BIZITEGI-Gerente-Aitor-Ipina
Itzuli

Elkarrizketa: Bizitegi

BIZITEGI-Gerente-Aitor-Ipina
BIZITEGI-Aitor Ipiña

Bizitegi, 40 urte bazterketarik gabeko gizarte baten alde. Gerentearekin hitz egin dugu. Aitor Ipiñak azaldu digu “zer garen eta zer egiten dugun” 

 

Zer den Bizitegi eta nola hasi zuen bere ibilbidea. 

Bizitegi duela 40 urte Otxarkoagan sortu zen proiektu soziala da; Kaputxinoen anaitasun bat izan zen ardatza, eta auzoan desabantaila sozial handiena zuten pertsonak artatzeko asmoz sortu zen. 80ko hamarkada zen, eta drogaren arazoak, heroinarenak, izugarrizko eragina izan zuen auzo eta gazte askorengan. 

Proiektu hau auzo bateko konpromiso pertsonaletik sortu zen, komunitate batean, pertsona ahulenak artatzeko espazioak eta konplizitateak sortuz. 

Pertsonekin egindako lan horretan beste kontu bat planteatu zen une jakin batean: etxebizitza izan baina laguntza behar duen pertsona batek laguntza behar baina etxerik ez dutenekin parteka zezala etxebizitza hori. Horrela sortu zen lehenengo BIZITEGI; oso dinamika positiboa sortu zuen, eta denbora laburrean 20 etxebizitza inguru zeuden. 

Ondoren, BIZITEGI beste alor batzuetan ere hasi zen: buruko gaixotasunen bat izan eta baztertuta zeuden pertsonekin eta etxerik gabeko pertsonekin, hain zuzen ere 

Zein jarduera du, eta non daude? 

Gaur egun, gure jardueraren helburu nagusia bazterketa-egoeran dauden pertsonen alde lan egitea da, eta hainbat eremu ditu oinarrian: gaixotasun mental larria eta gizarte-bazterketa duten pertsonen, adikzio-arazoak dituztenen eta etxerik gabekoen gizarte- eta osasun-arloak. Eguneko baliabideen, ostatuen eta laguntza-ekipoen sare zabala dugu, pertsonei beren bizitzan laguntzeko. 

Gure jarduera Bizkaian egiten dugu, eta, batez ere, Bilbon. 

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Inklusioa Sustatzeko Zerbitzuarekin adostuta lan egiten dugu, eta Bilboko Udaleko etxerik gabeko pertsonen zerbitzuak kudeatzen ditugu. 

Gainera, proiektu propioak garatzen ditugu, eta horiek bereziki nabarmendu beharra dagoela ikusten dugu. Gaur egun, etxerik gabeko emakumeei arreta emateko Borobiltzen proiektua ezinbestekoa da Bilboko pertsona ahulenak artatzeko. 

 

Zein da zuen proiektua, eta nola prestatzen duzue estrategia? 

Bizitegi bazterketarik gabeko gizarte baten alde lan egiten duen proiektua da; pertsonak lagundu eta babestu nahi ditugu, baina gizarte inklusiboago baten eraketan ere eragina izan nahi dugu. Izan ere, horrek aukera ematen digu herritarrengana, komunitatearengana eta, ondorioz, gizarte osoarengana irekitzeko. 

Gizarte inklusiboak iraunkorra izan behar du; izan ere, pertsona guztiekin, bai orain bizi direnekin bai iristen direnekin abegitsua izateaz gain, ingurumena errespetatu behar du. 

Ikuspegi horrek gure kudeaketa-estiloari ere eragiten dio; izan ere, azken urteotan kalitatearen eta etengabeko hobekuntzaren kudeaketara bideratuta dago, eta kudeaketa aurreratuko ereduak eta garapen jasangarriko helburuak hartu ditu erreferentziatzat. 

Hirugarren sektore sozialeko erakunde gisa, Euskadin bada pertsonen eskubideak eta betebeharrak jasotzen dituen esku-hartze sozialeko eredurik?  

Ikuspegi historikotik begiratuta, BIZITEGI hasi zenean euskal administrazioa sortzen ari zen, eta, denborarekin, gizarte-zerbitzuen sistema bat eratu da, aurrerapauso handia eman duena herritarren eskubide subjektiboak aitortzeko. Horrek guztiak eragina du gutxieneko errenten sisteman (DSBE) eta arreta jasotzeko eskubidean, pertsona baten gizartebazterketa baloratzerakoan. 

Asko dago egiteko, baina aurrerapen handia egin dela aitortu beharra dago. 

Zenbateko garrantzia dute boluntarioek? 

BIZITEGI proiektu boluntarioa da sortu zenetik. Eboluzionatu egin du, baina gaur egun erakunde profesionala denik ezin dugu esan, boluntarioek zeregin garrantzitsua baitute; boluntario hauei esker harreman aniztasuna dugu, eta horrek inklusio-prozesu pertsonalak asko normalizatzen eta aberasten ditu. 

Nola hobetu dezakegu gure gizarteeredua?  

Oraindik elementu garrantzitsuak ditugu hobetzeko. Gizarte-zerbitzuen zorroa osorik garatu behar da, eta baztertuta dauden pertsonen eskura jarri behar dira eskubidez dagozkien zerbitzuak. 

Etxebizitzarena arazo handia da oraindik ere. Etxebizitza duin eta eskuragarria izatea oso garrantzitsua da bizi-proiektu autonomoak garatzeko, eta hori esatean gazteak izaten diren arren gogoan, baztertuta dauden pertsonekin ere gauza bera gertatzen da. 

40 urteko ibilbidea, zein helburu eta erronka dituzue etorkizunari begira? 

Gure helburua hasierako bera da, eta ondorioz, arreta berezia eskaintzen diegu sortzen ari diren bazterketa modu berriei. Gizartea globalizatu egin da, eta sistema ekonomikoa eta soziala etengabe aldatzen ari dira; beti adi egon behar da, aldaketa horiek alde batera uzten baitituzte pertsona batzuk. 

Erronka gisa 2 giltzarri identifikatu ditugu: 

Genero-ikuspegia. Alor honetan egiteko asko dago, inklusio-lanean genero-ikuspegia benetan ezarri beharra baitago. Pobreziak emakume-aurpegia du oraindik erebaina, hala ere, zerbitzu maskulinizatu asko dago. Beste ikuspegi bateko zerbitzuak sortu behar dira. 

. Beste giltzarrietako bat lan komunitarioa da; erreferentziazko eta gertuko inguruak garatu beharra dago, pertsona guztiok bizitza egoki eta esanguratsurako behar ditugun harremanak izateko eta garatzeko. 

Lotutako berriak