entrevistada
Itzuli

Elkarrizketa Andrea Vilallongari 

Andrea Vilallonga, komunikazioan eta eragin positiboan aditua giza taldeetan.  

Nazioarteko esparruetan hizlari izan da eta bere esperientzia eta ezagutza publiko zabalari helarazi dio, TEDx TALKS programetan, La Vanguardia, RTVE eta La Cadena Ser bezalako komunikabide nazionaletan eta publiko gazteagoari zuzendutako beste batzuetan parte hartuz, hala nola Operación Triunfo. 

Andrea Vilallongaz hitz egitea motibazioaz eta ikuspegi positiboez hitz egitea da. 

  1. Andrea, zure aurkezpenean esan duzu pertsonen komunikazio positiboa sustatzen aditua zarela. Zertan datza hori zehatz-mehatz?  

Giza elkarrekintzan alderdi eraikitzaileak nabarmentzean eta indartzean datza komunikazio positiboa. Nire ikuspegiaren oinarria da pertsonei laguntza ematea modu eraginkorrean hitz egin dezaten, haien mezuetan eta komunikatzeko moduan positiboa dena azpimarratuz, harreman pertsonalak eta profesionalak hobetze aldera. 

  1. #mirate metodoa garatu duzu. Azalduko diguzu zertan datzan? Zure ustez, zein da metodo horren balio nagusia? 

#mirate metodoa autobehaketa eta autoezagutza sustatzeko garatu dudan tresna bat da. Ideia hau du oinarrian: geure buruari zintzotasunez eta errukiz begiratzen badiogu, aukera izango dugu gure komunikazio-trebetasunak indartzeko eta gizabanako gisa hazteko. Metodo horren balio nagusia da gogoeta pertsonala sustatzen duela, benetakoagoa eta positiboagoa den komunikazio baten oinarri gisa. Jendea ispilura begiratzera gonbidatzen dut, baina ez orrazteko, hausnar egiteko baizik! Nork bere burua ezagutzea da giltzarria, hori baita, maiteok, benetako komunikazio positibo baten atzean dagoen superboterea. 

  1. Hitzaldiak eta prestakuntzak ematen dituzu, idatzi egiten duzu, antzerkian eta publizitatean lan egin duzu, baita OTn ere… Zerk bultzatzen zaitu askotariko diziplinetan parte hartzera? 

Askotariko diziplinetan parte hartzen dut adierazteko eta ikasteko dauden bideak esploratzea interesatzen zaidalako. Esperientzia bakoitzak ikuspegi berri bat ematen dit; horrela, aberastu egiten da komunikazio positiboan dudan ikuspegia. 

Ezin naiz geldirik egon! Diziplina bakoitzak zerbait berria eta zirraragarria ekartzen dit. “Dena egin nahi dut, eta orain” sindromea dudalakoan nago. 

  1. Nola deskribatuko zenuke enpresetako komunikazioaren mundua? 

Enpresetan, komunikazioaren mundua funtsezkoa da antolakuntzak arrakasta izan dezan. Komunikazioak berekin dakar mezuak modu eraginkorrean transmititzea, bai enpresa barruan, bai enpresatik kanpora. Horrela, enpresa-kultura sendo bat eraikitzen da, eta bezeroen eta kolaboratzaileen aurrean irudi positiboa mantentzen. Horrez gain, negozio-azeleragailu bat da komunikazioa. Komunikazioa gakoa da, hura gabe ez dago negoziorik. 

  1. Zerk blokeatzen du enpresa baten potentziala? Nola desblokeatzen da? 

Hainbat faktorek blokeatu dezakete enpresa baten potentziala, hala nola komunikazio eraginkorrik ezak, aldaketarekiko erresistentziak eta taldeko kideen arteko lerrokatzerik ezak. Komunikazioaren hobekuntza, lidergoaren garapena eta lankidetza-kulturaren sustapena barne hartzen dituen ikuspegi integral baten bidez desblokeatzen da. Komunikazioa hobetzea, estatus quoari aurre egitea eta lankidetza sustatzea dira potentzialaren akuiluak. 

  1. XXI. mendeko erakunde batean, zer eragozpen topatzen ditu lider batek inpaktua eta eragina izateko? 

XXI. mendeko erakunde batean, liderrek askotariko erronkak izan ditzakete; esate baterako, aniztasunaren kudeaketa, teknologiarako egokitzapena eta urruneko taldeak gidatzeko beharra. Gainera. badute beste oztopo bat: boteredun askok ez dute aldaketarik egin nahi izaten; aldaketei buruz hitz egiten dute, baina ez daude prest gauzek eboluziona dezaten. Boteredunek eboluzioa besarkatzeari dioten errezeloa benetako erronka izan daiteke. 

Hori gainditzeko, aldaketari buruzko diskurtso distiratsuak baino zerbait gehiago behar da. Estrategia argia, komunikazio eraginkorra, enpatia eta berrikuntzara bideratutako pentsamolde irekia behar dira, eta, batzuetan, baita diplomazia-ukitu bat ere, bidea urratzeko. 

  1. Sare sozialak komunikazioaren oraina dira. Etorkizuna ere badira? 

Sare sozialak komunikazioaren orainaren zati garrantzitsu bat dira, eta litekeena da etorkizunean ere garrantzitsuak izaten jarraitzea. Hala ere, espero dut haiek erabiltzeko modua eta haien eragina aldatu egingo dela denboran zehar. 

  1. Zer aholkatuko zenieke gure gazteei hainbeste estimulu birtualen artean segurtasunez ibil daitezen? 

Gazteentzako aholkua: mundu birtualean, distira egiten duen oro ez da urrea; zenbaitetan, iragazki bat baino ez da. Neska-mutilok, lehenetsi kalitatea kantitatearen aurretik. Eta gogoratu: benetako bizitza pantailatik kanpo ere existitzen da! Garrantzitsua da mugak ezartzea, pribatutasuna babestea eta eremu birtualetik kanpo harreman esanguratsuak eraikitzea. 

  1. Zure egunek ere 24 ordu dituzte? 

Noski! Nireek ere 24 ordu dituzte, baina batzuetan sentitzen dut 12 ordura laburtzen direla. Gakoa denbora kudeatzea da, eta neure buruari gogoraraztea ezen, gustatuko litzaidakeen arren, ezin dudala neure burua klonatu (oraindik ez da horrelakorik asmatu!). 

Andrea Vilallongari buruz gehiago jakin nahi baduzu www.andreavilallonga.com web orrian sar zaitezke.

Lotutako berriak