ASLE zuzendari kudeatzailea
Itzuli

Elkarrizketa: ASLE

ASLE. Euskadiko enpresa elkartea da, eta kapitalean langileen parte-hartzea duten lan elkarteak eta enpresak ordezkatzen ditu.

Elkarrizketa egin diogu Jone Nolte Usparichari. ASLEren zuzendari kudeatzailea da, eta izendatu berri dute Mutualiako 3. presidenteorde eta Bizkaiko Lurralde Batzordeko presidente.


  • Nola eta noiz sortu zen ASLE?

ASLE 1982an sortu zen, beraz, berrogeigarren urteurrena dugu aurten; industriaren eremuko eta Euskadiko hiru lurraldeetako 30 enpresaren baino gehiagoren ekimenez sortu zen. Enpresa horiek guztiak jabeek abandonatuta utzi zituzten krisiaren ondorioz, eta langileek hartu eta moldatu zituzten, bideragarri izatea lortu zuten arte. Segurtasun juridikorik gabeko garaian sortutako enpresa birmoldatuak izan ziren; izan ere, garai hartan ez zegoen langileen partaidetza zuten sozietateak arautzen zituen araudirik, eta, hain zuzen ere, ordezkaritza, elkarrizketa eta lobby behar horrek bultzatuta sortu zuten elkartea. Beraz, ASLEk jatorritik beretik izan zuen lehen erronka Lan Sozietate deituriko egitura juridikoa arautuko zuen legea bultzatzea izan zen, eta, azkenik, 1986an onartu zen.

ASLE 2022

 

  • ASLEk enpresak sortzen, eraldatzen eta finkatzen laguntzeko zerbitzua eskaintzen du.

ASLE enpresa elkarte bat da, eta enpresa elkartuen ordezkaritza egitea du, hortaz, eginkizun nagusia. Hala ere, ASLE zerbitzua emateko bokazioa duen erakundea da, eta, ondorioz, hainbat zerbitzu ematen dizkie Lan Sozietate eta Sozietate Partaidetu horiei, denboran zehar sendotu ahal izateko.

Azken gogoeta estrategikoan, ASLE jabetu zen enpresa elkartuei zerbitzuak eskaintzeaz gain, beste kolektibo batzuekin ere lan egin behar duela, Lan Sozietate eta Sozietate Partaidetu berriak sortu eta eraldatu daitezen. Aurretik ere ematen genituen era horretako zerbitzuak, baina ez genituen elkartearen berezko zerbitzu eta zerbitzu zehatz gisa katalogatuta. Horregatik, esan dezakegu ASLEk enpresa klasiko eta berritzaileen sustatzaileei laguntzen diela, eta, horretarako, Euskadiko ekintzailetzaren alorreko eragile guztiekin jarduten dugu elkarlanean; horrez gainera, enpresa bat krisi ekonomikoan dagoenean, birmoldaketa prozesuetan laguntzen diogu eta esku hartzen dugu, eta, enpresen jabeek erretiroa hartu ondoren, jabetza hori bertako langileei transmititzea planteatzen dutenei ere laguntzen diegu.

  • Enpresak sortzen laguntzeari dagokionez, aholkularitza edozein enpresa motari eskaintzen al diozue? Zertan datza laguntza hori?

ASLEk enpresa proiektu berri bat sustatzen duen edozein sustatzaile edo pertsona talderi eskaintzen dio aholkularitza, eta, lehenik eta behin, Lan Sozietateak proiektu horretan duen lekua baloratzen du. Lan hori bera egiten dugu gure ereduari buruzko ezagutza osatu nahi duten Euskadiko ekintzailetzako beste eragile batzuekin ere.

Aukerarik badago eta pertsona sustatzaileak edo sustatzaileek Lan Sozietate bat sortzea erabakitzen badute, eraketa prozesu osoan laguntzen diegu, hainbat laguntza eta dirulaguntza eskatzen laguntzen diegu, Lan Sozietatearen filosofian eta enpresa baten alderdi juridikoetan, ekonomikoetan eta kudeaketan trebatzen ditugu, eta lehenengo kudeaketa plana garatzen saiatzen gara, antolatzeko eta garatzeko gutxieneko irizpideak emanez, era horretara indartu egiten baitira arrakastarako aukerak.

  • Zer berregituraketa mota izan dezake enpresa batek eta zein da ASLEk eskain dezakeen laguntza?

Kontuan hartu behar dugu gauza jakin bat egiteko modua aldatzea dela berregituraketa.

Krisian dagoen enpresa bat badugu, egoera juridikoari, ekonomiko-finantzarioari eta antolaketari buruzko diagnostiko bat egin beharko dugu, eta enpresa proiektu berri bat planteatu beharko dugu, aurreko proiektuarekiko oinarri “aldatu” batzuetatik abiatuko dena eta etorkizunean bideragarria izango dena.

Aldaketak era eta sakontasun askotakoak izan daitezke, eta proiektu bakoitzaren arabera diseinatu beharko dira; esan dezagun “neurrira egindako traje” bat egiten dela.

Aztertzen ari garen proiektua jabetza txandakatzeko prozesu bat bada, diagnostiko bera egin beharko dugu, etorkizuneko proiektu partekatua definitu ahal izateko. Oro har, proiektu horietan ere aldaketak egin behar dira; izan ere, proiektu kaudimendunak izan arren, enpresen jabe askok, erretiroa hartzeko adina hurbiltzen ari den heinean, eta bereziki beren enpresa etorkizuna horixe denean, inbertitzeari uzten diote, merkatuaren joeretatik aldentzen dira, abangoardian egoteko aukera ematen dien harreman kapitala galtzen dute; azken batean, “balazta sakatzen” dute; eta, egoera horren ondorioz, lan egiten duten langileek apustu berri eta sendoak egin behar dituzte. Era horretako proiektuetan behar handia egoten da barne berrantolaketari dagokionez, jabetzak hartu izan baitu lidergoa eta funtzio zehatzak bete baititu, eta horrek rol horien ordezkapena planifikatzeko beharra sortzen du, horren ondoriozko antolamendu aldaketekin.

  • Dagoeneko finkatuta dagoen enpresa batek zer laguntza eta aholkularitza aurki ditzake ASLEn?

Lehen esan bezala, ASLEren lehen funtzioa eta, agian, enpresa elkartuentzako gutxien ikusten dena, horien ordezkaritza da. Funtzio horri esker, eredua indartzeko araudiak alda daitezke, hainbat erakundetara eraman daitezke haien beharrak eta espektatibak, eta haien aldeko neurriak arautu daitezke, haien posizioa hobetzeko. Funtzio horren bitartez, azken bi krisietan (COVID-19 eta Ukrainako Gerra) Lan Sozietateentzako arau zehatzak argitaratzea lortu da, beren lehiakortasuna sendotzeko. Lan horren beste adibide bat Gipuzkoako eta Arabako zerga araudian txandaketa egoeran dauden enpresak langileei transmititzeko pizgarriak bultzatzea izan da, bai eskualdatzaileei bai eskuratzaileei zerga arloan laguntza eskainiz. Lan horrek iraunkortasuna eta tinkotasuna eskatzen ditu, eta, hain zuzen ere, ASLEk eta ASLE buru duen Laborpar Espainiako Lan Sozietateen eta Partaidetuen Elkarteak egiten du lan hori.

Funtzio horretatik harago, ASLEn saiatzen gara enpresen arteko elkarreragin handiagoa lortzen, interkooperazio programen, prestakuntzaren eta webinar-en bidez; gaur egun, “Konektatu” programa dugu martxan, eta, hain zuzen ere, enpresen arteko sinergiak identifikatzea du programa horrek helburu, hainbat konexio-dinamikaren bidez.

Aholkularitza juridiko eta ekonomiko-finantzarioko zerbitzuak ere ematen ditugu, laguntzei eta dirulaguntzei buruzko informazioa barne. Zerbitzu hori izan da, historikoki, enpresa elkartuek gehien baloratu dutena, eta horregatik saiatzen gara etengabe indartzen.

Ohiko informazio gutunez gain, Newsletter bat dugu martxan, enpresa elkartuen ikusgarritasuna hobetzeko, eta, gainera, aldizkari bat ere argitaratzen dugu hiru hilean behin: GATZA.

Bestalde, enpresei laguntzen diegu kontularitzaren, zergen eta lanaren arloetan sortzen zaizkien betebeharretan.

Baina, azken urteotan, enpresen lehiakortasuna hobetzeko zerbitzuetan ari gara berrikuntzarik handienak egiten, eta enpresen kudeaketari lotutako alderdietan laguntzen saiatzen ari gara, batez ere kudeaketa elementuak ezartzeko orduan. Arlo horretan espezializatuta gaude kudeaketa aurreratuaren ereduan, pertsonen kudeaketari lotutako alderdietan eta, gero eta gehiago, marketin digitalaren eta digitalizazioaren esparruan.

Hala ere, egiten dugun guztia ikuspegi komun honetatik abiatzen da: enpresetan partaidetza sustatzea, eta, hain zuzen ere, premisa horren gainean oinarritzen da ASLEren estrategia guztia: enpresei laguntzea partaidetza sustatzeko prozesuetan, bai kudeaketan, bai emaitzetan, bai kapitalean, gure ustez era horretara izango baita enpresa parte-hartzaile eta partaidetu bat kohesionatuagoa, erantzunkideagoa eta Euskadin sustraituagoa.

  • Zer erronka proposatzen dira aurrera begira?

Gure erronka nagusia hazkundea da, bai enpresen dimentsioari dagokionez, bai kopuruari dagokionez. Horretarako, lege aldaketak bultzatzeko gai izan behar dugu, figura juridikoari erakargarritasun handiagoa emateko eta horretara jotzeko oztopoak arintzeko. Eta, hortik abiatuta, ikusgarritasuna eta ezagutza indartzea, potentzial handiko figura juridikoa baita, baina ezezaguna.

Badakigu eraldatzen ari den mundu baten aurrean gaudela, eta horrek erronka asko dakarzkio gure eredu juridikoari. Horregatik, ASLEren laugarren biltzarra egingo dugu 2022an, egoera diagnostikatzeko, hainbat agertoki planteatzeko eta Lan Sozietatea eta Partaidetua etorkizuneko bidean jarriko dituzten ebazpen proposamenak lehenesteko. Kongresu horretan finkatu beharko da zer erronka izango diren lehentasunezkoak etorkizunean.

Zorionak eman nahi dizkiogu ASLEri gure Zuzendaritza Batzordeko eta Bizkaiko Lurralde Batzordeko kide izateagatik, eta, bereziki, haren ordezkari Jone Nolteri, 3. presidenteorde izendatu dutelako. Urrats berri bat izan da berdintasunerako bidean, lortu baitugu gure Zuzendaritza Batzordean emakumeen % 40ko ordezkaritza edukitzea.

Zer esan nahi du izendapen horrek?

Erakundeen babesaz gainera, ASLEk gizarte honetan betetzen duen funtzioaren aitorpen esplizitua ere bada.

Mutualiak gauza asko ditu komunean ASLE erakundearekin eta Lan Sozietateekin, hasi bere funtzio sozialaren prebalentziatik eta egituratze lanetaraino. Gainera, kudeaketa sistema eredugarria du, alderdi askotan ASLEk berak ere partekatzen duena.

Ziur nago ikasteko eta osagarritasuna lantzeko aukera ugari aurkituko ditugula etapa berri honetan, win – win binomioa indartzeko.

Zer nabarmenduko zenuke ASLE eta Mutualiaren arteko harremanean?

Harreman historikoa da, errespetuan, elkarrekiko aitorpenean eta ikaskuntza partekatuan oinarritua eta, batez ere, kudeaketa aurreratuko ereduaren aldeko apustu komunari lotua. Horri esker, bi erakundeak erreferente izan gara gure sektoreetan, eta baita kudeaketaren eredu ere beste erakunde askorentzat.

Lotutako berriak