
Diputatuen Kongresuak lehen urratsa egin du Langileen Estatutuan ordutegien kontrola arautzeko, eta, horrela, lanaldien gehiegikeriak saihesteko.
Enpresak beren langileen sartzeko eta irteteko orduak egunero erregistratzera behartzeko Lege-proposamen bat aintzat hartu da. Hori Talde Sozialistak bultzatu du, lan-denbora desarautzeak itundutakotik kanpo dagoen jardunaldirik ez sortzeko, jardunaldiaren iraupena gainditzea ohikoa ez bihurtzeko eta lanaldi partziala praktikan lanaldi osoa ez izateko.
Diputatuen Kongresuan Langileen Estatutua aldatzea eztabaidatzen ari dira eguneroko lanaldiaren erregistroasortzeko, eta, horrela, ordaindu gabeko aparteko orduen gehiegikeria gelditzeko. Izan ere, aparteko orduen %45 ez dira ordaintzen, aurtengo bigarren hiruhilekoan egin zen azken Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (BAI) arabera.
Gainera, gizarte-arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko legea aldatu nahi da, erregistro hori ez betetzea arau-hauste larritzat jo dadin eta isuna 626 eta 6.250 euro artekoa izan dadin.
Halaber, enpresek erregistro horiek lau urtez gordetzea nahi da, lan-ikuskatzaileen eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileen esku jarri ahal izateko, hala eskatzen dutenean.
Ekimen horrek bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateratzea bermatu nahi du, baita Gizarte Segurantzaren baliabideak hobetu ere, lan egindako ordu guztiengatik kotizatuko bailitzateke.
