Ana Santiago, SISTEPLANTeko CEOa, Espainiako TOP 100 emakume liderretakotzat aitortu dute. Industria-ingeniaritza aurreratuaren sektoreko enpresa liderra da SISTEPLANT.
Zorionak industria-ingeniari gisa egin dizuten azken aitorpen honengatik. Zure ustez, epaimahaiak zer faktore nagusi balioetsi ditu zu Espainiako 100 emakume liderren artean sartzeko?
Ekimenaren helburua da agerian jartzea emakumeak hainbat esparru ekonomiko eta sozialetan betetzen duen rola. Nire kasuan, ETE eta startupen kategorian hautatu naute. Faktore giltzarrietako bat zera izan da, Sisteplantek industriaren garapenari eta berrikuntzari egiten dien ekarpena, bai eta teknologia berriekiko dugun pasioa ere.
Zer mezu helaraziko zenieke etorkizuneko belaunaldiei STEM diziplinetarako bokazioak bultzatzeko, batez ere emakumeen artean?
Teknologiak azkar egiten du aurrera. Aurrerapen horren parte izatea eta mundu hobe bat sortzen laguntzea zirraragarria da.
«STEM diziplinak bide egokia dira munduko erronketako batzuk jorratzen ari diren inguruneetara belaunaldi berriak hurbiltzeko».
Gainera, teoria eta praktika konbinatzen dituen prestakuntza batean pentsatzen badugu, konbinazio perfektua izango dugu.
Euskadiko industria-sektoreak zeregin garrantzitsua du, eta, hura garatzeko, beharrezkoa da etorkizuneko langileak prestatzea, bai unibertsitatean, bai lanbide-heziketako zentroetan.
Erronka berri baten aurrean al gaude lan-ingurunean, Euskadiko industriaren beharretara egokitzen diren profilen eskariari dagokionez?
Asko aurreratu da azken urteotan, baina oraindik badago lana. Industria gizarte baten ongizatearen funtsezko faktoreetako bat da, eta oso ahalmen handia du gainerako sektoreak bultzatzeko. Hain zuzen, industria-enplegu bakoitzak 4 ere sor ditzake zerbitzuen sektorean, eta, gainera, kualifikazio handiko beste enplegu batzuk ere eragiten ditu, hala nola zentro teknologikoetan, unibertsitateetan eta abar.
Azken urteotan, prestakuntza-programa berriak garatu dira, bai lanbide-heziketako eskoletan, bai unibertsitateetan. Programa horiek hauekin hibridatzen dute prestakuntza teknikoa: datuen analitika eta interpretazioa eta osasun-munduko prozesu eta merkatuen aldagaien portaeraren aurreikuspena. Era berean, enpresak eta prestakuntza-zentroak gero eta hurbilago daude elkarrengandik, bai prestakuntza praktikoa sustatzeko, bai industriaren beharrak ulertzeko.
«Bide onetik goaz, baina ez dugu bide hori alde batera utzi behar: argi dago arlo horietan espezialista-gabezia dagoela gaur egun, eta, era berean, argi dago profil horiek beharko direla etorkizunean».
Zure ibilbide profesionalean zehar, SISTEPLANT industria-ingeniaritza aurreratuaren sektoreko enpresa lidertzat har dadin lortu duzu.
Pertsonak al dira eraldaketa horren motorra?
Sisteplant duela 38 urte sortu zen, erronka industrialak konpontzeko eta haiei aurre egiteko asmoz. Gaur egun 160 pertsona gara, zenbait egoitzatan banatuak, eta gehienok profil teknikoa dugu.
Gure jarduerak bi arlo hauek konbinatzen ditu: fabriken eta prozesu disruptiboen diseinua eta haien digitalizazio fisiko eta «adimenduna». Berrikuntzak eta erronka teknologikoek mugitzen gaituzte.
Duela 10 urte, hausnarketa sakon baten ondoren, etorkizuneko fabrikak nolakoak izan behar zuten definitu genuen. Horren guztiaren emaitza gure Tecnoiplant eredua izan zen, zeinak teknologia, pertsonak eta digitalizazioa barne hartzen baititu.
«Pertsonak dira edozein eraldaketaren ardatz nagusia, sektorea edozein dela ere, eta, gure kasuan, are gehiago. Horregatik, ahalegin handia egiten dugu talentu kualifikatua erakartzeko eta atxikitzeko, batez ere erronka teknologikoei ekiteko helburuarekin».
Hiri adimendunez, etorkizuneko fabrikez, robotika kolaboratiboaz… ari gara. Nola lagundu dezake ingeniaritzak ingurune osasungarriak sustatzen eta garatzen?
Etorkizuneko hiriek eta etorkizuneko lantegiek oinarri komun bat dute: pertsonen zerbitzura dagoen teknologia, gizarte hobe bat lortzeko eta belaunaldi berrien etorkizuna bermatzeko.
«Ingeniaritza da espazio horiek sortzen laguntzen duen diziplina. Gaitzaile teknologikoen eta tresna informatikoen potentzialik handiena ateratzen du, ingurumena errespetatzen duten espazio jasangarriagoak sortzen ditu, eta, jakina, balio erantsiko produktu eta prozesuak sortzen ditu».
SISTEPLANTek erakutsi du konpromiso sendoa duela berrikuntzarekin, eta, horren ondorioz, apustu handia egiten duela digitalizazioan eta I+G+Bko inbertsioan. Hori al da haren garapenaren eta hedapenaren gakoetako bat? Zein dira SISTEPLANTen etorkizuneko erronkak?
Argiak dira berrikuntzaren aldeko gure apustua, gure giza kapitalaren garapena—diziplina anitzeko talde konprometitu bat—, eta, batez ere, gure ametsen, epe ertainerako planen eta epe laburrerako erreakzio-gaitasunaren arteko oreka.
«Gure fakturazioaren % 20 I+Gko proiektuetara bideratzen dugu, eta, estrategia horri esker, gure bizitzako 38 urteetan abangoardia izan gara industrian».
Gure erronkei dagokienez, lehen esan dudan bezala, asko dira. Alde batetik, nazioarteko hedapena. Mexikon eta Brasilen gaude, baina beste lurralde batzuetan ezartzeko asmoa dugu. Lurralde berri horietan talentua erakartzea eta gure kultura eta egiteko modua garatzea erronka handia da, argi eta garbi.
Arlo teknologikoan, gure Promind adimen artifiziala optimizatzeko lanean ari gara, bai eta bilakaera teknologiko sendo batean ere, bai mantentze-lanen arloan, bai balio-katearen kudeaketa integral eta digitalean, monitorizazio- eta iragarpen-sistema adimendunen bidez.
Ana Santiago elkarrizketa entzun
Ir a descargarPlataforma hauetan dago eskuragarri:






