javier ballester
Itzuli

Elkarrizketa Javier Ballester jaunarekin. Fluidoen Mekanikako katedraduna da Zaragozako Unibertsitateko Ingeniaritza eta Arkitektura Eskolan.

2020an, COVID-19aren krisia hasi zen. Horrek behartu egin gaitu, bai enpresak bai horietako profesionalak, lan-prozedurak egokitzera, ordura arte ezezaguna zen errealitate aldakor eta ziurgabetasunez betetako batera. 

Denbora honetan, Mutualiako Prebentzio Aholkularitzan saiatu gara gure enpresa elkartuetako langileei gai horri buruzko lanabesak eta ezagutzak ematen. 

Ildo horri jarraituz, solasaldia egin dugu Javier Ballester jaunarekin. Fluidoen Mekanikako katedraduna da Zaragozako Unibertsitateko Ingeniaritza eta Arkitektura Eskolan; ikerlari ospetsua da, eta leku itxien aireztatzeari buruzko gida osatu du, beste batzuekin batera.  

Zer harreman dago COVID-19aren eta aerosolen artean?  

COVID-19az kutsatutako pertsona batek gaitza transmiti dezake, arnastean, hitz egitean, eztul egitean… eratutako tantatxoetan dauden birusen bitartez. Tantatxo horiek tamaina askotakoak dira, mikra baten hamarren batzuetatik hasi (milimetro batean 1.000 mikra daude) eta are milimetro batetik gora ere. Aerosol deitzen zaie 100 mikratik beherako tamaina (milimetro baten hamarrena) duten tantatxoei; izan ere, hain txikiak direnez, luzaroan egon daitezke airean, suspentsioan. Adibidez, 10 mikrako tantatxo bat 8 minutu baino gehiago egon daiteke lurrera erori gabe. Beraz, aerosolak airean esekita geratzen dira eta gela osoan barrena mugi daitezke, eta, hala, edozein pertsonak arnas ditzake areto berean dagoen kutsatutako pertsona batek botatako birusdun aerosol horiek. Ideia hori ulertuz gero, ederki arrazoitu dezakegu zeintzuk diren neurririk egokienak barneko guneetan gaudenean geure burua babesteko: tartea uztea, maskara erabiltzea eta kanpoko aireaz barrua haizeberritzea.           

Nolakoa izan behar du aireztatze egokiak barneko gune batean? 

Aireztatzen ez badugu, beste pertsona batzuek arnastutako airea biltzen da gelan. Horren barruan daude botatako aerosolak, zeinek birusak izan litzaketen, kutsatutako pertsonaren bat balego. Kanpoko aireaz egindako aireztatzeari esker gelako atmosfera berritzea lortzen da, eta, horrela, birusik gabeko airea sartu eta bertakoen arnasek kutsatu duten airea kanporatzen da. Nahikoa aireztatuz gero, asko murriztuko da beste pertsonek dagoeneko arnastu duten aire-kantitatea, eta, horrenbestez, kutsatzeko arriskua ere bai.       

Nola jakin dezakegu barneko gune bat ongi aireztatuta ote dagoen? 

Printzipioz, leihoetatik sartzen den kanpoko aire-kantitatea neurtu beharko genuke, edo, aireztatze zentralizatua izatekotan, sabaiko difusoreetatik sartzen dena. Hori oso zaila da, baina zorionez badago modu erraz eta fidagarri bat aireztatzea nahikoa den jakiteko: COkontzentrazioa neurtzea. Arnastean karbono-dioxidoa (CO2) botatzen dugu; hala, gelan dagoen CO2 kantitateak zuzenean adierazten du zenbat aire arnastu den jada, eta, ondorioz, kutsagarriak izan daitezkeen aerosolen presentziaren berri ematen digu. Aerosol-kopurua neurtzea oso zaila da eta ekipamendu espezializatua behar da horretarako; aldiz, CO2 kontzentrazioa neurtzeko erabil ditzakegun ekipamendu fidagarri eta merkeak daude.   

Argitu beharra dago karbono-dioxidoa ez dela gas toxikoa (oso kontzentrazio altuetan ez bada), eta pertsonen arnasketak eragindako airearen kutsadura neurtzeko besterik ez dela baliatzen. Naturan, CO2 kontzentrazioa 420 ppm (parteak milioiko) ingurukoa da, eta, hortaz, balio horrek adierazten du airea guztiz garbi dagoela. Gela batean 2.000 ppm-ko kontzentrazioa dagoela neurtuz gero, horrek esan nahi du bertan daudenek airearen % 4 inguru arnastu dutela dagoeneko; hori oso arrisku handia litzateke, kutsatutako pertsonaren bat balego. Aireztatzeko kanpoko airea erabiltzea gomendatzen da, CO2 kontzentrazioa 700 ppm-tik behera egoteko adina. Horrek esan nahi du jadanik arnastutako airea % 0,7 dela; arriskua ez da guztiz desagertzen, baina aireztatzerik gabe egongo litzatekeena baina askoz txikiagoa da. Gainera, egiazta daiteke aireztatze naturalarekin ere ia beti lor daitekeela 700 ppm-ko muga nahiko erraz errespetatzea, besterik gabe leihoak hein bat zabalduz.  

Nola funtzionatzen dute CO2 neurgailuek? 

CO2-a neurtzeko beti gomendatzen da NDIR (infragorri ez-sakabanatzailea) motako sentsoreak erabiltzea, zeinek neurketa fidagarria ematen duten 100-150 €-ko kostuaren truke. Badira sentsore elektrokimikodun ekipamenduak ere, apur bat merkeagoak, baina ez da aholkatzen horrelakorik erabiltzea, haien fidagarritasuna txikiagoa dela frogatu baita. NDIR motako sentsoreen funtsa da gasek argia xurgatzeko ahalmena dutela, gas bakoitzaren kasuan uhin-luzera espezifiko batekin. Gelako airea sentsorearen barrura sartzen denean, hoditxo bat zeharkatzen du, zeinak mutur batean argi-igorgailu bat duen, eta, beste muturrean, argi-detektagailu bat. Azken horrek jasotzen duen argiaren intentsitatea zenbat eta txikiagoa izan, aireko CO2 kontzentrazioa handiagoa den seinale. Behar bezala kalibratuta, neurgailu horiek modu fidagarrian erabil daitezke barneko guneetako aireztatze-maila ezagutzeko eta doitzeko. Betiere, garrantzitsua da leku egokian jartzea, neurketa gelako airearen erakusgarri izan dadin. Bereziki, airearen sarbideetatik (leihoak, ateak, sabaiko difusoreak) urruti jarri behar dira, baita pertsonengandik ere, arnastean botatzen dugun aireko CO2 kontzentrazioa askoz handiagoa baita giroan dagoena baino, eta horrek okerreko neurria emango bailiguke.   

Azkenaldian albiste kontrajarriak iritsi zaizkigu erabili beharreko maskara-motez. Zein da maskararik egokiena, eta nola erabili behar da? 

Maskara iragazki bat da, zeinak, behar bezala funtzionatzen badu, birusak eduki litzaketen aerosolen portzentaje handi bat atxiki dezakeen. Funtzionamendu egokia bi faktoreren menpekoa da batez ere: maskararen beraren materiala, eta jartzeko modua.  

Maskararen eta aurpegiaren arteko itxitura perfektua balitz, aerosolak atxikitzeko efikazia materialaren araberakoa litzateke. FFP2 motakoek oso efikazia handia dute: gutxienez % 94koa mikra-hamarren batzuetako aerosolentzat, eta % 100etik gertukoa bai mikra-hamarren batetik behera bai mikra batetik gora. Kirurgikoek efikazia txikiagoa dute (gutxi gorabehera % 60-70ekoa mikra-hamarrenekin, eta % 95erainokoa mikra gutxi batzuen kasuan), baina, egoki jarriz gero, behar bezalako babesa ematen dute arriskua oso handia ez den egoeretan.    

Baina benetako jokabidea oso desberdina da, maskara jartzen dugun moduaren araberakoa. Doitzea sekula ez da perfektua, eta, ondorioz, airearen zati bat iragazi gabe sartzen da. Tarte txiki bat nahikoa da airearen erdia (edo gehiago) zirrikitu horietatik sartzeko, eta horrek erdira (edo gutxiagora) jaisten du iragazketaren eraginkortasuna. Horregatik, maskara-mota bezain garrantzitsua da hura ongi doitzea. Jartzean, segurtatu behar dugu tarterik ez dagoela, batez ere okerrago doitu ohi den lekuetan; sudurrean eta masailetan, esate baterako. Ukimenaren bidez egiaztatzeaz gain, arnasa barneratzean maskara ez deformatzeak esan nahi du airea iragazi gabe sartzen ari dela. Iragazpen-efikazia txikiagoa izateaz gain, maskara kirurgikoen desabantaila bat da okerrago doitzen direla FFP2 motakoak baino, adibidez. Halaber, badaude maskararen gainean jar daitezkeen eta ingurua ixten laguntzen duten osagarriak.       

Garrantzitsua da maskarak babes egokia ematen duela ziurtatzea, arrisku handieneko tokietan batik bat: jende gehiago dabilenetan, aireztatze eskasagoa dutenetan, pertsonen arteko distantzia laburragoa den kasuetan edo denbora luzeagoa emango dugunetan. Kasu horietan beharrezkoagoa da ahalegina egitea efikazia handiko maskara bat (FFP2) aukeratzeko eta doitze egokia segurtatzeko.        

Bestalde, joan den martxoaren 24an Javierrek parte hartu zuen Mutualiak antolatutako “Aerosolak eta COVID-19a” mintegian. Jardunaldian, aukera izan genuen COVID-19aren aire bidezko transmisioaren aurreko prebentzioaren oinarriak eta neurri garrantzitsuenak ezagutzeko. Javierrek lagundu zigun ulertzen aireztatze-sistemen beharra eta efikazia, barneko guneetan baliabide eraginkorrak baitira, bai eta iragazpen zentralizatu edo eramangarri bidezko aerosolen desagerraraztea ulertzen ere. Horrez gainera, maskaren erabileraren eta ezaugarri gaurkotuen berri eman zigun, transmisioa saihesteko funtsezko baliabide direnez gero.  

Galdu bazenuen, jardunaldiaren bideoa ikustera gonbidatzen zaitugu.  

Lotutako berriak