eta gizonezkoen gazte-taldeek zilarrezko eta brontzezko domina lortu zuten, hurrenez hurren, Benidormen antolatutako Espainiako Lurralde Selekzioen Txapelketan. Edizio horretan 2.500 kirolarik baino gehiagok parte hartu zuten, eta euskal ordezkaritza gorenean izan zen. Gainera, izotz-hockeyko emakumezkoen eta gizonezkoen selekzioak Puigcerdáko izotz-pistan aritu ziren. Modalitate honetan jada tradizionala den Catalunya-Euskadi partida jokatu zuten, lehen aldiz. azken edizioa egin eta bost urtera. Emakumezkoek berdinketa izan zuten, bina, eta Euskadik penaltietan galdu zuen gero. Gizonezkoen selekzioak 7-4 galdu zuen Kataluniaren aurka. Kataluniaren eta Euskadiren arteko balantzea katalanen aldekoa da orain: lau garaipen haiek, eta bat, euskal taldeak.
