Enpresako Aniztasunaren Mutualia Saria jaso du 2025ean KL Katealegaia erakundeak, “GAITASUN DESBERDINAK DITUZTEN PERTSONEN ENPLEGAGARRITASUNERAKO INDUSTRIALIZAZIO-METODOLOGIA” proiektuari esker.
Iñaki Iraola Gorostidi, Katealegaiako unitate teknikoko zuzendaria, elkarrizketatu dugu
Nola sortu zen KL Katealegaia?
KL Katealegaia irabazi-asmorik gabeko lan-sozietate bat da, duela 45 urte baino gehiago sortua; desgaitasunen bat duten eta baztertze-arriskua duten pertsonentzat Gipuzkoan kalitatezko enplegua sortzea eta mantentzea da gure helburua. 12 lantoki ditugu Gipuzkoan, eta 1.000 pertsona ingururekin egiten dugu lan.
Industria-jardueran dihardugu, eta, zehazki, sektore hauetan: mugikortasuna, automobilgintza, energia, igogailuak, sarbide-kontroleko sistemak, etxeko erosotasun-sistemak, elektronika, etab. Haien bidez, Gipuzkoako eta inguruko enpresa nagusi gehienei ematen diegu zerbitzua.
“Aukerak sortuz”. Desgaitasunen bat duten eta baztertzeko arriskuan dauden pertsonentzako kalitatezko enplegu-aukerak sortzen ditu KL Katealegaiak. Nola egituratzen du KL Katealegaiak enpresa-eredua eta zein dira haren funtsezko balioak?
KL interes sozialeko lan-sozietate bat da, eta erakundea osatzen dugun pertsonak bazkideak gara; horri esker, proiektuak denboran irauteko konpromisoa indartzen dugu. Balio hauek aplikatzen ditugu eguneroko lanean: gardentasuna, partaidetza, guztion ongizatea eta etengabeko hobekuntza. Epe ertaineko ikuspegia dugu, eta enplegagarritasun-premiak dituzten pertsonak dira beti kudeaketaren ardatza.

KL Katealegaiak konpromiso sendoa du dibertsitatearekin eta inklusioarekin, eta laneratze eraginkorra eta arrakastatsua lortzea da haren helburu nagusia. Zer motatako zerbitzuak eskaintzen dituzue?
KL Katealegaiak orientazio-zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen die desgaitasunen bat duten pertsonei, haien enplegagarritasuna hobetzeko. Horretarako, lehenbizi, pertsonaren gaitasunak identifikatzen dira, elkarrizketen eta laguntza-tresnen bidez. Lehen balorazio horren ondoren, ibilbide egokiena diseinatzen dugu harekin batera (bai KL Katealegaiaren instalazioetan bertan enplegua eskainiz, bai beste aukera batzuetara bideratuta); modu horretan, haren enplegu-premietara ondoen egokitzen diren baliabideak eskaintzen dizkiogu.
Zertan oinarritzen da enpresako aniztasunaren 2025eko Mutualia Saria jaso duen “GAITASUN DESBERDINAK DITUZTEN PERTSONEN ENPLEGAGARRITASUNERAKO INDUSTRIALIZAZIO-METODOLOGIA” proiektua?
KL Katealegaiak kalitate handiagoko zerbitzu integralagoa eskaini nahi die bezeroei. KLk garatzen dituen ekoizpen-prozesuak gero eta konplexuagoak eta zorrotzagoak dira.
“KLko lantaldea osatzen duten gaitasun desberdineko pertsonek dituzten premiei erantzuteko landu zen metodologia.”
Nola sortu zen proiektua, eta noiz hasi zen aplikatzen?
Gaur egun, lehen baino askoz modu osoagoan kudeatzen dira aukerak. Orain, diziplinarteko talde batek aztertzen du prozesua zenbateraino den egingarria, eta 360 º-ko egokitzera bideratutako ekintza-plan bat garatzen du (prozesua, ingurunea, sarbidea, ergonomia, etab.).
Prozesua ezarri zenetik, 8 proiektu berri industrializatu dira erakundean, eta zailtasun bereziak dituzten 50 pertsonari baino gehiagori eman zaie enplegua.
Zer hobekuntza lortu dira ezarri zenetik?
Hauek nabarmenduko nituzke:
- Industrializatze bizkorra eta eraginkorra. Jarduera hasi arteko denbora minimizatzea eta enplegua sortzea eta mantentzea ahalbidetzea.
- Diziplinarteko koordinazioa hobetzea erakundean; erantzun bizkorragoa dakar berekin alderdi honek.
- Lan-ingurunea hobetzea: argiztatzea, higiene-kondizioak (zarata, tenperatura).
- Hobekuntza ergonomikoak: kargak manipulatzea saihestea, aulki espezifikoak egokitzea, nekearen aurkako alfonbrak erabiltzea, tresnen erabilerak eragindako karga fisikoa murriztea eta exoeskeletoak egokitzea.
- Irisgarritasun-hobekuntzak instalazioetan.
- Informazioa eskuratzearen inguruko hobekuntzak: irakurketa erraza jarraibideetan, pantaila egokituak, bideoak zeinu-hizkuntzan, etab.
- Kontziliazioaren esparruko egokitzapena hobetzea: ordutegiak, garraioa erraztea, lanaldiak egokitzea.
Proiektuaren eredua beste enpresa batzuetan erabiltzeko modukoa da?
Kudeaketaren oinarria pertsonetan duten edozein motatako erakundeetan aplika daiteke metodologia.
“Metodologia integratzaile eta inklusiboa da, eta ez du inor baztertzen generoa, adina eta desgaitasuna direla eta.”
Metodologia horretan erabiltzen den tresnetako bat (Urratsez Urrats) gure webgunean dago GRUPOKL, jende guztiarentzat eskuragarri.

