Itzuli

Daniel Manteca Garcíari elkarrizketa

«Mugikortasunaren etorkizun hurbilera egokitzeko bide gisa ulertu behar ditugu aldaketak»  

Daniel Manteca García  

Bide-segurtasunean trebatzaile eta aditua, 20 urte baino gehiagoko esperientzia duena.  

SEGVIAL Formación autoeskolako zuzendaria.  

Joan den martxoaren 21ean jarri zen indarrean Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Lege berria. Hemendik aurrera, puntu gehiago kenduko dira jokabide arriskutsuengatik, hala nola sakelakoa eskutan eramanda gidatzeagatik, edota segurtasun-uhala, haurrak lotzeko sistemak edo kaskoa ez erabiltzeagatik, baita txarto lotuta eramateagatik ere. Trebakuntza-ikastaroak egitea sustatu nahi da, eta alderdi zaurgarrienei ematen zaie lehentasuna, hala nola oinezkoei, txirrindulariei eta mugikortasun pertsonalerako ibilgailuei, baita ingurumena babesteari ere.  

DGTk aurrekaririk gabeko kanpaina baten bidez eman du aldaketen berri, zer dela-eta horrelako kanpaina?  

Kanpaina bizia eta bikaina da, eta komunikabide mota guztiak barne hartzen ditu, klasikoak zein berriak; hala, sare sozial gehienetara ere iritsi da, publiko mota guztiengana iristeko, bereziki, gazteenengana. Berebiziko garrantzia zuen pertsona guztiengana iristeak, aldaketa asko izan baitira eta horiek eragin nabarmena izango baitute gure egunerokoan. DGTren kanpainan esaten denez, garai berrietarako arau berriak.  

Hitz egin dezagun, bada, aldaketa horiei buruz. Zeintzuk dira, eta zergatik ekarriko dute aldaketa nabarmena?  

Ezer baino lehen, gure herrialdean zein Europar Batasunean mugikortasunaren etorkizun hurbilera egokitzeko bide gisa ulertu behar ditugu aldaketak; izan ere, ezbehar-kopurua eta errepideko heriotzen kopurua murriztera bideratuta daude. Helburu hori lortze aldera, berrikusi egin dira puntuak kentzea eragiten duten arau-hausteak. Izan ere, berrikusketa hori ezinbestekoa zen sistema eguneratzeko eta hobetzeko, baita garai berrietara egokitzeko ere. Hori horrela, gogortu egin dira zehapenak; ez alderdi ekonomikoari dagokionez, baizik eta puntu-kenketari dagokionez. Batez ere, hemendik aurrera gogorrago zigortuko dira jokabiderik arriskutsuenak, hau da, distrakzioak, horiek eragiten baitituzte gaur egun istripu gehien (sakelako telefonoa eta/edo bestelako gailu elektronikoen manipulazioa). Horrela, neurri handiagoan babestu nahi dira erabiltzaile zaurgarrienak, hala nola oinezkoak, mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak eta bizikletak. Elementu horiek guztiak funtsezkoak dira mugikortasun berrirako bidea egiteko.  

Gainera, nabarmentzekoa da hildakoak eragiten dituzten hiru ezbeharretik bi errepide arruntetan gertatzen direla eta, ondorioz, horietan ere hartu dira neurriak; adibidez, deuseztatu egin da, beste ibilgailu bat aurreratzeko orduan, gehieneko abiadura generikoa orduko 20 km-an gainditu ahal izateko aukera, zeina ez baitzen existitzen gure inguruko ezein herrialdetan.  

Aurreratzeko, orduko 20 km-ko abiadura gehitzeko aukerari agur esan diogu, bada. Zergatik ezarri da neurri hori?  

Maniobraren arriskugarritasuna izan da arrazoi nagusia. Logikoa denez, maniobra kopurua murriztuta, horiek egiteko orduan eragiten diren istripuen kopurua ere txikituko da. Horrela, bide horietan heriotzak eragiten dituzten ezbeharrak murriztu ahal izango dira, ezbehar eta hildako ugari gertatzen baitira gaur egun. Gogoan izan behar dugu lautik hiru direla horrelakoak; eta, gainera, Europar Batasuneko salbuespen bakarra ginen horretan; hau da, neurri hori indarrean genuen bakarrak ginen.  

Beste nobedade bat honako hau da: mugikortasun pertsonalerako ibilgailuei lotutako alderdi ororen arauketa sakonagoa.  

Halaxe da. Lege-esparrua eman zaie horrelako ibilgailuei, bai ibilgailuari berari dagokionez, bai zirkulatzeko moduari dagokionez. Horrela, ibilgailu horiei «estatus» propioa eman zaie, funtsezko elementutzat jotzen baitira mugikortasun berrian.  

Mintza gaitezen sakelakoaz. Puntuen kenketa handitu egin da horretan ere.  

Jakina! Errepidean zer gertatzen den apur bat aztertu baino ez dago, eta konturatuko gara kezkagarria dela hor ikus daitekeena. Horregatik, hemendik aurrera, gidatu bitartean sakelakoa heltze hutsak 6 puntu kentzea eragingo du. Euskarriaren gainean dagoela manipulatzeagatik 3 puntu kentzen dira. Izan ere, arrisku handia dakarte WhatsAppen eta sare sozialen bidezko mezularitzak. Gogoan izan behar dugu errepideko istripuetan izaten diren hiru hildakoetatik bat distrakzioen ondorioz gertatzen dela. 

Azkenaldian, maiz entzuten dugu “mugikortasun berria” terminoa. Azalduko diguzu zehatzago zer den?  

Aldaketa sorta bat dela esan dezakegu; une honetan gertatzen ari dira aldaketak, eta mugitzeko modu seguru, garbi eta humanoago baterantz garamatzate. Abiadura-mugak murriztean eta trafikoa arintzean datza mugikortasun berria. Hartara, modu berriak sustatzen dira: mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak, bizikletak eta garraio publikoaren sustapena. Hiriak oinezkoentzako prestatzea dakar, isuri txikiko eremuak sortuz, eta horrela ingurune garbi eta atseginagoa sortzea.  

Horiek dira, oro har, mugikortasun berri honen oinarrizko puntuak.  

Isuri txikiko eremuak aipatu dituzu. Zer dira, eta noiz hasiko dira aplikatzen?  

Zirkulazioan murrizketak dituzten guneak dira, Klima-aldaketari buruzko Legearen protokoloetatik eratorritakoak. Izan ere, aipatu legeak 2022. urtean hainbat protokolo martxan jartzera behartzen ditu 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriak.  

Udalerriek beraiek izango dute neurriak ezarri, zaindu eta horien urratzeak zehatzeko legezko eskumena.  

Azkenik, posible al da gidabaimena soinean eraman gabe egiaztatzea?  

Bai, noski. Martxoaren 21eko Legea indarrean jarri denetik, «miDGT» aplikazioari esker, sakelakoaren bidez egiaztatu dezakegu gidabaimena badugula. 

Lotutako berriak