Itzuli

Elkarrizketa Iratxe Ijalba Mutualiako Informazio Sistemetako zuzendariari 

“Inoiz nekatzen ez den laguntzaile gaindotatu bat izatearen parekoa da AA” 

Zer da adimen artifiziala? 

Makinek gizakien moduan jokatzeko eta haiek egiten duten berdina egiteko duten ahalmena da adimen artifiziala: erabakiak hartu, ikasi, hitz egin, gauza berriak sortu… gaitasun hori izateaz gainera, informazio-bolumen handiak azter ditzake, eta problema konplexuak ebatzi.  

Gaur egun adimen artifizialak inguratuta bizi gara, eta, batzuetan, jakin ere ez dakigu. Badaki zer gustatzen zaigun, eta interesatu dakizkigukeen gauzak iradokitzen dizkigu; adibidez, musika, Spotify erabiltzen dugunean; filmak, Netflix ikusten ari garenean; eta gure gustukoak izan daitezkeen edukiak sare sozialetan… Ia gidaririk behar ez duten autoak erabiltzen ditugu, bezeroarentzako arreta-zerbitzu automatizatuekin hitz egiten dugu, edo gure mugikorreko ahots-laguntzailearekin. 

AA eremu asko eta askotan erabil daiteke; inoiz nekatzen ez den laguntzaile gaindotatu baten modukoa da. Liburu bat eman diezaiokezu, buruz ikas dezan; ondoren, protagonistei edo argudioari buruzko edozein galdera egin diezaiokezu; nahi baduzu, ideia edo pasarte berriak eska diezazkiokezu, liburuko protagonistekin sor ditzan. Orain, imajinatu ezazu gauza bera, baina zure enpresako prozedura eta informazio guztiarekin. Enpresetako kudeaketa-lana denbora gutxian aldatuko da. Prozesuak hobetzen, baliabideak optimizatzen eta negozio-aukera berriak sortzen lagunduko digu. 

“AAk iraultza ekarriko du enpresa-sektore guztietan, baina osasungintzak izango du aldaketa disruptiboena.” 

Nola aplikatzen da adimen artifiziala osasungintzaren sektorean? 

Adimen artifizialak aplikazio ugari ditu osasungintzaren sektorean: gaixotasunak diagnostikatzen eta tratatzen lagundu dezake, pazientearentzako laguntzaileak eta urruneko medikuntza sor ditzake eta kudeaketa- eta prebentzio-lanak egin ditzake. Kasu zehatzak erakuste aldera, adimen artifizialean oinarrituta Mutualian garatu ditugun adimen hiru proiektu berritzaile aipatuko dizkizut:  

  • Lehenik eta behin, AA erabili dugu datu masiboak tratatzeko: Kontingentzia arruntengatiko bajei buruz genituen datu guztiekin elikatu dugu AA.  Informazio horrekin, baja bat jasotzen dugun bakoitzean, kalkulatu dezakegu pazienteak gutxi gorabehera alta noiz hartuko duen, haren patologiaren eta zenbait aldagairen arabera (zer sektoretan lan egiten duen, adina…). Eta emaitza hori medikuak erabil dezake, pazienteen jarraipena egiteko. 
  • Beste proiektu bat da AA hizkuntzaren arloan erabiltzea: Mutualiak euskarazko larrialdi-txostena eman nahi die hizkuntza lehenetsi gisa euskara duten pazienteei. AAri esker, inprimatzen diren unean bertan itzul daitezke txosten horiek euskarara. Hala, bi txosten ematen dizkiegu pazienteei, bata euskaraz eta bestea, jatorrizkoa, gaztelaniaz. 
  • Azkenik, irudi erradiologikoak tratatzeko erabili dugu AA: Erradiografia bat egiten dugunean, AAk aztertu egiten du, eta lauki batekin markatzen ditu aurkitzen dituen haustura, isuri eta hezur-lesio guztiak. Medikuak tresna hori erabiltzen du diagnostiko zehatzagoa egiteko eta denbora aurrezteko. 

Horietaz gainera, zer proiektu aurreikusten dituzue etorkizunerako? 

Zenbait proiektu ditugu buruan, baina adimen artifizial sortzailean oinarritutakoek liluratzen naute bereziki. Iruditzen zait teknologia iraultzailea izango dela eta gaur egungo lan egiteko modua aldatuko duela. 

Zer da adimen artifizial sortzailea?  

“Adimen artifizial sortzaile esaten zaio AA gai denean bere kabuz ikasteko, eskura duen informazioan oinarrituta, eta lehen ez zegoen informazio berria eta originala sortzeko.”  

Datu-kantitate handiak erabiltzen ditu (besteak beste, argazkiak, testuak eta musika), eta datu horietan patroiak eta egiturak ezagutzen ikasten du. Gero, ezagutza hori erabiltzen du eduki berria sortzeko; eduki horrek ikasi duenaren antza du, baina erabat originala da. 

Adibidez, AA sortzaile bati Van Goghen margolan mordo bat ematen badiozu, haren estiloa ikasi eta hark egina dirudien pintura berri bat sortu ahal izango du, aurretik inoiz izan ez dena. Edo Beethovenen musika nolakoa den irakasten badiozu, gai izango da haren estiloko sinfonia bat sortzeko. Artikuluen zirriborroak idatz ditzake, elkarrizketa bat izan dezake edozein hizkuntzatan, grafikoak diseinatu eta programa informatikoak egin ditzake, bai eta produktu berriak asmatzen lagundu ere. Eta abantaila handiena da ez duzula teknologian aditua izan behar adimen artifizial sortzailea erabiltzeko; guztion eskura dago Interneten. 

Zer arrisku ditu teknologia honek? 

Teknologia guztiek bezala, adimen artifizial sortzaileak bere arriskuak eta erronkak ditu, eta modu arduratsuan eta etikoan erabili behar da.  

Adibidez, pertsonen eta erakundeen izen onari, konfiantzari eta segurtasunari eragin diezaiekeen eduki faltsua, iruzurrezkoa eta kaltegarria sortzea saihestu behar da.  

Halaber, AA entrenatzeko erabiltzen diren datu originalen sortzaileen egile-eskubideak errespetatu behar dira, plagioak eta bidegabeko jabetzeak saihesteko.  

Horregatik, garrantzitsua da teknologia honen erabilerari buruzko arauak eta printzipioak ezarriko dituzten araudi, ikuskapen eta hezkuntza egokiak izatea.  

Mugak garbi ditugunean, teknologia modu positiboan eta gizartearen alde erabiltzea sustatu behar da, lagungarria baita arazoak konpontzeko, balioa sortzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko. 

Elkarrizketa: Iratxe Ijalba

Lotutako berriak