Itzuli

ELKARRIZKETA, BARTOLOMÉ ARISTEGUI MAIRAL BIZKAIKO GRADUATU SOZIALEN ELKARGO OFIZIALAREN LEHENDAKARIARI

Zer funtzio betetzen du Bizkaiko Graduatu Sozialen Elkargoak?

Bizkaiko Graduatu Sozialen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazio bat da, izaera profesionalekoa. Elkargoaren helburua da Graduatu Sozialen ordezkaritza egitea eta lanbidea babestea, eta orobat babestea elkargoko bazkideen interes profesionalak, gizartearen interesekin eta premia orokorrekin bat eginez.

Graduatu sozial gisa jarduteko derrigorrezkoa da elkargoko kide izatea.

Bizkaian, 250 elkargokide daude; enpresetan eskaintzen dituzte beren zerbitzuak, eta probintziako hainbat udalerritako bulegoetan ere aritzen dira, libreki.

Zer gai kudeatzen dituzte? Zein dira bezeroek gehien eskatzen dituztenak?

Graduatu Sozialak unibertsitate mailako prestakuntza duten profesionalak dira. Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidean oinarritzen dira beren ikasketak, eta beraiek dira, hain zuzen, gai horretan espezialista diren unibertsitario bakarrak.

Kudeaketari dagokionez, labur-labur, enpresen eta bertako langileen arteko harremanekin zerikusia duen oro kudeatzen dugu: lan kontratuak egiten ditugu, lan harremanari eragiten dioten gertaera orori erantzuten diogu, hala nola nominak, kitapenak eta gizarte kotizazioak, Gizarte Segurantzari era guztietako prestazioak eskatzen dizkiogu (amatasuna, aitatasuna, ezintasun iraunkorra, alarguntasuna, zurztasuna, erretiroa…), eta kudeatzen dugu, halaber, beren kontura diharduten langileen edo Langile Autonomoen Erregimen Bereziarekin zerikusia duen oro, Gizarte Segurantzako beste erregimen bereziekin zerikusia duen oro (artistak, nekazariak…) eta langabeziagatik ordaindutako kontribuzio-prestazioekin edo dirulaguntzekin zerikusia duen oro.

Aholkularitzari edo kontsultoretzari dagokionez, gure espezialitatearekin zerikusia duten kontsulta guztiei erantzuten diegu, hau da, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidearekin zerikusia duen orori; esate baterako, lan kontratu batek edo nomina batek indarrean den legedia betetzen ote duen aztertzen dugu, eta bitartekaritza lana ere egiten dugu enpresen edo sektore baten hitzarmen kolektiboen negoziazioan.

Jurisdikzio sozialari dagokionez, operadore juridiko garen aldetik, gure bezeroen ordezkari gisa jarduten dugu; kaleratzeen kontrako erreklamazioetan demandak aurkezten ditugu; funtsezko eskubideak urratu direnean, erretiroak, etengabeko ezintasunak, alarguntasunak eskatzen ditugu, edo enpresa defendatzen dugu gizarte jurisdikzioaren aurrean, auzitara eramaten den prozedura guztietan.

Gure bezeroek erabateko zerbitzua eskatzen dute gure bulego eta aholkularitzetan, eta horren baitan sartzen da kudeaketa, aholkularitza eta interesen defentsa erakunde publikoen eta gizarte jurisdikzioaren aurrean, hala behar balitz.

Zer prestakuntza eta zerbitzu eskaintzen die elkargoko kideei?

Gure espezialitatearen esparrua, hau da, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidea, zuzenbidearen eremu aldakorrena da; izan ere, etengabeko aldaketak egoten dira gizartearen eskaeren eta Gobernuaren kolore politikoaren arabera, eta horren ondorioz, etengabeko birziklatze profesionala egin behar dugu. Hortaz, prestakuntza funtsezkoa da, zerbitzu profesional egokia eman nahi izanez gero.

Horretarako, Elkargoak hitzaldiak, jardunaldiak eta prestakuntza ikastaroak antolatzen ditu aldaketa horien inguruan, eta baita aldaketa horiek gure lanbidearen jardunean duten ondorioen inguruan ere; era horretara, hobetu egiten da bezeroenganako gure zerbitzua.

Horren erakusgarri dira Errege Lege-dekretu bidez 2019ko martxoaren 7an eta 12an esparru soziolaboralean abian jarritako aldaketak.

Lanaren alorreko aholkularitzaren eta kudeaketaren barruan, nola heltzen diozue laneko arriskuen prebentzioaren gaiari?

Gure eskumeneko esparruan, hau da, gizarte jurisdikzioaren esparruan, ikuspegi globaletik heltzen diogu arriskuen prebentzioaren alorrari.

Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidean espezializatuak garen profesionalak izanik, eta gure bezero diren enpresen interesen aholkularitzan, kudeaketan eta defentsan dugun prestakuntza eta esperientzia profesionala dela-eta, geu gara egokienak enpresa horiek gai horrekin zerikusia duten lege arau guztiak betetzen dituzten edo ez zehazten duten txostenak idazteko. Era berean, enpresarekin batera jardun dezakegu elkarlanean berdintasun planak osatzeko, sexu edo lan arrazoien ondoriozko jazarpenari buruzko enpresa protokoloak betetzeko eta arrisku psikosozialen prebentzio planak aplikatzeko.

Enpresak lege betebeharrak betetzen dituen aztertuko duten eta horiei buruzko txostenak egingo dituzten profesionalak edukitzea oso lasaigarria da enpresa horiek zuzentzen dituzten pertsonentzat, zigor eta gizarte mailako erantzukizun oro saihesten baitute horrela.

Kontuan hartu behar ditugu, halaber, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legea indarrean sartzearen ondoriozko betebeharrak. Legearen arabera derrigorrezkoa da lizitaziora aurkezten diren enpresentzat, esleipendun izan ondoren, lan ikuskaritzak egitea, legea betetzen ote duten ikusteko. Halaber, enpresa jakin batzuk derrigortuta daude, kudeaketa txostenarekin batera, “informazio ez-finantzarioaren egoera” aurkeztera –aurten lehen aldiz–. Hor sartu behar da langileen bilakaera, emaitzak eta egoera ulertzeko beharrezkoa den informazio guztia, bai eta emakumeen eta gizonen tratu eta aukera berdintasunaren printzipioari laguntzeko hartutako neurriak ere, eta, orobat, ezintasunak dituzten pertsonak ez baztertzeko eta lan munduan sartzeko printzipioari laguntzeko hartutakoak. Halaber, emakumeen eta gizonen tratu eta aukera berdintasuna lanean eta okupazioan bermatzeko premiazko neurriak ere egon beharko dira; horrek finkatzen du, besteak beste, soldaten ikuskaritzak egiteko betebeharra.

Gure Elkargoa, gizarteak eskatzen duen zerbitzu profesionalen espezializazio hori aurreikusirik, orain dela zenbait urte unibertsitate mailako graduondoko ikastaroak bultzatzen hasi zen, eta horietan laguntzen du, bai Euskal Herriko Unibertsitatearekin bai Deustuko Unibertsitatearekin batera. Ikuskaritza soziolaboralari eta genero berdintasunari buruzkoak eta lan arloko aholkularitzari eta compliance soziolaboralari buruzkoak izaten dira ikastaro horiek.

Zer zeregin betetzen du Elkargoak operadore juridiko gisa?

Profesional gisa, langileen eta enpresen Ordezkaritza Teknikoa da gure zeregina, eta horien interesak babesten ditugu jurisdikzio sozialaren aurrean. Gure esku-hartzeak haien interesak babesten ditu, bai lehen auzialdian, Lan arloko epaitegietan, bai bigarren auzialdian, errekurtsoa jarriz gero, dagokion Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Zentzu horretan, jurisdikzio sozialaren esparruan doako justiziaren barruan gure esku-hartzea legez antolatzea, ez zaigu besterik gelditzen.

Osasuntsu al daude lan harremanak Bizkaian?

Oro har, baietz uste dut. Kontuan hartu behar dugu ekonomia-krisi larria pasa genuela eta horrek eragin sakona izan zuela enpleguan; lan harremanetan neurri malgutzaileak hartu ziren, eta horiek langileei egin zieten kalte. Krisi horretatik errekuperatu ondoren, logikoa da sindikatuek langileei kendutako eskubideak erreibindikatzea eta sektoreko edo enpresako hitzarmen kolektiboetan lan baldintzen hobekuntzak eta soldaten igoera negoziatzea.

Zein dira Elkargoaren etorkizuneko erronkak?

Bat baino gehiago ditugu, baina has gaitezen guretzat garrantzi gehien duenarekin: Graduatu Sozialak Lanaren eta Gizarte Segurantzaren alorrean aditu diren profesional juridiko gisa identifikatzea.

Graduatu Soziala ikuskatzaile soziolaboral gisa ezagutzera ematea; jarduera hori oso garrantzizkoa eta beharrezkoa da, enpresetan Lanaren eta Gizarte Segurantzaren alorreko legeak betetzen ote diren jakiteko.

Doako orientazio juridikoko zerbitzua eskaintzen jarraitzea lanaren eta gizarte segurantzaren alorrean, oso harrera ona izan baitu eta gero eta gehiago eskatzen baitute herritarrek.

Lotutako berriak