
Zein da Gizarte Graduatuen Elkargoaren funtzioa?
Jarduneko libre, enpresa-jarduneko eta ez-jarduneko modalitateetan erakundea osatzen duten eta elkargoko kide diren gizarte graduatuen ordezkaritza-organo koordinatzaile eta exekutiboa da Gizarte Graduatuen Elkargoa.
Zuzenbide publikoko korporazioa da, berezko nortasun juridikoa daukana, elkargo profesionalen legeari lotuta dagoena eta helburutzat horien interes profesionalen defentsa duena.
Gizarte graduatuek, lau urteko unibertsitate ikasketak egin eta gero, Elkargoan izena emanda egon behar dute, gizarte graduatu lanbidean jarduteko zein epaitegien aurrean ordezkaritza lana egiteko nahitaezkoa baita elkargoko kide izatea.
Gizarte Graduatua, gizarte eta enpresa gaietako aholkulari juridiko eta ekonomiko moduan, aditua da lan harremanetan, giza baliabideetan eta lan arloko zein gizarte segurantzaren arloko zuzenbidean. Prozesu judizialetan ere parte har dezake, lan arloan zein gizarte segurantzaren arloan.
Zer paper jokatzen du gizarte graduatuak gaur egun? Zein dira eskari gehien duten gaiak?
Gizarte graduatuaren papera 1925eko abuztuaren 17ko Errege Dekretuak arautzen du; izan ere, Dekretu horrek lanbidearen hasiera markatu zuela esan dezakegu.
Lantzen eta ebazten dituzten gaiei dagokienez, horiek lan harremanak eta pertsonen arteko harremanak bezain ugariak eta konplexuak dira. Laburbilduz, esan daiteke honako kasu hauetan esku hartzen dutela:
- Bide judiziala. Lan eta justizia arloko prozeduren ordezkaritza Gizarte Gaietarako Epaitegiaren eta Justiziako Epaitegi Gorenen aurrean, langileen edo enpresarien ordezkari moduan, baita izaera publiko edo sindikaleko entitateen ordezkari moduan ere.
- Bide administratiboa. Lan ikuskaritzaren aurreko ordezkaritza, gizarte prestazioak, aldez aurretiko erreklamazioak.
- GSIN eta Diruzaintza. Ezgaitasun, baliaezintasun, alarguntasun, zurztasun, erretiro, amatasun, aitatasun pentsioen eskaria eta tramitazioa, baita afiliazio, kotizazio, kuoten erreklamazio, diru-sarrera edo ordainketa prozedurak ere, unitate exekutiboen aurreko gestioak eta abar.
- Laneko arriskuen prebentzioa. Aholkularitza eta kudeaketa arriskuen prebentzioan, azterketen eta irizpenen bidez.
- Lan peritua eta gizarte segurantzarena.
- Zerbitzuak enpresei. Enpresa txiki eta ertainen portzentaje handi baten kudeaketa Gizarte Segurantzaren arloan eta lan arloan, horien ordezkaritza eginez erakunde administratibo eta judizialaren aurrean.
- Zerbitzuak langileei. Aholkularitza langileei, eta ordezkaritza administrazioaren zein epaitegien aurrean, zenbatekoak, kaleratzeak eta prestazioak erreklamatzeko.
Zer prestakuntza eta zer zerbitzu eskaintzen dizkie kideei?
Elkargoaren jardueraren barruan, hainbat ekintza egiten dira, ikastaro espezifikoetatik hasi eta orokorragoak diren beste batzuetara, zeinetan lan arloko zuzenbidearen ikuspegi globalagoak emateko ahalegina egiten den. Elkargo honek egiten dituen ikastaroen artean gai hauekin lotutakoak daude:
- Atzerritartasuna.
- Lege aldetiko berritasunak lan arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko zuzenbidean.
- Zuzenbide prozesala.
- Lan arloko eta gizarte segurantzaren arloko jardunaldiak. Zortzi urte daramatzagu jardunaldi horiek egiten; horietan, bi egunez hizlari espezializatuek lan zuzenbideari buruzko beren ikuspegia ematen dute, agente guztiek elkarri eraginez egiten diren eztabaidak sortuz: sindikatuak, lan ikuskaritza, patronala, epaile eta magistratuak, eta, jakina, gizarte graduatuak.
- Hilean behin egiten diren lan gosariak, Elkargoko kide guztiei irekiak, une horretan gaurkotasuna duten gaiei buruz eztabaidatzeko edo unean uneko kontsultak edo kezkak proposatzeko.
Lan arloan egiten duzuen aholkularitzaren eta kudeaketaren barruan, nola egiten zaio aurre arriskuen prebentzioari enpresan?
Lan arloko eta gizarte segurantzaren arloko zuzenbidean profesionalak garenez, egokiak gara prebentzioaren arloko legezko arauak betetzen diren ala ez ikusteko txostenak jaulkitzeko. Norabide berean, lankidetzan aritzen gara berdintasun planekin, sexu edo lan arrazoiengatiko jazarpenei buruzko protokoloak betetzeko, eta arrisku psikosozialen planekin; gai horietan, txostena egiteaz gain, enpresaren ehun osora iristen da, enpresari zein langileei ikusaraziz hala laneko arriskuen prebentzioaren garrantzia nola gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarena eta diskriminazio ezarena.
Zer ekarri dute teknologia berriek erakundeetan graduatuaren kudeaketari aplikatuta?
Teknologia berriek eragin dute gure lanak gero eta gutxiago izatea alderdi administratibotik eta gehiago alderdi teknikotik, kudeaketaren bilakaera gero eta bizkorragoaz kontziente izanik, metodo informatikoen bidez. Aldi berean, administrazioa neurriak hartzen ari da teknologia berriak ezar daitezen administrazioaren eta administratuaren artean.
Zein dira Elkargoaren hurrengo erronkak?
Une honetan, erronkarik garrantzitsuenak dira gizarteak ikustea Gizarte Graduatua lanari eta segurtasunari dagokion guztian aditua den profesionala dela, eta beharrezkoa dela enpresek indarrean den legeria betetzea. Bestalde, horri gehituko genioke elkargotik orientazio juridikoko zerbitzua eskaintzen dela gaur egun doan, lan, gizarte segurantza eta atzerritartasun gaietan.
