Nola eta non sortu zen Elkar eta zein dira bere jarduera nagusiak?
Elkar-en sorreran bi abiapuntu daude. Batetik 1960ko hamarkada amaieran Joseba Jaka etxez etxe liburuak saltzen hasi zen, eta horrekin batera handik eta hemendik bildutako materiala ikastoletara zabaltzen. Bestetik, 1972an, Baiona, Ipar Euskal Herriko 20 kulturzalek ELKAR argitaletxea sortu zuten; handik bi urtera talde hura Hego Euskal herriko beste 20 lagunekin osatu zen eta handik gutxira Zabal liburu-denda zabaldu zuten.
1976an, Donostian Bilintx liburu-denda zabaldu zen eta Zabaltzen liburu eta diskoen banaketarako enpresa sortu zituzten Jaka anaien artean (Joseba, Goio, Jon) eta gerora Joxemari Sors, Iñaki Sors eta Xanti Jaka gehitu zitzaizkien. Une horretatik aurrera, euskal kulturari ikusgarritasuna emateko helburuarekin argitaletxea Donostian ere kokatu zen eta liburu-dendak zein banaketa Euskal Herri osora zabaldu ziren.

Gaur egun elkar Fundazioaren baitan antolatutako enpresa taldea dugu elkar, zeinaren barruan dauden argitaletxea (Elkar, Ttarttalo, Txertoa eta Sua zigiluak hartzen ditu), inpresio zentroa (Leitzaran Grafikak), banaketa enpresak (elkar Bakaneta, ACL, Dispe) liburu-dendak euskal lurralde guztietan (18 elkar liburu-denda eta online denda).
Elkar Fundazioak bere enpresa taldean bidez gartzeko duen xedea da euskararen eta euskal kulturaren sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzea da, enpresa eta ekonomia euskara eta euskal kulturaren zerbitzura jarriz.
Zenbat pertsonak osatzen dute Elkar eta zeintzuk dira bere profil profesionalak?
Elkar talde osoan 400 langiletik gora ari gara gaur egun, era oso diferentetako lanetan, edizio lanetatik hasi, liburu-denda, inpresio eta biltegi lanetaraino. Era berean, eginkizun horiei guztiei zerbitzua ematen dieten administrazio, informatika, marketin eta beste hainbat sail.
Era oso diferentetako lana egite dituzten pertsonak, beraz, beti ere euskal liburuarekin eta euskal kulturarekin dugun konpromisoak lotuta, modu profesional eta konprometituan lan eginez egunez egun enpresan beharrei eta euskal kultuaren beharrei erantzuteko.
2022.urtean 50 urte bete ditu Elkarrek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aintzat hartu du mende erdian euskara eta euskal kultura sustatzeko eta garatzeko egindako lanagatik. Zer suposatu du aitortza horrek?
Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman izana berri ona eta handia izan da elkar-entzat, urte luzez ondo egindako lanaren ordain gisa hartu baitugu. 50 urtetik gora daramatza elkar-ek euskal kultuarekin konprometituta, euskal kulturari ahalik eta ikusgarritasunik handiena emateko lanean, Euskal Herriko beste kultur eragile askorekin batera hainbat ekimen martxan jartzen, eta horren errekonozimendua ikusi dugu sariarekin.
«OBE DA aldez AURÉTIK GALERAZI GEROZ ZUZENDU BAÑO», 1935ean, lelo horrekin PAKEAk, gaur egun Mutualiak, Espainiako lan-arriskuen prebentziorako lehen egutegia argitaratu zuen, euskaraz zein gaztelaniaz. Argitaletxea Gráficas Laborde eta Labayen zen. Zer bilakaera izan du euskarazko kulturaren kontsumoak?
1935etik hona gauzak asko aldatu dira. 1936an Espainian izan zen estatu golpeak, ondoko gerrak eta 40 urteko frankismoak euskal kultura erabat ezkutatzea ekarri zuten.

1960ko hamarkadan hasi zen berriro euskara eta euskal kulturaren aldeko mugimendua eta militantzia eta garai horretan abiatutakoa da gaur egun ezagutzen dugun elkar bera. Euskaraz ia ezer ez izatetik loratze bat etorri zen euskal kulturarentzat, jende askoren ekarpenari esker: liburuak, euskaraz ikasteko materiala, antzerkia, musika… kultur arloko eremu guztietan euskal ekoizpen gero eta oparoagoa dugu, nahi genukeen adinakoa ez bada ere.
Kontsumoari dagokionez hura ere ekoizpenarekin haziz joan izan da urteetan, baina gaur egun geldialdian gaudela esan dezakegu. Globalizazio garaiotan, hizkuntza nagusietan garatzen den kultura denon eskua dago eta horrek bete betean eragiten du euskaraz egindako kulturaren irisgarritasunean eta kontsumoan. Ez da samurra munduko plazan euskal ekoizpena kokatzea eta ezagutzera ematea. Ondorioz, euskal kulturaren jarraipena ez da nahi bezain indartsua. Sortzen dira, tantaka, arrakasta handiko liburu, musika talde edo filmak, baina, oro har, behar eta merezi baino harrera eskasagoa izaten dute euskal kultur sortzaileen emaitzek, haien kalitatea gero eta handiagoa bada ere.
Zein da sektorearen eta Elkarren etorkizuna?
Liburuaren sektoreak garai zaila eta aldakorra bizi du.
Alde batetik, kultur kontsumora bideratutako elementu berriak ditugu, bereziki ikus-entzunezkoetako plataformak, eta horietan sartzen dugun denbora bestelako kultur adierazpenerako eskaini izan dugunetik kentzen dugu batez ere; beraz, liburu irakurzaletasunak eta irakurketara dedikatzen dugun denborak behera egin du.
Bestetik, lehen aipatutako globalizazioa dugu, non kultura txikiek, are gutxituek, gero eta eremu zabalagoan lehiatzen dute, baliabide askoz ere gehiagorekin eta tamaina askoz ere handiagoan ekoizten duten kulturen ondoan egin behar dute tokia eta hori zaila da.
Alegia, egoera ez da samurra, eta horrek eskatuko digu guztioi ere lan egiteko moduak berritzea, bide berriak topatzea lekua egin eta jendearengana iristeko, jendeak ezagutu eta balora dezan euskal kulturak eskaintzeko duena. Ez da samurra izango, baina euskal kulturak ez du inoiz erraza izan eta duela 50 urteko kemen bertsuarekin egiten badugu lan uste dugu ezagutuko ditugula garai oparoagoak. Optimistak izan behar dugu eta ez etsi gure lanean, konpromisoak ekarri gaitu hona eta horrek eraman gaitzake eszenario berrietara.

