Euskararen eta euskal gizartearen garapenean erreferente
Elhuyarren xedea da, euskaratik, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraikitzea.
Jon Abril, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, elkarrizketatu dugu.
- Elhuyarrek 50 urte bete zituen iaz. Hasiera-hasieratik erakunde aitzindari eta berritzailea izan da. Nola sortu zen Elhuyar, eta zer ibilbide izan du azken urteotan?
Ikasketak gaztelaniaz egin zituen ingeniari talde batek bultzatuta jaio zen Elhuyar. 1972a zen, frankismoa oraindik indarrean zen, eta euskara ez zen ofiziala, ez legezkoa. Kontestu hartan, zientzia eta teknologiaren eremuan ekarpena egin nahi izan zuten. Ordurako hasita zeuden ikastolak, gau-eskolak, irrati batzuk… eta horietarako ere materialak behar zirela, eta gauza batzuk euskaraz sortzen hasi ziren, beste batzuk itzultzen… Aldizkari forma eman zioten, egungo Elhuyar aldizkariaren aitzindari izan zena. Eta hura osatzeko bestelako behar batzuk sortzen joan ziren, batez ere hizkuntzalaritzarekin lotutakoak. Horrela etorri ziren hiztegi entziklopedikoa, Elhuyar hiztegia, eta bestelako hiztegi espezializatu batzuk. Pixkanaka, edizioen munduan sartzen joan zen, eta kultura zientifikoaren zabalkundean, Norteko Ferrokarrilla edota Teknopolis programak egiten… eta 2000. urtetik aurrera beste jauzi bat eman zen, eremu berrietara zabalduz: hizkuntzalaritzatik hizkuntzen teknologiara, euskara lan-mundura zabaltzeko, eta metodologia horietatik etorri ziren gerora partaidetza eta berdintasunean murgiltzea eta bestelako esparru batzuk irabaztea. Beti euskararentzat eremu berriak lortzeko xedearekin. Egun lau zerbitzu-eremutan ari gara: adimen artifiziala eta hizkuntza-teknologiak; berdintasuna, partaidetza eta eraldaketa soziala; zientziaren gizarteratzea eta hezkuntza; eta hizkuntza-zerbitzuak eta euskara-planak.
- Zenbat pertsonek osatzen duzue Elhuyar eta zeintzuk dira zuen profil profesionalak?
105 lagunek osatzen dugu, gaur egun, Elhuyarren lantaldea. Oso profil desberdineko profesionalak gara, eta diziplina artekotasuna oso txertatuta dago gure lantaldeetan: hizkuntzalariak, zientzialariak, kazetariak, soziologoak, zuzenbide-ikasketak dituztenak, informatikariak, ingeniariak…
- Eskaintzen duzuen zerbitzuetako bat hizkuntza-zerbitzuak eta euskara-planak dira. Norentzat dira horrelako zerbitzuak?
Hizkuntza-zerbitzuak (itzulpenak, trebakuntza, hizkuntza-auditoriak…) hizkuntza lanabestzat duten profesionalentzat dira, batez ere, baina baditugu beste zerbitzu batzuk gizarte osoarentzat direnak, Elhuyar hiztegia kasurako, hiztegi erreferentea dena, urtean 50 milioi kontsulta baino gehiago jasotzen dituena. Euskara-planak, berriz, administrazio publikoan eta enpresa eta erakunde publikoetan lantzen ditugu. Administrazioarekin, gainera, barne-erabilerarako plangintzak ez ezik, herrietarako eta herritarrekin euskararen sustapenerako planak eta programak lantzen ditugu.
- Elhuyarren beste zutabeetako bat zientzia-dibulgazioa da, bai gizartean, bai hezkuntza-ingurunean. Zein esparrutan egiten duzue lan?
“Kultura zientifikoaren zabalkundea da lan-ardatzetako bat.”
Gizarteari zientzia eta teknologiaren aurrerapenen berri ematen diegu Euskadi Irratiarentzat ekoizten ditugun Norteko Ferrokarrilla eta Ekosfera programen bidez, edo ETBko Teknopolis telebista saioaren bidez (aurten 25 urte beteko dituena), edota zientzia.eus ataria eta Elhuyar aldizkaria bezalako proiektu komunikatiboekin. Bestetik, STEAM-hezkuntzako proiektuak lantzen ditugu, hezkuntza arautuan Zientzia Azoka bezalako proiektuekin, edota aisialdian, Bizilabe gazteentzako ikerketa-zentroen bidez. Eta, hirugarrenik, zientzia eta teknologiaren alorreko ikerketa-zentro, unibertsitate eta bestelako erakundeentzat eta Europako proiektuetan komunikazio-zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditugu.
- Elhuyarren Berdintasuna, parte-hartzea eta eraldaketa soziala sustatzeko zerbitzuak ere eskaintzen dituzue. Nola gauzatzen dira?
Bidelagun izaten gara horrelako egitasmoetan.
“Emakume eta gizonen berdintasunean aurrerapausoak emateko aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzen diegu erakunde publiko nahiz entitate pribatuei, eta genero-ikuspegia zehar-lerro gisa lantzeko egiten dugu lan.“
Bestetik, herritarren partaidetza-prozesuak eta eraldaketa sozialerako egitasmo berritzaileak lantzen ditugu, nagusiki esparru publikoan, baina baita bestelako eragile sozial eta enpresekin ere.

- Urte askotako esperientzia duzue hizkuntzari aplikatutako AAren esparruko teknologia garatzen. Nolako proiektuak garatu dituzue.
Adimen artifizialaren olatua heldu denerako etxeko lan batzuk eginda genituen, eta abiapuntu ona genuen.
“20 urte baino gehiagoko ibilbidea egina dugu hizkuntza-teknologien eremuan, eta orain ere adimen artifizialaren eremuan hizkuntzarekin lotutako egitasmoak lantzen ditugu (NLP teknologiak, hizkuntzaren prozesamendu naturala jorratzen dutenak).”
Itzulpen automatikoa, ahotsaren prozesamendua, edota zaintza adimendunarekin lotutako proiektuak ditugu. Elia gure itzultzaile automatikoa, testuak ahots bihurtzeko eta ahotsa testu bihurtzeko aplikazioak, azpititulazio automatikoa,edota hedabideetan erreputazioa eta joerak aztertzeko tresnak garatzen ditugu, besteren artean. Bikoizketa automatikoaren gaiarekin ere ari gara lanean, eta epe motzean emaitzak ikusi ahal izango ditugula uste dugu. Oinarrizko ikerketa, teknologien garapena eta bezeroari neurrira egindako soluzioak lantzen ditugu, balio-katearen prozesu osoan parte hartzen dugu. Gure teknologia merkatuan hobekiago txertatzeko Orai zentroa sortu dugu, industriaren lehiakortasuna, enpresa eta erakundeen eraginkortasuna eta pertsonen arteko komunikazioan eragiteko. Eta gure teknologiak badu beste bereizgarri bat: tresna etikoak eta ikuspegi sozialarekin lantzen ditugu.
“Erabiltzaileen datuen konfidentzialtasuna bermatzen dugu gure teknologietan, ez ditugu datuak ustiatzen. Eta gizarte-inpaktu bat bilatzen dugu, eta horretarako, besteren artean, genero-ikuspegia txertatzen dugu, alborapenak gutxitzeko lan egiten dugu, eta datuen entrenamenduek eskatzen duten konputazio-ahalmen handia txikitzeko eta inpaktu ekologikoa gutxitzeko ikerketa-lerroak zabalik ditugu.”
Hizkuntza gutxituei ere ekarpena egin nahi diegu alor honetan.
- Euskararen Nazioarteko Egunean aurkeztu eta ezagutu genuen azken arrakastetako bat, Mycroft.eus proiektua. Proiektu horretan, bozgorailu bat garatu duzue euskaraz. Nola lortu duzue?
Guk bozgorailuetarako softwarea garatu dugu, aurrez landutako hizkuntza-teknologietatik abiatuta. Mycroft egitasmoak software librean oinarritutako bozgorailu bat (hardwarea) sortu zuen, eta hor gure teknologia txertatzeko lanean ari ginen. Baina Mycroft egitasmoak porrot egin du, eta ezin dugu bozgorailu fisikoa merkaturatu. Orain, mugikorretarako aplikazio bihurtzeko aukera aztertzen ari gara. Ahots-komandoen bidez tresnek euskara ulertzea eta erantzutea oso garrantzitsua da egungo gizarte teknologikoan. Baina, horrezaz gain, garrantzitsua ere bada laguntzaile edo morroi horiek emango dizkiguten erreferentzia kulturalak ere (zein egunkari edo webgunetatik ematen dizkigun berriak, zein musika edo irrati aukeratuko duen, zein dendatako produktuak eskainiko dizkigun, bilaketak non egingo dituen…) lokalizatuak izatea, tokikoak eta gureak.
- Elhuyarren konpromiso sendoa duzue iraunkortasunarekin. Garapen Jasangarrirako Helburuen aldeko Euskal Aliantzako kide zarete. Kultura- eta Hizkuntza-aniztasunari buruzko 18. GJH-an lanketan parte hartu duzue. Duela gutxi Agendaren Hiztegi Eleaniztuna aurkeztu duzue. Nola sortu zen proiektu hori?
Aurrez ere energia berriztagarriekin, kontsumo arduratsuarekin eta larrialdi klimatikoaren erantzunarekin lotutako proiektu eta egitasmoak landuak genituen, baina, berriki, trantsizio ekologikorako lehendabiziko plana onartu dugu. Eta hori ere lotu dugu Garapen Jasangarrirako Helburuekin. “2030agendahiztegia.eus egitasmoa lankidetza baten ondorio izan da. Ohituratuta gaude beste eragile batzuekin elkarlanean aritzera, eta Danobatgroup jarri zen gurekin harremanetan, GJH-en inguruko glosario bat landua zutela ingelesez eta gaztelaniaz, eta euskaraz ere eduki nahi zutela. Eusko Jaurlaritzara jo genuen proiektuarekin, eta hiru eragileek elkarlanean sortu dugu.”
Gu lan terminologikoaz arduratu gara. Paraleloan, Eusko Jaurlaritza kultur- eta hizkuntza-aniztasunerako 18. helburua lantzen hasita zegoen, hasiera-hasieratik antzeman baita gai horietan hutsune nabaria zuela agendak, eta tokiko erantzun bat behar zuela. Eta helburu horren definizioan parte hartzeko bidea eman zigun Eusko Jaurlaritzak. Euskara eta hizkuntza-aniztasunaren inguruan landu den prozesua dinamizatzen aritu gara, eta gure ikuspegia eta ekarpena egin ahal izan dugu hor ere.
- Eraldaketa digitalarekin erronka berriak datoz euskararentzat ere. Zein erronkatan ari zarete lanean eta zein erronka dituzue etorkizunean?
Zuzenean hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialeko tresnen alorretik egiten ari gara ekarpena. Adibidez, euskarazko hedabideen digitalizazioan bidelagun izaten ari gara, edo gizartearen esku hainbat tresna digital jartzen ari gara, ahotsa eta testuarekin lotutakoak. Hainbat enpresarekin ere ari gara makina eta gizakien arteko interakzioan euskararen presentzia bermatzeko.
Eta zeharka bestelako foro batzuetan ere ari gara, euskararen normalizazioan teknologiak izan behar duen lekuaz eztabaidatzen, ekarpenak egiten… edota lan-mundua euskalduntzeko prozesuetan, hezkuntza arautuan… euskara eta digitalizazioaren arteko lanketak egiten ari gara.

