
Nola eta noiz sortu zen UVESCO
Uvesco Taldea 1993an sortu zen, Kantabrian eta Gipuzkoan kokatutako bi familia-negozio batu zirenean. Bi negozioek kontsumoaren sektorean tradizio luzea zuten, eta kalitatearekiko konpromisoan oinarritutako ikuspegi berbera zuten bi-biek. Bi enpresek jatorrian zituzten balioak ekarri zituzten taldera, eta oinarrizkoak dira Uvescon: zerbitzu bikaina ematea, kalitatezko aukera edukitzea eta tokiko produktu freskoa eskaintzeko konpromisoa izatea. Sortu zenetik, taldeak bere instalazio logistikoak finkatzean jarri zuen arreta, eta BM Supermercados bereizgarria zabaltzeko etapari eman zion hasiera; Gipuzkoan, SUPER AMARA markarekin partekatzen du. Gaur egun, 250 dendatik gora ditugu Euskadin, Kantabrian, Nafarroan, Errioxan, Madrilen eta Ávilan, eta online denda ere badugu.
Uvesco Taldea pertsonek osatzen dute, eta taldearen premisa «funtsezko lanbide bat handi egitea» da. Zenbat pertsonak osatzen dute taldea eta zer ekintza egiten dira bertako langileak prestatzeko eta konpromisoa areagotzeko?
Gaur egun, 5.600 langiletik gora ditugu. Gure helburua profesionalik onenak izatea da, eta, horretarako, funtsezkoa da, batetik, taldean lan egiten duten pertsonen aitorpena, eta, bestetik, prestakuntza-planak gauzatzea. Ildo horretan, aurten, eta zailtasunak gorabehera, gure erakundeak 4,6 milioi euro bideratu ditu gure langileen prestakuntzara. Besteak beste, gure aretoko profesional eta produktu freskoetako espezialista guztiek (harakinak, txerriki-saltzaileak, fruta-saltzaileak eta arrain-saltzaileak) prestakuntza espezifiko bat jasotzen dute beren eginkizunak betetzeko, bezeroei erosketa-esperientzia onena ematera eta prebentzioa eta segurtasuna sustatzera bideratuta. Era berean, barne-sustapeneko planak bultzatzen ditugu, eta, haien bidez, barneko talentuaren identifikazioan eta pertsonen garapenean laguntzen dugu, garapen-postuetara hel daitezen, halako moldez non erantzukizuneko postuen % 90 barneko langileek betetzen baitituzte. Bestalde, 2020an inguruabarretara egokitzeko eta malgutzeko egin dugun ahalegina nabarmena izan da; izan ere, mugikorrerako aplikazio bat eta online prestakuntzak garatu ditugu, langileek zenbait prestakuntza egin zitzaten (elikagaiak manipulatzeko prestakuntza, conpliance, laneko arriskuen prebentzioa, eta taldearen ezagutza eta araudia).
Zer suposatu du enpresarentzat pandemiako urte honek eta zer prebentzio-neurri hartu ditu?
Prebentzioa eta segurtasuna taldearen ardatz estrategiko bihurtu dira, eta 2020an 17 milioi euroko ahalegin gehigarria egin behar izan dugu arlo horretan, gure ekipamenduen eta gure bezeroen segurtasuna bermatzeko, eta gure profesionalen ezohiko ahalegina saritzeko.
Hona hemen hartu diren segurtasun-neurriak: langileentzako babes-materiala, gel hidroalkoholikoa, musukoak eta eskularruak erostea, banaketako pantailak instalatzea, dendan segurtasun-tartea mantentzeko seinaleztapena jartzea, orgak desinfektatzeko makinak abiaraztea –neurri aitzindaria Espainian–, eta edukiera kontrolatzeko sistema berritzaile bat ezartzea.
Erantzukizun arloko «R» marka berria dauka. Zer jarduketa egiten ditu UVESCO taldeak erantzukizunaren arloan?
Ingurunearekiko eta gizartearekiko erantzukizuna gure taldearen balioetako bat da, eta marka honen bidez gure DNAren parte den konpromiso horren garrantzia azpimarratu nahi izan dugu. Era berean, gizarte bidezkoago, iraunkorrago eta solidarioago bat eraikitzen laguntzeko egiten ditugun jarduera guztiak indartu nahi izan ditugu. Eremu horretan daude gure jarduera hauek: elikagaien bankuekin egin ditugun lankidetzak, zeinetan 300 tona elikagai baino gehiago eman ditugun dohaintzan 2020an; hondakinak murrizten eman ditugun pausoak, esaterako, poltsetan plastikoa ezabatzea eta ontzi iraunkorrak erabiltzea; zentraletan hondakinak kudeatzeko eta biltzeko dugun sistema; lehenengo PPA (Power Purchase Agreement) hitzarmena sinatzea, zeinaren bidez gure energia elektrikoa % 100 berriztagarria den; etxerako banaketako flotan ibilgailu elektrikoak erabiltzea; gizarte-jardueretan parte hartzea kirol-elkarte eta -klubekin, eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzea; Elige Cuidarte Kids programa, haurretan ohitura osasungarriak sustatzeko; tokiko produktuekiko dugun konpromisoa, abeltzainekin, nekazariekin eta Kantauri itsasoko kofradiekin ditugun hitzarmenen bidez, kalitaterik oneneko eta km0-ko produktuak lortzeko, besteak beste.

Elikadura osasungarria, iraunkortasuna eta hurbiltasuna funtsezko ardatzak dira UVESCO taldearentzat. Nola indartzen duzue zuen konpromisoa tokiko produktuarekin eta Km0 produktuekin?
Gure balioetako bat kalitatezko elikadura iraunkorrarekiko konpromisoa da, eta, arlo horretan, tokiko produktuak funtsezko eginkizuna dauka. Konpromiso hori betetzeko, zuzeneko hitzarmenak ditugu nekazaritzako elikagaien sektoreko 400 ekoizle txikirekin baino gehiagorekin, bai eta Kantauri itsasoko zenbait kofradiarekin eta tokiko ekoizle batzuekin ere, eta horrekin guztiarekin hiru helburu lortzen ditugu: batetik, tokiko ekonomia sustatzea, bertako produktuen alde eginez; bigarrenik, jarduera iraunkor bat gauzatzea, garraioaren ondoriozko efektuak murrizten direlako eta sasoiko produktuen alde egiten delako; eta, hirugarrenik, kalitatezko elikagaiak bermatzea eta herritarren artean ohitura osasungarriak sustatzea, lehen mailako produktuak eskaintzen ditugula jakinik.
Eta zenbait gizarte-eragileekiko hurbiltasuna?
Modu askotan daukagu presentzia inguruneko jarduera sozioekonomikoan, esaterako, kirol-ekintzetan, herri-lasterketetan eta maratoietan lagunduz, produktua emanez, adibidez, ura eta fruta, bai eta elikadura eta herritarren ongizatea sustatzen duten beste herri-jarduera batzuetan ere; hala ere, egia da 2020an laguntza horiek murriztu egin direla, egoera dela-eta. Bestalde, oso beharrezkoa denez, kolektibo babesgabeei laguntzen diegu, esaterako, elikadura-bankuei, eta Cáritas, Gurutze Gorria, Unicef eta antzeko elkarte solidarioen kanpainak babesten ditugu.
Zein dira UVESCO taldearen etorkizuneko erronkak?
Zalantzarik gabe, aurten pertsonen segurtasuna lehentasunezko ardatz bihurtu da. Egia da lehendik ere gure taldean zegoela, baina orain are gehiago, eta, inguruabarrak edozein direlarik ere, prebentzioa gure jarduketetan integratu behar dugu eta eskura ditugun tresna guztiak erabili behar ditugu gure langile eta bezeroen segurtasuna bermatzeko. Bestalde, gure helburua BM eredua bezero guztiei helarazten jarraitzea da, irekieren eta gure denden hobekuntzen bidez, bai eta lanpostuak sortuz ere. Garai hauetan, oraindik gehiago, funtsezkoa da enplegua sortzearen alde egitea eta ekonomia suspertzea. Hirugarrenik, tokiko produktuarekiko dugun konpromisoaren alde egiten jarraitzea, oraindik ere gure zutabeetako bat baita eta bere elikaduraz, osasunaz, ongizateaz eta inguruneaz arduratzen den bezeroaren premiei erantzuten baitie.